Post on 18-Nov-2014
ARGUDIO ETA AZALPEN TESTUEN
BILDUMA ETA AZTERKETA
1
SARRERA
Urtero bezala, batxilerreko bigarren mailako ikasleei testu mota ezberdinak eskura ematen dizkiegu, horien definizio, ezaugarri zein egiturez jabe daitezen. Eta, askotan gertatzen zaigu, testu apropos eta eguneroko direnen bila dihardugula sutsu, testu horiek dituzten ezaugarriak ahalik eta argien irakasteko, eskola barruko ordutegiak uzten dizkigun bitarteak aprobetxatuta. Hala ere, dugun sentsazioa da testu landu gehiagoko bilduma beharko genukeela ikaslearen onerako. Horregatik, ikastaro honetako proiektuan testuak bildu eta horien sailkapena eta azterketa egingo ditugu. Ugariak izan arren azter daitezkeen testu motak, guk azalpen eta argudio moteei emango diegu lehentasuna. Dena dela, astirik izanez gero, saiatuko ginateke bestelako testuetan ere erreparatzen.
HELBURUAK
—Ikasleak testu mota bakoitzeko hainbat idazlan eskura ditzala, formaz ezberdinak badira ere, egituraz antzekoak izan daitezkeenak.
—Testu horien ezaugarriak ahalik eta errazen ikas ditzala ikasleak.
—Ikasleak berak testuak sortu behar dituenerako errekurtsoak izan ditzala.
—Material hau erabiliko duen irakasleari lana erraztea.
2
ARGUDIO TESTUAK
DEFINIZIOA
Norberaren iritzia defendatzeko edo besteena errefusatzeko arrazoizko testua. Erabat subjektiboak izaten dira.
EGITURA
Hiru pauso nagusi jarraitzen ditu halako testu batek: hasierako tesia, tratatu nahi den gaia datorren zatia; argudioaren gorputza, tesia defendatzeko ematen diren arrazoiak; tesi berria edo ondorioak. Egitura hori ez da beti horrela betetzen —bertsolaritza kasu: ideia nagusia amaieran agertzen delako gehienetan—. Igorleak berak antolatuko du diskurtsoaren ideen ordena. Horren ildotik izango genituzke: testu induktiboak, arrazoietatik hasita gaia den ondoriora iritsiko direnak; deduktiboek, ordea, hasieran tesia emango dute, ostean arrazoia emateko; eta, azkenik, zirkularrak, tesia edo ideia nagusia hasieran zein bukaeran ematen dutenak.
ARGUDIO MOTAK
Autoritate argudioa: pertsona ospetsuen edo instituzio baten aipua egiten denean, norberaren argudioari indarra ematearren.
Iritzi orokorraren argudioa: herriaren aipua, giza talde batek esana edo onartua dela esaten denean, igorle-hartzailearen arteko komunikazioa sustatzeko: “gu” erabiltzea “ni” izenordainaren ordez...
Zentzuzkoaren argudioa: giza adimena eta logika hartzen dira argudioen sostengu, zentzungabekeriatik, absurdotik libratu garela esateko.
Adibideen bidezko argudioa: esperientzia, datu, edota ipuinek aberastu eta indartu besterik ez dute egingo gure arrazonamendua, sinesgarria gerta dakien hartzaileei.
Analogiazko argudioa: defendatu nahi den eta beste baten arteko konparaketa, hain zuzen ere, gureari indar berezia eranstearren.
3
Aurkarien kontrako argudioa: pertsonen izen ona hondatzeko, aurkakoaren argudioak errefusatu beharrean, haren izaera edo nortasuna dira kolokan jartzen direnak.
EZAUGARRI MORFOSINTAKTIKO ETA TESTUALAK
1. Ezaugarri morfosintaktikoak
Esan, uste, iritzi, argudiatu, erantzun, errefusatu, gure ustez, gure aburuz, zera pentsatzen dut... motatako aditz eta adierazpenak sarritan erabiliko dira.
Menderakuntzazko perpausak ugariak izango dira, batez ere kausalak eta kontzesiboak; era berean, juntaduraren bidezko perpaus eta juntagailuak hainbatetan agertuko zaizkigu.
Era askotako laguntzaileak erabiliko dira (adjektiboak eta aposizioak) testuak argiagoak izan daitezen.
Lehenengo pertsona plurala eta plural maiestatikoa asko erabiliko da.
Subjuntiboko aditz formak eta aditz perifrasikoak ere sarritan aurkituko ditugu.
2. Ezaugarri lexiko-semantikoak
Esanahi bakarreko ez diren hitzen erabilera, igorlearen subjektibotasuna handitzeko. Beste batzuetan, ordea, kontzeptu bat bera modu askotara ager daiteke, testuaren argitasunaren mesederako.
Zenbait baliabide erretorikoen erabilera: anaforak, elipsiak, paralelismoak, metafora, metonimia, antitesia...
Hitzak behin eta berriz birdefinitzen dira, ulergarritasunaren aldera.
Formulak, kultismoak, aipuak etab. erabiltzea.
3. Testu mailako ezaugarriak
Antolatzaile ugari izango dira, arrazoiak lotzeko eta konklusioak emateko balio dutelako:
—Arrazoiak emateko: gainera, baita ere, are gehiago, ez hori bakarrik, batetik...bestetik, -(en)ez, -(e)lako...—Arrazoiak kontrajartzeko: baina, hala ere, edozein modutan, dena den, nahiz eta...—Konklusiorako: beraz, horrela, laburbilduz, ondorio gisa, horregatik, hori guztia dela eta..
Igorle-hartzailearen jokoak garrantzia du, igorlearen aurkezpenean, zein hartzailearen tratamenduan.
4
Egituran garrantzi handia du tesien eta argudioen gorputzak. Beste idazle batzuen aipu, erreferentzia edo iruzkinak sarritan ageri dira.
5
ARGUDIO TESTUEN IRUZKINAK
INDARKERIA, HAURREN BEGITAN
6
Ezagutzen ditut nik Osetiako eskolako sarraskiaren irudiak agertu
zirenean telebista itzali zuten gurasoak, alboan zituzten haurrek
tragedia hura ikusi ez zezaten. Erreakzio hori bat-batekoa da, ez da
aurretik ikasitako jarrera, ez denboraz pentsatutako erabakia.
Galdera ezin bestekoa da: Zergatik gurasoek mozten dituzte
Txetxeniako terroristen ekintzak eta ez, ostera, esate baterako,
Terminator-en gehiegikeriak edo Markoren larrialdiak?
Ba lehenengoak egiazkoak direlako eta bigarrenak, aldiz, fikzioa
baino ez. Eta esaera zaharrak besterik dioen arren, errealitatea beti
delako fikzioa baino gehiago. Onerako edo txarrerako.
Zenbait film eta telebista-programaren fikziozko biolentziak, sexuak
eta morboak sarri eragin izaten dituzte kritika, polemika eta kexu
asko, egiazko biolentziak, sexuak eta morboak inor gutxi
asaldarazten duten bitartean. Berrogeiren bat urte dira zenbait
komunikabide-aditu hasi zirena esaten errealitatea (zentzurik
zabalenean) fikzioa baino askoz ere eraginkorragoa zela eta, beraz,
baita dezente arriskutsuagoa ere.
Glasgow Unibertsitateko soziologoa zen 1986 urtean niri esan
zidana, Eskoziako haurrengan eragin kaltegarriago zutela Ipar
Irlandatik jasotzen zituzten albisteetako informazio-bideoek, film
amerikarrik gogorrenaren biolentzia-irudiek baino. Hala ere, ez
gizarte zibilak eta ez politikoak ez dute sekula polemika hau biztu
nahi izan. Errazago, erosoago eta... demagogoagoa da telebistetako
programatzaileei errua leporatzea.
Haurrak umeak dira baina ez ergelak. Haurrek badakite zer den
errealitatea eta zer den fikzioa. Haurrek badakite Osetiako haurrak
eurak bezain benetakoak direna eta, beraz, eurei ere gerta
dakiekeena. Haurrek ondotxo dakite Matrixen desintegrazioak joko
digital distiratsuak baino ez direna eta Beslango gimnasio zaharra,
ostera, bene-benetakoa. Haurrek badakite gaur egungo zenbait
“reality” gau erdiko pornoa baino lizunago eta obszenoagoak
direna.
Eta, Osetiako irudiei esker, badirudi azkenean gurasoek ere ikasi
dutela.
7
Amatino,2004ko irailaren 10a, DEIA egunkaria
TESTU IRUZKINA
Komunikazio egoera. Deia izeneko egunkarian 2004ko irailaren 4an argitaratutako artikulu honen bidez, Amatiño idazleak hauxe adierazi nahi digu: umeek ondotxo dakitela errealitatea eta fikzioa bereizten. Gaiaz ardura duen edozein eta egunkari hori erosten duena da hartzailea. Xedeari dagokionez, Amatiñok argi utzi nahi digu umeek erraztasunez eta inork irakatsi gabeko bereizketa hori (errealitatea/fikzioa) berehalakoan egiten dutela.
