EUSKERA, BESTELA EZ GERA | Pernandoren egiak · 2013-03-18
-
Upload
galerna-sarean -
Category
Documents
-
view
220 -
download
5
description
Transcript of EUSKERA, BESTELA EZ GERA | Pernandoren egiak · 2013-03-18
Azken hilabetean, asteazkenero, euskeraren inguruan lanean dabiltzan lau adituren hitzaldiak entzuteko
parada izan dugu Alondegian. Kike Amonarriz, Jone Miren Hernandez, Andoni Egaña eta Belen Uranga
zumaiarra izan dira hurrenez hurren, gure belarrien gozagarri eta buruen astinaldi. Honako hauek dira, nire
iritzi, kezka eta ideiak dena murtxikatu eta gero. Esan gabe doa, ez naizela inongo aditu edo katedratiko.
Euskera ez dago hain egoera txarrean diotenez, beste hizkuntzekin alderatuz goikaldean dago. Teknologia
berrietan aurkitu du bere tokia, gero eta jende gehiagok daki, jende inplikatua dabil aurrera atera nahian.
Baina etsai oso gogorrak ditugu, gaztelania eta frantsesa, eta azken urteetan indarra hartzen dabilen
ingelesa. Inguruan hizkuntza hegemoniko eta potenteak ditugunez, hoien aurrean txikiaren konplexua
sartzen zaigu. Bada garaia konplexuak alde batera uzteko!
Nire pertzepzioa da, gure aurreko belaunaldiarentzat pausu garrantzitsuak eman direla. Gero eta jende
gehiagok ulertzen du euskeraz, nahiz ez erabili. Garaipen handia da baina gailurra oso urruti dago. Baina
belaunaldi hori inflexio puntu batetara heldu da. Gure belaunaldiari dagokigu euskeraren alde egotetik
euskeraz bizitzeko pausua ematea. Askotan zaila izango da baina sorpresa bikainak eraman ditzakezu,
Euskal Herriko txokoetan euskeraz hasiz gero.
Erabilera igotzen hasteko, nire ustez, erakarpena beharrezkoa iruditzen zait. Hitzaldietan azaldu den
motibazioak erakarpena izan behar du. Mingaina zorrotza du euskerak baina beste hizkuntzen eraginez
kamusten ari da. Iseka egiteko beste hizkuntzetara egin ohi dugu salto! Egia ote da Aitorren hizkuntz zaharra
“biraorikan ez duan hizkuntza garbia” dela? Ez! Bada garaia mingainak berriz ere zorrozteko.
Gure hizkuntzak duen erakarpen indarrik handiena niretzako hitanoa da. Hau garatu beharko genuke
erabilera sustatzeko. Lagunen arteko argot moduan hartzen da, oso gure egiten baitugu. Bakoitzak bere
ingurukoekin, bere hurbilenekoekin, belaunaldiak errespetatuz gehienetan. Erabat zorrozten du
euskaldunaren mingaina hitanoak. Nire irudipena da edo hitanoa egiten den herrietan dago gaur egunean
osasuntsuen euskera?
Eskoletan ere, aurrerapena nabarmena izan da. Beharrezkoak dira eskolak gaur egungo egoera
soziolinguistikoa ulertzeko. Lege bidez eragin daitekeen toki bat da, nahiz eta azkenaldian hautsak harrotu
dituen lege bat plazaratu nahian dabiltzan. Baina akats bat ikusten diot eskoletan euskerari ematen zaion
garrantziari: eskolen desprestigioa. Gazte askok eskola ez dute ikusten etorkizunerako edo bizitzarako
ikasbidai, zerbait inposatua, aspergarria eta derrigorrezko bezala baizik. Eta euskera eskolarekin lotzean,
kalerako hizkuntza beste bat hartzen dute. Hausnarketa sakona behar duen gaia dela deritzot.
Eta hitzaldietan asko hitz egin da hizkuntza hegemoniko eta kolapsoei buruz baina euskeraren inguruan ere
egin beharko litzateke hausnarketa bera. Euskera batuaren eraginez, pixkanaka euskalkiak galtzen doazen
sentsazioa dut. Denok ulertzeko eta uniformizatzeko sortu zen euskara batua. Ideia oso ona iruditzen zait,
ikusi besterik ez dago hala idatzi dudala, baina arrisku bat ikusten diot: hizkuntza akademikoegia eta
kirurgikoegia izan daiteke. Euskalkiak landu behar dira, bakoitzak berea. Lokaletik globalerako efektua egia
bihur dadin Euskal Herri mailan ere. Denok askoz ere erosoago sentitzen gara gure euskalkietan. Badago
erakarpen indarra, lotuago, hurbilago sentitzen gara, komunitatea komunitatearen barruan.
Zuei zer iruditzen zaizue? Zein da euskerak hartu behar duen bidea? Zerk egingo du erakargarri euskera?