Testuak betetzen dituen funtzioez esango dugu ezagutze funtzioaz gain, funtzio konatiboa dela nagusi; lehenengoa, errealitatean gertatutako berriez diharduenean erabiliko du; bestea, ordea, elementu horiekin guztiekin baliaturik bere iritzia defendatzen duenean:“ Osetiako eskolako sarraskiaren irudiak”, errealitateko jazoera“...haurrek ondotxo dakite Matrixen desintegrazioak joko digital distiratsuak baino ez direna (...)”.
Igorlea gehienetan ez da testuan sartzen, aparte geratzen da arazoa berari gertatuko ez balitzaio bezala : “...ezagutzen ditut (...) gurasoak”, “Zergatik gurasoek mozten dituzte (...)?”. Hala ere, gaia ez zaiola arrotza egiten esateko “ni”, “niri”, “Ezagutzen dut” eratako formak erabiltzen ditu. Beraz, horrekin lortuko luke gaiarekiko oreka hurbiltze-urruntze horretan.
Erabiltzen dituen argudio motak adibideen bidezkoak eta autoritate argudioak dira gehien bat. Sarreran, Osetiako eskolako umeek sufritu zuten sarraskiaz dihardu. Adibide horrek balioko dio gaia sendotzeko. Bere iritziari indar handiagoa emateko “…zenbait komunikabide aditu (…)” edo “…Glasgow Unibertsitateko soziologoa zen (...)” autoritate argudioak erabiliko ditu, horiek esan dutena eta horiengandik entzun duena arrazoi sendotzat emateko. Konparaketa argudioek ere indartuko dute bere tesia, akziozko filmak (Terminator-en gehiegikeriak dio) albistegietako bideoekin konparatzen dituenean
Testuaren egiturari dagokionez, sarrera modura Osetiako eskolako sarraskiaren adibidea emango du; segidan, gaia plazaratzen duen galdera erretoriko batez datorkigu: Zergatik moztu haurrei sarraski errealen irudiak direnean eta ez sarraski birtualak direnean?
Ondorengo paragrafoetan, argudioaren arrazoiak emango dizkigu egileak; lehengo, esaera zaharrean oinarritzen duena: errealitatea fikzioa baino gehiago da. Segidan, arrazoi hori sustatuko duena emango
8
digu: “...telebistako fikziozko biolentziak zer gutxi asaldarazten duen inor (...)”, berriro ere “....errealitatea fikzioa baino eraginkorragoa (...)” dela esateko. Hirugarren, Glasgow unibertsitateko soziologoari entzundakoa dakarkigu; ideia bera da, baina Eskozian albisteetako informazio-bideoek umeengan duten eragin kaltegarriaren berri ematen digu. Azkenik, ondorioa dakar: “haurrak ez dira ergelak, badakite zer den errealitatea eta fikzioa”.
Argi dago igorleak gaiaren erreferente asko duela, adibideetan islatu digun moduan, eta filmetako biolentzia asaldagarri asko ezagun dituela ( “Terminator filmak”, ” Markoren larrialdia”, “Matrixen desintegrazioa”).
Elementu morfosintaktikoei dagokienez , “Ezagutzen dut” aditzarekin hasiko du testua. Era horretako aditz gehiago ere agertuko zaizkigu, ugariak ez izan arren: “Esaera zaharrak besterik dioen arren (...)”, “...zenbait komunikabide-aditu hasi zirena esaten (...)”, ”...1986 urtean niri esan zidana,(...)”.
Konparaketa argudiorako aproposa izateagatik, era horretako perpausak maiz erabiltzen ditu: “errealitatea beti delako fikzioa baino gehiago”, “...askoz ere eraginkorragoa zela(...)”eta “...arriskutsuagoa ere (...)”. Egokiak ere izango ditu esaldi kontzesiboak, eta “bitartean” menderagailuaren bidezko kontzesiboak eta denborazkoak: “esaera zaharrak besterik dioen arren”, “...inor gutxi asaldarazten duten bitartean”. Elementu horien bidez, igorleak errealitatea eta fikzioaren artean dagoen aldea azpimarratu nahi du. Zergatizko perpaus batzuk ere badaude arrazoi txikiak ematen dituenean: “...egiazkoak direlako” adibidez.
Erabilitako aditzak, gehienak, orain aldian eta indikatiboan aurkituko ditugu, gaur eguneko benetako errealitatea islatzen ahalegintzen delako, ez duelako hipotesirik ematen: “Ez da ikasitako”, “mozten dituzte”, “umeak dira” eta “ez dute sekula”. Horien bidez, defendatu nahi duen tesiak indar handiagoa hartzen du. Hala ere, badaude iraganeko zenbait aditz memento bateko adibideak ematen dituenerako: “...irudiak agertu zirenean (...)”eta “hasi zirena”. Subjuntiboaren erabilera urriak helburua adierazteko balioko dio.
Testu osoa lehengo pertsonaren ikuspuntutik ikusita badago ere (“Ezagutzen ditut”, “niri esan zidana”), igorleak garrantzia eta indar berezia eman nahi dio besteek egiten dutenari, “gurasoak”, “umeak”; igorleak ez du bere burua pertsona talde horien artean sartzen.
Elementu lexiko-semantikoei dagokienez , ugariak dira ikus—entzunekoekin zerikusia dutenak: “Terminator-en gehiegikeria”, “Markoren larrialdia”, “film”, “telebista-programa”, “komunikabide-aditu”, “Matrixen desintegrazioa”, “reality”, etab. Beti ere hizpide duen gaiarekin lotutakoak diren neurrian. Bestetik, “errealitate” eta “fikzioa” hitzak behin eta berriz errepikatuko dira, horren gainekoa baita Amatiñok aurrera dakarkigun gaia, ea umeek bereizten duten bien arteko aldea.
Aipamen berezia merezi du testuaren azkenean agertzen den konparaketa: Haurrek badakite gaur egungo zenbait “reality” gau
9
erdiko pornoa baino lizunago eta obszenoago direna”, aurrean esandako konparaketak nahikoak izan ez balira, zein ondo bereizten dituzten haurrek azpimarratzearren.
Testu mailako elementuei dagokienez, erabilitako lokailuak (“ostera”, “lehenengoan”, “bigarrenean” , “hala ere”, “baina”) aurkaritzakoak dira bi ideien arteko ezberdintasuna azpimarratzeko; izan ere, konparaketa argudioa da nagusi. Igorleak ideiak ordenan eman ditu, era koherente batean; adibideek eman diote argudioari pisua eta arrazoinamendua, nahiz eta argudioak ugariak ez izan. Era berean ondo lotu ditu adibide eta ideiak berak nahi izan duen ondoriora iristeko.
Ondorio modura, Amatiñok zenbait adibideen bitartez argi utzi nahi izan du gurasoak behingoan konturatu direla beren seme-alabek badakitela errealitatea eta fikzioa bereizten. Horretarako, denontzat ezagunak eta deigarriak izan diren telebistako albisteak zein filmak ekarri dizkigu gogora. Hala ere, zeregin horretatik aparte utzi du bere burua.
ZERGATIK EGITEN DUTE ERDARAZ EUSKAL GAZTEEK
Lehengo egunean Deustuko unibertsitatean eztabaida edo elkarrizketa bat izan genuen. Gazteek ez dutela euskaraz egiten.
Hori unibertsitatean bertan ikusten dugu. 14.000 bat ikasle ditugu hemen eta euskaraz jakin arren, eskuarki beraien artean erdaraz egiten dute.
10
Badira salbuespen txalogarriak. Deitoragarri da, ordea, Euskal Filologiako ikasle
etan ere, batzuek erdaraz egiten dutela ikustea.
Dena dela, gaitzerdi euskal gazteek bakarrik erdaraz egingo balute. Euskaraz dakiten nagusiak ere erdaraz aritzen dira.
Jakina, horrela hondamendira goaz. Ez dakitenek ez dute euskaraz egingo eta dakitenek ez badute egiten, hor ez dago segidarik.
Esaera den bezala, gaitzari behar duen erremedioa eman behar zaio. Gure kontuan aurreneko galdera hauxe da: zergatik euskaraz dakitenek ez dute euskaraz egiten.
Gure artean batek hauxe esan zuen: «Batzuek erdaraz egitea ohoretzat daukate». Hots, erdaraz egitea dotoreago iruditzen zaiela, euskaraz egitea baino.
Gehienoi hau ez zela arrazoia iruditzen zitzaigun. Izan ere, euskara orain ez da lehen bezala gizajo edo ezjakinen hizkuntza. Aitzitik, euskara intelektualen, unibertsitateko jendearen eta ikasien hizkuntza da.
Zoritxarrez, Euskal Herriko jende xeha, ezjakina, pobrea da euskaraz ez dakiena. Prostitutek, drogazaleek, miserian bizi diren etorkinek, gizarteaz kanpo dabiltzan gaizkileek ez dakite euskaraz. Euskaraz mintzo den gizartea goi mailako gizartea da.
Etorkin batek behin esan zigun bezala:
-Euskara luxua da. Zuek luxu hori izan dezakezue. Guk ezin dugu luxu hori geure egin. Gu Euskal Herrira bizimodua ateratzera etorri gara. Euskara luxu bat da. Beharrezkoarekin konformatu behar gara, gaztelaniarekin.
Egungo egunean -hor aldaketa handia gertatu da- euskaraz eginez zeure burua dotore, argi, ikasia egiten duzu. Eta euskalduna zarela erakusten. Eta egia esan, Euskal Herrian euskaldun izatea, erdaldun izatea baino dotoreago eta estimatuago da.
Garai batean gauzak oso diferenteak ziren. Baziren euskaraz ongi jakin eta erdaraz ez zekitenak. Horiek batzuetan gizajo konplexua izaten zuten. Orain ordea, euskaraz dakitenek badakite erdaraz ere eta erdaldun hutsak baino gorago daudela sumatzen dute:
-Nik erdaraz eta euskaraz dakit. Zu baino jantziago naiz.
Oraindik egongo dira banaka batzuk erdaraz eginez bere burua goratu egiten dutela uste dutenak. Nafarroako eta Iparraldeko baserrietan ikusi dut hori. Gero eta gutxiago, baina.
11
Hegoaldean kontua oso diferente da. Hemen beste arrazoi bat aurkitu behar dugu. Eta arrazoia oso sinplea eta begi bistakoa da: gehienek erdaraz egiten dute ERRAZAGO EGITEN DUTELAKO.
Erdaraz erraz egiten dute eta euskaraz nekez.
Hau entzun eta berehalaxe galdetzen genuen: Zergatik egiten dute erdaraz errazago?
Arrazoi asko dago. Batzuek euskaraz ez dute sekula ondo ikasi. Erdal familietan jaio dira eta ikastolan ikasi duten euskara azalean gelditu zaie.
Hau batez ere hiri handietan ikusten da. Gurasoek ez dakite euskaraz baina haurrak ikastolara edo ikastetxera bidaltzen dituzte, euskaraz ikas dezaten. Ikastola barruan dauden bitartean pixka bat egiten dute baina ikastolatik irten eta berriz ere erdaraz. Etxean erdaraz, kalean erdaraz, telebistan erdaraz.
Erdal giroan bizi denak erdaraz errazago egingo du. Nola eskatu pertsona bati euskaraz egiteko, erdaraz errazago egiten badu? Ez dago eskubiderik horretarako. Hizkuntzak barreneko aberastasuna erakusteko dira. Erdaraz hobeki moldatzen bazara, erdaraz egingo duzu.
Hemen, baserritarrek esaten duten bezala, etengabeko soka bat gertatzen da, puska ezinezko katea (circulo vicioso). Errazago egiten dutelako, erdaraz egiten dute. Eta euskaraz egiten ez dutelako euskara gero eta zailago egiten zaie. Erdaraz gero eta errazago, euskaraz gero eta nekezago.
Gotzon Garate . Berria 2005-02-03
TESTU IRUZKINA
12
Komunikazio egoera . Testuaren igorlea Gotzon Garate dugu. Bere kezka nagusia euskaraz dakitenek erdaraz zergatik egiten duten aztertzea da. Erraztasuna da igorleak ematen digun arrazoi nagusiena. Hartzailea, euskararen erabileraz ardura erakusten duen edonor izan daiteke, eta, noski, egunkari hori irakurriko lukeena. Xedeak izenburuarekin bat egiten du: zergati horiek aztertu, arinen kontura gaitezen egoera aldatzeko gaitasuna geure eskuetan dagoela, guk geuk sortu behar dugula euskarazko erraztasun hori.
Testuak betetzen duen funtziorik garrantzitsuena eragilea edo konatiboa da, irakurlearengan ardura sortu nahi duelako, pentsarazi egin nahi diolako, jokabidez alda dadin.
Igorlearen presentzia, irakasle den neurrian, sarreran aurkituko dugu, “Deustuko unibertsitatean eztabaida edo elkarrizketa bat izan genuen”, ”...gure kontuan (...)”. Baina arazoa aurkezten digunean, ikasleek sortzen dituzten egoerak izatean, bere burua kanpoan uzten du, besteena da arazoa, ez berea: “...euskal gazteek bakarrik euskaraz egingo balute (…)” eta “euskaraz dakiten nagusiak ere euskaraz aritzen dira”.
Hala ere, igorlearen presentzia erakusten duten modalizatzaileak ugariak dira testuan zehar. Batzuetan balorazioa ematen du “gaitzerdi (...)”; beste batzuetan baikor agertzen zaigu: “Badira salbuespen txalogarriak”; baina, gehienetan gaiaren aurrean ezkor ageri zaigu: “Deitoragarria da (...)”, “Zoritxarrez (...)”, “Jakina, horrela hondamendira goaz.”, “Ez dago eskubiderik (...)”. Zenbaitetan hartzailea ere inplikaturik agertzen da, haren gaiarekiko arreta lortzeko: “...euskara eginez zeure burua dotore, argi, ikasia egiten duzu”.
Testuaren egiturari dagokionean sarrera eta hasierako tesia hauxe dugu: “Euskaraz dakitenek zergatik ez dute euskaraz egiten?”. Sarrera modura, unibertsitatean, eta, batez ere, Euskal Filologiako ikasleek hainbeste erdara egiten dutelako harridura agertzen digu Gotzonek.
Argudioaren gorputza: Konparaketa argudioak erabiliz, garai bateko euskaldunen erdaraz egiteko zergatiak gaur egun aldatu egin direla dio igorleak. Gaur egun, euskara ez da pobre edo marjinatuen hizkuntza, are gehiago, luxua da, jakituria handiagotzeko bidea da. Garai batean gehiago ziren erdaraz kaxkar egiten zutenak; gaur egun, ordea, erdara ere jakiteak erdaldun hutsa dakitenen gainetik jartzen gaitu. Hala ere, egun erdaraz egiteko arrazoirik nagusiena errazago egiten dela da. Eta dauden arrazoi askoren artean bi aukeratuko ditu igorleak: euskaraz sekula ondo ikasi ez dutenen kasua, eta erdal giroan bizi direnak erdaraz errazago mintzatuko direnena.Tesi berria edo ondorioa: Etengabeko soka izango da gertatzen dena, “Erdaraz gero eta errazago, euskaraz gero eta nekezago”.
Erabilitako argudio mota ugariena analogiarena, konparaketarena dugu, horren bidez adierazi nahi digulako garai bateko arrazoiak
13
zenbat aldatu diren: “...euskara orain ez da lehen bezala gizajo edo ezjakinen hizkuntza”, “Egungo egunean –hor aldaketa handia gertatu da- euskaraz eginez (...)”, “Garai batean gauzak oso diferenteak ziren (...). Orain, ordea, (...)”. Iritzi orokorraren argudioa ere ageri zaigu: “Gehienoi hau ez zela arrazoia iruditzen zitzaigun.” garai bateko argudioa egun inork ez lukeela onartuko esateko.
Adibideen bidezko argudio nabarmena dugu etorkinarena kontatzen digunean, haren ahotik , barretz: “Euskara luxua da (...) guk ezin dugu luxu hori geure egin (..)”, esaldia da egoeraren aldatze hori agerian uzten duena; eta orduko euskaraz ez egiteko arrazoiak ez dirautela indarrean adierazteko.
Maila fonikoan. Sekuentzia foniko arrotza parentesi artean ageri zaigu testuaren azkenean erdal esaera ematen digunean (circulo vicioso) euskarazkoaren aurrean duen espresioa argiago gera dadin : “etengabeko soka, puska ezinezko katea”
Maila morfosintaktikoan. Igorleak 1. pertsona singularra erabili beharrean, nahiago du plurala erabili: “izan genuen”, “ikusten dugu”, “gure kontuan”, “esan zigun” eta “aurkitu behar dugu”, defendatu nahi duen tesia sineskorragoa egitearren, denok pentsatzen duguna balitz bezala. Baina, gehienetan, arazoaz ari denean, 3. pertsona plurala erabili nahiago du: “dakitenek”, “egiten dute”, “bizi diren”, “sumatzen dute”. Bestetik, Gotzon Garateren iritziak direla argi ikusi arren, ez da “uste”, “iritzi” edo “–elakoan” eratako aditzik, ezta egiturarik ere ematen. Seguruenik eskaintzen dizkigun arrazoi eta esperientziak egiazkotzat jotzen dituelako, azalpen itxura eman nahian.
Erabilitako perpaus motei dagokienez, atentzioa ematen du iritzia izatean zein konpletibo gutxi ageri den, azalpen itxura eman nahi diolako testuari, agian, paperera dakarkigun egoera egia santua balitz bezala. Era berean deigarria da testuari eman dion estruktura: paragrafo laburretan bilduta dauden esaldi labur eta bakunez josia, paragrafo laburretan bilduta daudenak.
Hala ere, ageri diren menpeko perpausik ugarienak erlatiboak dira zehaztasunak emateko balio dizkiolako gehien bat, adibidez: “...gaitzari behar duen erremedioa eman behar zaio”, “...miserian bizi diren etorkinek (...)”, “...gizarteaz kanpo dabiltzan gaizkileek (...)”, “...erdaraz ez zekitenak” eta abar. Konparaketa sustatzeko perpaus mota aproposenak kontzesiboak eta konparaziozkoak izaten diren neurrian horrelako batzuk aurkituko ditugu: “...euskaraz jakin arren”, “...erdaldun hutsak baino gorago daudela sumatzen dute”, baina egoera bien arteko parekatze lan hori adierazteko kontrako antolatzaileez baliatuko da gehien bat: “Dena dela”, “ordea”, “aitzitik”.... Beste perpaus mota batzuk ere ageri dira, hala nola, helburuzkoak: “...euskaraz ikas dezaten”, “Nola eskatu pertsona bati euskaraz egiteko (...)”; denborazkoak: “Ikastola barruan dauden bitartean (...)”; eta kausazkoak: “..ERREZAGO EGITEN DUTELAKO”.
14
Maila lexiko semantikoan. Lexiko aldetik euskara/erdara oposizioa sarritan ageri da, bi hitz horien erabileraren ingurukoa baita gaia. Hala, ikaskuntzari buruzkoak ere agertuko zaizkigu maiz: ikasle, irakasle, ikastola, haurrak, hizkuntza jakin, ikasi... Bestetik, ez dago adiera bikoitza duen hitzik, Gotzon Garatek argitasunez erakutsi nahi digulako egoeraren zergatia, azalpen itxura emanez, egia biribila balitz bezala, eta errealitatean gertatzen den ekintza batzen ariko balitz moduan.
Elementu erretorikoei dagokienez, testuaren amaieran agertzen den metafora bakarra aipagarria da: “...etengabeko soka bat gertatzen da, puska ezinezko katea”. Aipagarria ere bada azkeneko esaldia, testuaren mamia biribiltzeko erabilia, esaera zahar itxuran idatzia: “Erdaraz gero eta errazago, euskaraz gero eta nekezago”
Testu mailako elementuak.Testuko ideiak planifikazio jakina jarraitu dute. Hasieran, sarrera modukoa erabili du gaia aipatzeko, eta ondoren zergatietara jo du; garai bateko zergatiak aztertu ondoren, gaur egunekoak bestelakoak direla esaten digu; azkenik, erdaraz errazago zergatik egiten deneko arrazoiak emango dizkigu igorleak. Deigarria da paragrafoen ugaritasuna, igorleak apropos erabilitako estrategia izan daiteke, irakurleen arreta bereganatzeko, irakurtzeko errazago izan daitekeelakoan .
Lokailuen erabilerari dagokionez, modu egokian jarri ditu batez ere kontrakotasuna adierazteko uneetan :”Dena dela, gaitzerdi euskal gazteek bakarrik erdaraz egingo balute”, “Orain, ordea, euskaraz dakitenek badakite erdaraz (...)”. Gainontzeko lokailu askorik ez dago, esaldiak justaposizioz, edota emendiozko juntagailuz lotzen baititu. Puntua da ikur ortografiko erabiliena, testuari kohesioa eman diezaiokeen neurrian erabilia izan baita hori. Zentzu horretan testu koherentea dela esan dezakegu.
Ondorioa. Gotzon Garatek argudio testu honen bidez adierazi nahi digu egungo gazteek, eta, batez ere, gazte euskaldunek erdaraz zergatik egiten duten; arrazoitu egiten du, berarentzat egia osoa bailitzan; horregatik eman nahi dio, akaso, azalpen itxura, nahiz eta igorlearen ikuspuntu ezkorra nabari geratu, batez ere, sarreran. Beraz, erdaraz ekitearen arrazoiak ez direla antzinakoak diosku, horretan aldatu egin direla gaurko ikasle gazteak, zoritxarrez, erraztasunagatik baino ez baitute erdaraz egiten.
15
METROSEXUALA
Gizakiak betidanik pertsegitu du edertasuna. Nartzisok, esaterako,
bere kabuz bilatu zuen uraren azalean. Tamalez, gu ez gara uraren
isla hutsarekin konformatzen. Hartara, modaren joan-etorrietan
babestu gara betiko edertasunaren, betiko gaztetasunaren esperoan.
Modaren tentakuluek molde berri bat ekarri digute oraingoan:
metrosexula. Ez dakit euskaraz hitza aintzat hartuko duen
Euskaltzaindiak. Metrosexuala, metrosexualitatea edo
metrasexualkeria. “Greñasexual” ere entzun dut nonbait. Dirudienez,
indarrean dagoen espeziea dugu metrosexualarena. Nolabait
esatearren, bere irudiaz ardura berezia hartzen duen gizonezkoari
esaten zaio hala. Maila emateko, ezinbestekoa du moda eta kosmetika
16
gaietan aditua izatea. Hobe krema eta arropen zientzietan doktore-
tesia badu.
Errepikatzearen errepikatzez, eta telebistan entzutearen entzutez,
azkenerako barneratu egin dugu kontzeptua. Berehala gainera.
Ezusteko sinismen honi susmo txarra hartu nion hasieratik. Nori
interesatzen zaio hau guztia? Uka ezina da metrosexualitateak
gehiago erantzuten diola merkatu estrategia bati, egiazko eredu bati
baino. Bestela esanda, marka jakin batzuek edertasun arloko
produktuen kontsumitzaile konpultsibo bihurtu nahi dute gizona.
Orain artean behar bezala ustiatu gabeko sektorea izaki.
Modernotasunaren kontura, bezero berriak lortu ditu industriak.
Tamalez, modernoak izatera kondenatuak gaude.
Ez pentsa gizonak bere irudia zaintzearen aurka nagoenik; jakina
zaindu behar duela. Zaindu bai, baina ez irudi horren esklabo bihurtu.
Nahikoa totem faltsu gurtzen ditugu dagoeneko.
Aritz Gorrotxategi
Diario Vasco, 2004/11/15
EZ DITUT AUTOAK MAITE... BAINA
World Series Bilbon antolatu izanak hainbat kexu sortu du. Edozein
ekimenek beharrezko du kritika eta ez naiz ni auto-lasterketak
defenditzen hasiko, aspergarriak iruditzeaz gainera ez naiz-eta nire
autoaren matrikula eta zilindrada buruz ikasteko ere sekula gauza
izan.
Honek ez du esangura, ostera, Bilboko egitasmoaz jabetu behar ez
dudanik, zein testuingurutan eratzen den konturatzen ez naizenik
eta, hain zuzen ere, testuinguru horrekin bat ez natorrenik.
17
Bilboko antolaketa kritikatzen hasi aurretik jakin beharrekoa da
espainiar auto-mozio sektorearen %25 Euskal Autonomi Erkidegoan
dagoela eta euskal sektore estrategikoa dela, 280 enpresa (%80
txikiak) eta 43.700 langile (1993an, 34.100) biltzen dituena.
Estrategikoak esan nahi du apustuak egin behar direla, ikerkuntza,
garapena eta era-berrikuntza suspertu eta, besteak beste, arriskuak
hartu, inbertsioak egin eta aukera berriak kirikatu.
Auskalo Bilboko egitaraua ekimenik onena ote den, baina sikeran
onartu beharra dago World Series lasterketa hau koherente
samarra dela gure industriarekin, ez dela perretxikoa bailitzan
nolabaiteko basamorturen batean sortu alegia. Bilbao Urban
Zirkuituaren zergatia aztertzerakoan ezin ahaztu Azkoitian
indarrean ari den Epsilon Euskadi enpresa-egitasmoa, injineru
bereziak prestatzeko Mondragon Unibertsitatearen masterra eta
orain 15 egun eskas Euskalduna Jauregian bertan eratutako
nazioarteko kongresua auto-mozio elektronikoaz.
Gero eta merkatu globaldunago honetan, euskal industriaren
etorkizuna gure lantegiek garatu dezaketen balio erantsiari atxikia
dago. Eta balio erantsi hori ez da sailean egindako berebil
merkeetan sustatuko, puntaren puntako goi-teknologian baino.
Beste kontua bat da zirkuituaren zaratak eta eragozpenak
kristorenak ote diren, edota Bilboko ostalaritzari mapa mundian
agertzea komeni ote zaion. Baina, zer gerta ere, ukaezina da gure
BPGren %16 auto-mozioari zor diogula, onerako nahiz txarrerako.
Amatino, Deia, 2005/07/18
PIPER BERDE FRIJITUAK
Giza izakiak daukan beldurrik paralizanteenetako bat bere
sozietatetik, bere inguru txiki zein handitik baztertuta gelditzeari dion
beldurra omen da. Ez besteak bezalakoa izatea ez izatea, hor nonbait,
askorentzat.
18
Gizarte fenomeno gehienak, esango nuke, esplikatzen ditu beldur-izu
horrek. Adibidez, horrek esplikatzen du parte handi batean zergatik
gure haurrak txiki-txikitatik eskoletan sartzen ditugun.
Gorrotatu arren, ez du jende larriak lana laga nahi; ez beti gustatu
arren eskola, ez dugu nahi umemokoa kalean gelditu dadin... kalean
ez delako haurrik!
Gaurko Egiaren parte ezin diskutitu eta ezin ebitatuzkoa da: eskola
behar da. Ez dago seme-alabentzako egiarik eskolatik kanpo.
Ez dugu kemenik, une batez bada ere, sistematik kanpo-aldean jarri,
eskola zertarako den ikusi eta harritzeko hartaz. Ez dugu haurrak,
aldi batez bada ere, eskolara ez eramateko kemenik.
Eskolak haurren gogoak lixatu eta kamustu egiten ditu. Imajinazioa
piztu baino gehiago atrofiatu egiten du. Alabaina imajinaziorik gabe
zelan da justizia sortuko munduan?
Sozietateak injustuak direlako, sozietatean sartzeko haurrak usteldu
behar dira.
Eskolak haurrak sozietatean sar daitezen preparatzen ditu, ez ditu
preparatzen sozietate diferente, justuago bat eraiki dezaten.
Eskolaren bitartez eta gure konplizitateaz, legezko hiltze bat
gertatzen ari da: makinarako preparatzen ari diren haurren gogoen
hilketa prematuroa.
Ikusi dut Magreben, arestian irakurri dut El Luteren liburu
autobiografikoan: eskolarik zapaldu ez dutenen nahikaria, beren
haurrak, eurak ez bezala, eskolara daitezen.
Bertan ere, eskola hain ebidentea ez zen denbora batean, gurasorik
19
«aurrerazaleenek» ere, seme-alabentzako «onena» nahi eta, eurak
bezala baserrian gelditu gabe, eskolara zitezen nahi zuten.
Eskola jakituriarekin lotu izan baita. Izenik oroitzen ez dudan
Argentinako film batean, aita batek bere semeari, «ikasten segi
zezan» animatuz: «¿No te gusta que te manden, verdad? Cuanto más
sepas menos te van a mandar». Gustatu zitzaidan, apuntatu nuen,
arrazoi ederra da.
Aldi berean, ordea, Magrebeko lagunek, El Lutek ere, familia lehen
zen edo oraindik orain den bezalakoa izatea nahi dute, ez dira
aspertzen haren goraipatzeaz. Eta ez dute kontrola batere maite. Eta
hor badateke inkonpatiblezko zerbait...
Beste aldean, berriz, eskola ezagutzen dutenak (eta, noski, inkietoak
direnak) daude. Eskola kontrol mekanismo tresnatzat ikusten dute
hauek. Ikus adibidez Michael Gold-en Judíos sin dinero liburua, edo
Jules Valles-ena, L'enfant. (Bigarren horretan bazen hitz bat, le préau,
hiztegian begiratu behar izan nuena: «m Patio (de prisión)/ Sala (f)
grande en las escuelas».)
Denborak aurrera, alde batetik ohitu egin gara, bestetik kartzelak
perfekzionatu egin dira eta, haurrak gozoago joaten dira orain: haur
txikiak pozik-edo joaten dira, goxoki baten promesaz uzten ditugu,
andereñoek zuri-zuri hartzen dituzte, poliki engainatuta dauzkagu!
Handitzen direnean baizik ez dira konprenitzen hasten...
Mohamed Kacimi-el-Hassanik, À la claire indépendance bere
narrazioan, Aljeriako herri bateko haurrek independentzia ondoko
egunetan egin zutena kontatzen digu: eskola «Frantziaren gauza»
zelakoan, eta beraz orain, eskolan egon beharrik ez dutelakoan,
eskapaldi masibo bat egiten dute.
20
Hari beretik, haurrek protagonizatzen zuten eta CNTren idea
printzipalen errepasoa egiten zuen ¡
Nosotros somos así komedia musikalak (Valentin R. Gonzalez,
Bartzelona, 1936) bazuen elementu komiko bat printzipalki: haur
guztien esperantza eroa, iraultzak matematiken irakaskuntza suprimi
zezan!
Esan bezala, denborak ez dira alferrik igarotzen. Guk harropuzkeriaz
gure txikitako «azainak» kontatzen dizkiegularik, gaurko haurrek, ba
al dute piperrik egitea? Fabrika idorretan legez, «hirugarren
piperrarekin, kalera!»
Kurtso honi begira, eskolaurrera (enpresaurrera) joatekoa den hiru
urteko haur baten gurasoei maistrak esana: «Bederatzitan etorri
behar dute, bederatziak eta bostean ateak itxiko dira». Gurasoak,
gustuz, izan ere, amaitu da «udako desordena», itzuli da
«normalidadea»...
Begiratzen dugu, bada, «betiko ez lasaiok» Afrikara, kasu (gure
inguruan dagoeneko apenas dugun nora begiratu), bai baitakigu zer-
edo-zer oso inportantea galtzen ari garela. Zer-edo-zer hori da...
libertatea. Eskola, lana, ongizate materiala... libertatearen truke
saltzen dizkigu makinak. Intsumisioa? Desobedientzia? Nagoen isilik.
21
ZELIAKOAK, LATEXA...
Orain dela aste pare bat irakurri genuen komunikabideetan zeliakoen
protestaren berri. Zeliakoak dira glutenik jan ezin dutenak, pozoia
baita beraientzat; zerealetatik eratorritako irinen ordezkoak asmatu
dira, zorionez, baina askoz garestiagoak dira besteak baino. Hori dela-
eta, beren elikadurarako diru-laguntza eskatzen zuten zeliakoek.
Horrekin gogoratu nintzen aurrekoan, lagun batek bere semearekin
izandako istorio koxkor bat kontatu zidanean. 16-17 urte bitartean
semeak, aita ere jator eta kontzientziaduna, eta mutikoarentzako
kondoiak erostea erabaki du nire lagunak, urte batzuk lehenago alaba
zaharragoarekin egin zuen bezala.
Eman dizkio kondoiak semeari, eta honek: "Aita, baina ahaztu al zaizu
latexari alergia diodala?". Aita lotsatuta: "Egia...". Zorionez, badira
latexik gabeko kondoiak ere, alergikoentzat hain zuzen, eta horiexen
bila joan zen nire laguna. Koxka bakarra, prezioa lau halakoa zela,
gutxienez.
"Kostatu zaidana kontuan hartuta, probetxu ona ateraiek behintzat",
esan zion aitak semeari.
Akaso zeliakoen antzera diru-laguntza eskatu beharko diote
gobernuari, osasun-arrazoiak direla-eta.
Xabier Mendiguren (Blog-etik) 2005eko urriaren 3a, astelehena
22
DIAGNOSTIKOAN DAGO EUSKARAREN SENDABIDEA
Historian zehar bazterrean bizitzera kondenatuta egon den hizkuntza
txiki(tu) bat hiztun eta alor berrietara zabaldu nahi denean, normala
ez ezik ezinbestekoa da hizkuntza horrek nola edo halako «kalitate»
galera bat pairatzea, hasiera batean behintzat. Hots, ezinezkoa da
hasiera-hasieratik eroso eta eraginkor gertatzea hizkuntza hori bere
hiztunentzat. Erabilerak egiten du hizkuntza bat «noranahiko», ez
dago munduan berez noranahiko den hizkuntzarik.
Azken urteotan —lurralde batzuetan behintzat— dezente hedatu da
euskara, eta hortik datorke gero eta jende gehiagoren ahotan dabilen
euskararen kalitate eskasiarena. Nago, ordea, kalitate galera guztia
ez dela ezinbesteko, eta sarri, horri aurre egin eta kalitate galerari
gutxieneko mailan eusten saiatu beharrean, ez ote diogun guk geuk,
geure jardunbideaz, kalitate galerari maldan behera bultza egiten.
Euskarazko gure jardunbideez ari naiz, Txirritarena gogoan: «erdara
ez zen bakarrik kapaz / euskarak lagundu dio». Alegia, badakidala ez
dela hori arazo bakarra, ez nagusia ere, baina utzidazue behintzat
esaten hori ere badela arazo. Hedabideetan eta hezkuntzan oker ari
garela, esaterako, aspalditxo ari gara esaten. Hamaika bider entzun
behar izan dut nire ezkorkeriaren betaurrekoek iluntzen didatela
berez ezinago argitsu den euskararen paisaia. Orain, ordea,
Hezkuntza Sailak esan du, eta hala izango da noski: hamasei urteko
23
ikasleen erdiak ere ez omen du euskaraz gutxieneko gaitasunik.
Arrazoi izatea ez da beti pozgarri izaten, ez horixe.
DBH 4ko 1.191 ikasleri egin omen zaio azterketa, idatziz eta ahoz, eta
duela gutxi plazaratu ditu Hezkuntza Sailak azterketa horren emaitza
tristeak. Datuak datu, hauteskunde eta audientzia emaitzekin bezala
gertatu da hemen ere: bakoitzak bere erara irakurri eta
interpretatzen ditu datuak. Nire irakurketa, ondoren garatuko ditudan
puntuotara errendi liteke.
1. Dirudienez, gehien-gehienek, Hezkuntza Sailak barne, orain arteko
hezkuntza ereduen porrota irakurri dute aipatu datuetan. Felix
Etxeberriak (Berria, 2005-05-04) areago dio: emaitzek argi eta garbi
erakusten omen dute irtenbidea A eta B ereduak kendu eta D eredua
indartzea dela. Izan ere, A eta B ereduetako ikasleen emaitzak baino
hobeak izan dira, bere kaxkarrean, D eredukoenak. Nik, egia esan, ez
dut ikusten inondik inora ondorio hori atera litekeenik. Are gehiago,
egia esan, D ereduko ikasleen emaitzak zaizkit kezkagarrienak:
ikasteko eta bizitzeko euskara hautatu duten ikasleenak, alegia.
Mundu horretan bizi bainaiz, mundu horrek kezkatzen nau. D ereduko
ikasleek nota hobea atera dutela? Ederra kontsolamendua!
2. Ez dakit, eta gustura jakingo nuke, zer nolako azterketa egin zaien
1.191 ikasle horiei. Tronpatuta egon naiteke, baina egingo nuke
galdera gehienak tankera honetakoak izan direla: «Zuk niri gauza
batzuk ekarriko ba...... / nik zuri eskerrak emango... ... bihotz-
bihotzez». Eta hala ere emaitza txarrak atera, alazankoa! Auskalo zer
gertatuko zen azterketa honelatsu izan balitz: «Lagun batek zuk
eskatutakoa ekarri dizu. Emazkiozu eskerrak zu lasaitu eta bera
hunkitzeko moduan».
3. Nire ustez, nota txarra atera duten alor horretantxe dira ikasleak
halere trebeen. Gordin esango dut: D ereduan 13 urte ibili eta gero,
euskarak ikasteko bakarrik balio die ikasle asko eta askori, eta
ikasteko euskarak bakarrik balio die, gainera. Gaztelerak ez die balio
ikasteko, baina gozatzeko gaztelerak bakarrik balio die. Hegoaldeko
datuak dira, eta hegoaldeaz ari naiz noski beti. Jendaurreko hizketaz
24
ikastaroren bat eman izan dudanean, nabarmen da Iparraldean
ikasitako jendeak sekulako aldea kentzen digula horretan (ere). Errua
gazteei ematea, hori da errazena. Zer ematen zaie, ordea, erruaz gain,
errudun izan ez daitezen? Zintzaizkioketeak, kuanto!
4. Gramatikatik kalamatrikara, zuzentasun antzutik egokitasun
eraginkorrera, goitik behera eta behetik gora irauli beharra dago, nire
ustez, euskara irakasteko modua, baina euskara ez diren beste
ikasgaietan ere euskarak behar luke izan irakasleak ebaluatzeko
irizpide nagusietakoa. Kimikaz jakin litekeen guzti-guztia dakien
irakaslea, esaterako, ni bezain kimika irakasle txarra da, baldin eta
kimikaz dakien hori komunikatzeko tresnak, euskarak, huts egiten
badio. Eta zer esanik ez filosofian, pertsuasioan edo kazetaritzan.
Felix Etxeberriak dioen bezala, denok gara hizkuntza irakasle. Izan
behar genuke, behintzat.
5. Asko dago egin eta hobetzeko eskolan, baina eskolari ezin zaio
erantzukizun osoa leporatu, horretan bat nator Koldo Izagirrerekin
(Berria, 2005-05-01). Iruzkintzen ari garen emaitzok ez dira eskolaren
porrota, gizarte osoarena baizik. Eskatu beharrekoa eskatu egin behar
zaio eskolari, ez gehiago ez gutxiago. Baina eskatzen zaion neurrian
eman ere egin behar zaio, baliabidetan eta irakasleen formakuntzan.
Baliteke nire kontsiderazio hauek ezkor begitantzea bati edo besteri.
Uste dut, ordea, diagnostikoa egitekoa ez dela baikor jokatzeko unea.
Pulmonia duen gaixoari katarro arin bat duela esatea ez da gaixo hori
sendatzeko modurik egokiena, aurren batean gezurra estimatuko
badigu ere. Arazoa onartzea ezinbestekoa da arazoa gaindituko bada.
Azken batean, euskara nolako, halako izango da gure mundua, George
Steinerrek maisuki zioenez sintaxi pobre batetik ez baitaiteke mundu
aberatsik sor. Hori da euskararen kalitatearen auzian jokoan
daukaguna.
Aspalditxo Txomin Artolarentzat idatzi nuen bezala, euskararen
mugak gure baitan daude gehienak, eta euskara zabalduaz zabalago
egiten gara. Oraintxe dugu, beraz, baikor izateko tenorea: ez
diagnostikoa egiterakoan, gaitzari aurre egiterakoan baizik.
25
JOXERRA GARZIA / EHUko irakaslea
LOTSA
Ezin dut gehiago. Negargura sentitzen dut, lotsa.
Hedabideetan, kalean, lagunartean... hitz berberak: «Gaixoak, zer
erru dute beraiek? Gosez daude, lan bila etorri dira, bizimodu hobea
besterik ez dute nahi, eta zer harrera egiten diete? Hesiak, kolpeak,
homizidioa». Denek dakite erantzukizuna nork duen: «Europako
Batasunaren utzikeria!», «Marokoko gobernu ankerra!», «Espainiako
gobernu konplizea!».
Eta ingurukoek nire kezkak baieztatuta, lasaixeago joaten naiz ohera.
Izan ere, Euskal Herrian ez gara horrelakoak. Gurean asiloak duen
esanahiaz jabetuta gaude, etxea behar duenari ateak zabaltzen
dizkiogu, eta diskriminatuari elkartasuna adierazten. Halakoak gara
gu, alajainkoa. 26
Erandion etorkin gazteentzako arreta zentrorik ez dutela zabalduko
irakurri dut. Bizilagunek lanak oztopatu eta erakundeak
«konbentzitu» dituzte gazteak beste norabait eramateko, handik
urrun. Etorkinak oldarkorrak eta balizko delitugileak direla diote,
auzokideetako batzuek txikizioa egiten duten bitartean. Batzuetan
buruak bere kabuz lotu ohi ditu pentsamenduak, eta, bat-batean, Lars
Von Trier-en “Dogville” filma gogora etorri zait, zeinetan emakume
protagonistak herritarrei lagundu eta, ordainetan, bortxatu eta
kateatu egiten duten.
Erandion izan da, baina ez naiz Erandioz ari. Leku guztietan zakurrak
hanka hutsik, dio esaerak. Eta niri lotsa eragiten dit, jendeak, neure
buruak.
Ainhoa Kortajarena
ITSUEN ESKUBIDEAK
Duela 14 urte geratu zen itsu Fidel Asensio, eta ordutik bizitza
normala egiteko borrokan dirau. Hilabeteak pasatu zituen nola bizi
behar zuen barneratzen. Itsu askok bezala, makilarekin moldatzen
ikasi zuen, eta hasieratik kaletik bakarrik ibiltzeko gai da. Lanera
itzuli zen eta, pixkanaka, eguneroko merituen ondorioz, mailaz
igotzen joan zen. Egun Madrilen egiten du lan. Astero hara joaten da
hegazkinez, eta ez du garraiatzeko inolako arazorik; eserlekura
eraman eta irteten laguntzen dion azafata bat baino ez du behar.
27
Joan den astelehenean, ordea, Air Nostrum-eko Mendez
komandanteak ez zion Sevilla-Bilbo hegaldira igotzen utzi. Itsua
delako eta bakarrik zihoalako. Gezurra badirudi ere, komandanteak ez
du jarrera hori itsuaren mesederako hartu. Ez, emandako arrazoi
bakarra zera izan da: itsu batek ezin du bakarrik hegazkinera igo.
Orokorrean, hegazkin konpainiek arreta berezia eskaintzen diete
minusbaliatu eta adin txikikoei, euren kabuz egin ez dezaketen
gauzetan laguntzeko. Hala ere, ez dago itsuek bakarrik bidaia ezin
dezaketela dioen araurik, ezta Air Nostrum-en ere.
Minusbaliatuak ezinduak dira guk ezindutzat hartzen ditugun
bitartean. Itsuak, elbarriak… gauza asko egiteko gai dira, uste
ditugunak baino gehiago. Ez badiegu uzten, ordea, euren eskubideak
urratu, duintasuna mindu eta baztertu egingo ditugu. Elbarri bat ez
da oztopo, ezintasunik ez dugunok oztopo bihurtzen ez badugu. Baina,
Mendez komandanteak Fidel Asensiok urteetan zehar egindako
ahalegin guztiak zapuztu ditu, huts bihurtu ditu, eta ezer egiteko gai
ez balitz bezala tratatu du. Asensio bidean jartzen zaizkion trabak
deusezteko gai izan bada, zein da Mendez jauna haren bidaiatzeko
eskubidea bertan behera uzteko?
Maite Asensio
EZ GARA ARDIAK
Uda sasoia da. Opor egunak ditu gero eta jende gehiagok, eta asko
kanpora ateratzen da. Gehienak, gainera, autoa hartuta. Eta autoen
atzealdean itsasten ditugun pegatinek ere bidaiatu egiten dute,
batetik bestera, erakutsi edota aldarrikatu nahi duguna edonon
ikusaraziz. 28
Espainiarrek zezen beltza erakusten dute autoetan, kataluniarrek
bertako astoa, eta hemen, guk ere zerbait behar dugula iritzita, ardiak
itsastea otu zaie batzuei. Ideia izan eta zabaldu egin dute, eta gero eta
arrakastatsuagoa da, gainera. Ardi latxak euro batean salduta aterako
duten dirua egitasmo euskaltzaleak laguntzera bideratuko dutela ere
nabarmendu dute asmatzaileek, eta ekimenari egokia iritzita, gero eta
lagun gehiago ari da autoetan ardiak paratzen.
Itsutu garelakoan nago. Euskaldunon nortasuna islatuko duen
animalia aukeratzen hasi, eta norbaiti ardia hautatzea bururatu zaio.
Mundua animaliaz beteta dago. Horoskopo txinatarri begiratu
besterik ez dago: arratoia, idia, herensugea, zaldia, untxia, sugea,
oilarra, eta beste dozenaka aukera ditugu inguruan begira hasita. Eta
ardia aukeratu behar: artaldean ibili eta otzana eta esanekoa den
animalia. Hori euskaldunon nortasunaren ikur moduan autoetan
saldoka jartzen hasi bagara, erotu egin gara, dudarik gabe.
Izan ere, eta besteen gezurrak sinesten hasita, jende ankerra eta
basatia, maltzurrak, lizunak, gaiztoak, mamirik gabeko gorputzak,
otsoak… Nahi duzuen guztia izango gara, eta baita are gehiago ere.
Baina ardiak ez behintzat!
Gari Berazaluze
PETROLIOA
29
Petrolioaren eta bere deribatuen prezioak gora egin du nabarmen
azken asteotan. Dirudienez, gorakadak mahai gainean jarri ditu orain
kontuan izan eta etorkizunerako hausnartu beharreko datuak. Halako
mehatxu serio batek ondorio ezin kaltegarriagoak izan litzake Euskal
Herriko eta mundu osoko ekonomiaren hazkundean. Bestalde,
etengabeko hazkundeak inflazioa izugarri puztea ekarriko du, izan
ere, karburanteen prezioaren gorakadak lotura zuzena baitu prezioen
egonkortasun ezarekin. Zergatik gertatzen da gauza berdina aldian-
aldian? Arrazoiak ugari dira: batetik, mundu mailako eskaera izugarri
igo da, Txina eta AEB inoizko kontsumo erritmo handienak izaten ari
direlako. Bestetik arrazoi politikoak daude: egungo egoera politikoak
Golko Pertsiarra planetako lurralderik ezegonkorrena bihurtzen du,
lurrotan munduko produkzioaren %40 lortzen den arren. Gainera,
gero Katrina urakana heldu zen... Onartu nahi ez izanagatik,
ziurgabetasun egoeraren arduradun nagusia AEBetako politika
zapaltzailea da eta egun Irak hankapean izan arren... auskalo, agian
bihar Iran izango da, munduko bigarren ekoizlerik handiena!
Hala ere, horiek ez dira arrazoi bakarrak. Nork ez daki petrolioa inoiz
bukatuko den energia-iturria dela? Ezin har genezake kontuan
energia-iturri bakarra. Izan ere, hain nabarmena da petrolioarekiko
dependentzia, ezen bere prezioa desorekatzen den bakoitzean, azken
asteotan bezala, gure ekonomien oinarriak dardarka jartzen diren.
Ezin jarrai dezakegu petrolioa kontsumitzen bere kontsumoa neurtu
eta energia-iturri berriak bilatu eta bultzatu gabe. Eta egon badaude.
Energia berriztagarriak, esaterako. Nazioarteko organismo batzuek -
NMFk, besteak beste, edo Europako hainbat gobernuk, Espainiakoak-,
aldiz, "etenaldi elektrikoak" erabiltzen dituzte petrolioaren prezioa igo
eta energia nuklearraren alde egiteko.
"Petrolioaren egungo prezioa ikusita, normala da energia nuklearra
egungo eredu energetikoaren parte izatea", azaldu berri du Rodrigo
Ratok, Alderdi Popularraren gobernuko ekonomia ministro ohi eta
egungo NMFren arduradun nagusia. Jakina da NMFk multinazional
30
handien interesen arabera jarduten duela, multinazional nuklearren
interesak ahaztu gabe. Espainiako egungo ministro sozialistak,
Montilla katalanak ere, antzeko adierazpenak egingo lituzke.
Hemengo Arzalluz eta Garaikoetxea ekartzen dizkigute gogora, duela
hogeitaka urte "uhazak eta kandelak" baino ez zituztenean ikusten
gure etorkizunean, Lemoizko zentral nuklearra martxan jarri ezean!
Biktima langileak. Egunero entzuten ditugu hainbat gobernu, talde
politiko eta gizarte eragileren diskurtsoak indarkeria politikoaren
"biktimen" parte bati buruz. Gogoan izaten dira, omenaldiak egiten
zaizkie, manifestazioak antolatzen dira, elkarretaratzeak, kalte-
ordainak ematen zaizkie, eta abar. Indarkeria politikoaren beste
biktima baztertu batzuez gain, badira egitura, patronal, gobernu edo
gizartearen indarkeria jasaten dutenak, bazterkeria sozial eta
politikoan ahaztuta bizi direnak: lan-istripuetako biktimak dira. Urte
honetan dagoeneko, gutxienez 67 pertsona hil dira lanean Euskal
Herrian. Eurek ere familiak izango dituzte, ezta? Zer egiten dute
gobernuek, talde politiko eta sozialek arazo horiek argitu eta
konpontzeko? Bizitzeko eskubidea eta begirunea ez omen da berdina
kasu guztietan. Errealitateak jatorri politikoko heriotzak
garrantzitsuagoak direla azaltzen du: eskubide gehiago dute, entzute
handiagoa izaten dute jendaurrean eta lan-istripuetan hildakoek baino
kalte-ordain handiagoak izaten dituzte. Hala ere, ezin ahantz
genezake langileen heriotzek ere jatorri politikoa dutela, hilen
arduradunek bizitza edozein kasutan babestu behar baitute. Lan
prekarietatea eta malgutasuna saihesteko legeak egitea ere
arduradun horien betebeharra da, euren eskuetan izaten baita
askotan lan-heriotzen kopurua murriztea.
GAMESAko aeronautika salgai. Aste honetan bertan Gamesa
taldearen Aeronautika sailaren jabe berria ezagut genezake, izan ere,
BBVA eta Iberdrolak nagusiki kontrolatutako administrazio
kontseiluak saltzea erabaki baitu. Salmentak eragin zuzena izango du
800 pertsonarengan eta zeharkakoa Gasteizeko eta hiriburu inguruko
31
milaka lanpostuetan. Enpresa aipatuak sektore eolikoan finkatu nahi
du negozioa eta hain errentagarri gertatzen ez zaion saila saldu
nahiko luke 140 milioi euro ingururen truke. Salmenta erakargarri
egiteko, Gamesa aeronautikako taldea "argaldu" nahian dabil, bertako
langileak beste enpresa batzuetara bidaliz, antolakuntza-egiturak
moldatuz, lan-baldintzak malgutuz, eta abar. Sindikatuak beldur dira
jabe berriek ez ote duten plantilla oraindik gehiago murriztuko.
Murrizketa are handiagoa izango litzateke jabe berriak sare
komertzialaz baino ez balira interesatuko. Aukera hori ezin liteke
ahaztu. Gamesaren estrategia bat dator bere jabeen filosofia
kapitalistarekin -gaur egun "neoliberal" esaten zaio-. Aeronautika
saila erosten dutenen filosofia ez da ezberdina izango. Zein izango ote
da sindikatu eta langileen filosofia praktikan?
2005eko Irailaren 18a - 2007. alea
32
KIROLA EGITEKO 25 ARRAZOI
Kirola egiteko 25 arrazoi liburuxkaren helburu nagusia jendea kirola
egitera animatzea da. Luis Mari Zulaika SHEE-IVEFeko irakaslea eta
Pedagogian doktorea da egilea. Berak aipatu digunez, «liburu honekin
nahi izan dut jendea konturatzea, kirola ona izateaz gain, gehiago
egin behar dela». Kirola egitearen onurak aldarrikatu nahi ditu, «eta
25 arrazoi azaltzen baditut ere, kantitateak ez du garrantzirik,
kalitateak baizik». Kirolaren ikuspegi alternatibo bat aldarrikatu nahi
du liburuxkan. «Hedabideetan eta gure gizartean kirolaren ikuspegi
bat bakarrik dagozabalduta, goi-mailakoa, profesionala dena. Kirola,
ordea, osasuntsua, hezitzailea izan daiteke; eta alde hori
hedabideetan ezkutatuta badago ere, ezagutarazi eta sustatu egin
nahi izan dut». Interesa duen edonorentzako liburuxka da, eta Kirola
egiteko 30 arrazoi lehen argitalpenaren jarraipena da. «Zorroztasun
zientifikoari ahal den neurrian eutsiz –dio Zulaikak–, kaleko
jendearentzat liburuxka irakurterraza, erakargarria kaleratzea zen
nire asmoa; irudi askorekin eta testu gutxirekin egindakoa». Kirola
egin ondo pasatzeko.
Egungo gizartean kirola lehiakortasunarekin, norgehiagokarekin,
lotzen da, «baina, liburu honen bidez, haurrei eta gaztetxoei erakutsi
nahi zaie kirola eginez ondo pasatu daitekeela. Argi utzi behar da
kirola zerbait ludikoa dela, gozatzeko eta lagun berriak egiteko balio
33
duela; azken batean, kirola jolasarekin lotu eta era horretan saldu
behar da».
Izan ere, Luis Mari Zulaikak onartu du gizarte sedentario batean
murgilduta gaudela; eta, haurrek ere, kotxea, autobusa edo beste
garraiobide batzuk erabiltzen dituzte batera edo bestera joateko.
Horrez gain, «aisialdiko jolasak erabat aldatu dira, estatikoak dira:
telebista, ordenagailua, jolasteko makinak, telefono mugikorrak...
Horrek guztiak sedentarismo-maila igoarazi egin du. Lehen, aldiz,
aisialdiko ekintzek gorputza mugiarazten zuten, motrizitatea lantzen
zen: harrapaketan jolasten zen, jauziak egin... ».Hortaz, kirolaren alde
ludikoa sustatu nahi du liburuxkak, baina egileak aitortu du «arlo
horretan ere lehiakortasun-giroa hedatzen ari dela. «Kirola egin,
egiteagatik –besterik gabe–, premisa hori galtzen ari da, eta
ahalegindu beharko genuke gozatzeko egiten kirola», dio Zulaikak.
Askok kirolean duten gainditzearen, hobetzearen printzipioa
«positiboa da psikologia eta pertsonaren ongizatearen aldetik –
adierazten du–, baldin eta obsesio edo patologia bihurtzen ez bada».
Mugi, kirolzale donostiarren astebetekaria, 2005eko otsaila
34
TURISMO IRAUNKORRA
Beste lurralde batzuetara joan, bertako jendea ezagutu, bidezidor eta
kaleetan barrena paseatu, debekatutakoa dastatu eta gastatzea...
udak horretarako eta beste askotarako ematen du bide eta beta.
Urtebetez lanean etengabe jardun ondoren, etxeko ekonomiaren
araberako bidaia bat antolatzeko tentazioan ez erortzea ez da kontu
samurra; are zailagoa, duela urte gutxi bertako biztanleek ezagutzen
zituzten toki zoragarrietan ustiakuntza turistikoak sustraitu diren
honetan.
Hala eta guztiz, turismoaren iraultza ez da beti liluragarria, toki
horietako askotxotan eragindako ondorioak ikusita: gehienean
gertatutako aldakuntza erabatekoa izan denez, herri eta eskualde
horiek ez dute zerikusirik orain dela urte gutxi ziren harekin, orain
tropelka, samaldan datozelako bisitariak, atseden-egarriz. Turismoa
bertako oinarri ekonomiko bihurtu da baina, horren ordainetan,
sekulako prezioa pagatu behar izan dute: kontrolik gabeko
35
ustiakuntza, itsas bazterrak hormigoizko bihurtzea, nortasun eta
kulturaren galera gaitza eta turismo-sektorearen menpeko izatea,
horixe izaten baita askotan baliabide-iturri bakarra.
Panorama horren aurrean bestelako kontzeptua sortu da: ekoturismo
edo turismo iraunkorra. Sektorearen definizio berri horrek,
ingurugiro-alorrean sustraiak izanik, bidaiak egin eta area naturalak
bisitatzera animatzen gaitu, tokian tokiko alderdi erakargarriak
(paisaia eta basa fauna eta flora) eta gainontzeko agerpen kulturalak
dastatu, gozatu eta ikertzearren. Garapen eta Ingurugiroaz Rio de
Janeiroko Adierazpenean aldarrikaturiko printzipioetan eta Agenda 21
izenekoak eginiko aholkuetan oinarritua dagoen alternatiba hau,
bisitatzen diren lurraldeak kontserbatu eta inguruan eta kulturan
ahalik eta eragin apalena izatearen aldeko formularen sustagarria da;
gainera, bidezkoa denez, ekonomiaren ikuspuntutik, lekuan lekuko
herritarren partaidetza ahalbideratzen du.
Gaur egun, mundu oso-osoan hedaturiko fenomenoa izateaz gain,
ekonomian gehien hazi den eta hazten ari den sektoreetako bat da
turismoa. Atzerrirako bidaia-kopuruak hirukoiztu egin dira Estatu
espainiarrean 1971 urteaz geroztik (179 milioi pezetatik 613
milioiraino) eta Turismoaren Mundu Erakundeak (WTO-TME), bere
aldetik, urteko %4,3ko hazkuntza-indizea iragarria du, hemendik 2020
bitartean.
Distantzia luzeko bidaiak dezente ugaldu badira ere, nazioarteko
turismoa bereziki sustatzen duten guneak iparraldeko herrialde
izenekoak dira. Hori horrela den seinale, datu esanguratsu hau
erakutsi besterik ez dago: Europak –pasajeen %59 duela— eta Ipar
Amerikak –horien %14a— nazioarteko bidaien %75a inguru biltzen
dute. Joan den urtean turismoagatik diru-sarrerarik handienak
erdietsi zituzten herrialdeak EEBB, Italia, Espainia, Frantzia eta
Britainia Handia izan ziren. Txina zerrenda horretako zortzigarren
postuan agertzen da egun.
Julen Gabiria/ Blogetik
36
EGIN BARRE, BIHOTZA!
Barre egitea atsegina da, ondo sentiarazten du: gorputza lasaitzen du eta
gogoa argitu. Hori bakarrik nahikoa da esateko osasunerako ona dela
barrea. Baina barrearen eragina plazera eta ondo sentitzea baino
urrunago doa. Izan ere, bihotzekoa edo infartua izateko arriskua
gutxitzen duela ikusi da.
Lehenengo frogak enpirikoak izan ziren; hau da, behaketan oinarritu
ziren. Datuak bilduta, ikusi zuten barre gehien egiten zutenek bihotzeko
gaitz gutxiago izaten zutela. Duela bost bat urte izan zen hori, eta,
ordudanik, barrea eta bihotzeko gaitzak lotzen dituen ikerketak indarra
hartu du.
37
Beraz, barrearen eta bihotzeko gaitzen artean lotura egon zitekeela ikusi
zen, eta horrek ikertzaileen jakin-mina zirikatu zuen. Hala, gorputz
barruan barrea eta bihotza lotzen dituen mekanismoa zein den jakin
nahian dabiltza. Hau da, barreak zer eragin fisiologiko dituen jakin nahi
da zehatz, zer mekanismo gertatzen diren osasunari halako onurak
ekartzeko.
Bide horretatik, argitaratu berri den ikerketa batek lehenengo pausoa
eman du lotura horren zergatia argitzeko bidean. Ikerketa horren
arabera, barre egindakoan odol-hodiak errazago itzultzen dira bere onera
estualdi bat pasatakoan baino. Kontuan izan behar da bihotzeko gaitz
askoren oinarrian odol-hodien endekapena dagoela: malgutasuna galdu
eta zurrunago egiten diren neurrian, bihotzak lan gehiago egin behar du
odola gorputz osora banatzeko, eta hortik datoz arazoak.
Tabakoa erretzeak eta janari koipetsuak jateak odol-hodiak gogortu
egiten ditu, besteak beste; horregatik dira bihotzeko gaitzen eragile
nagusiak tabakoa eta dieta koipetsua. Horiekin batera, noski, badira
beste eragile batzuk kontrolatzen zailagoak direnak, hala nola,
zahartzaroa bera. Dena dela, odol-hodiak gazte eta osasuntsu
mantentzea beharrezkoa da bihotzeko gaitzak izateko arriskua
murrizteko.
Bada, esan bezala, barre-algarek odol-hodiak osasuntsu mantentzen
dituzte. Saio hau eginda ikusi dute lotura hori: besoko arterien diametroa
neurtu dute ultrasoinuen tresna baten bidez. Arterien diametroa txikitu
egiten da bihotz-taupadak azkartzen direnean, hala nola, kirola egitean,
barre egitean zein beldurrak edo estresak jota egondakoan. Horrela,
odola azkar heltzen da gorputzeko muskulu guztietara.
Ezohiko egoera hori amaitutakoan, gorputza lasaitu egiten da, eta
arteriak bere onera etortzen dira. Odol-hodiek ohiko diametrora
itzultzeko duten gaitasuna zirkulazio-aparatuaren osasunaren adierazlea
da. Hori dela eta, hainbat egoeraren ondoren besoko arteriak bere onera
etortzeko behar duen denbora neurtu dute.
Ikerketarako jende osasuntsua erabili zuten: bihotzeko gaitzik ez zuten
hamar gizonezko eta hamar emakume. Eta barrez lehertzeko zein une
gogorrak pasarazteko filmak erabili zituzten: filma komikoak batetik —
38
There’s something about Mary, esate baterako— , eta gerra-irudiak eta
bestelako eszena gogorrak zituztenak bestetik —Saving private Ryan,
adibidez—.
Ez da txantxetako kontua, emaitzek hala erakutsi dute: batez beste, barre
egin ondoren ohi baino % 22 azkarrago etorri zen besoko arteria bere
onera, hau da, bere ohiko diametrora; aldiz, egoera kezkagarri baten
ondoren, ohikoa baino % 35 denbora gehiago kostatu zitzaion.
Beraz, argi dago osasunerako askoz ere hobea dela barre-algara
gordinak eragiten dituen filma ikustea beldurrak akabatzen jartzen
zaituen horietako bat ikustea baino. Eta pelikulak alde batera utzita eta
eguneroko bizitzara etorrita ere, berdin: argi dago estresa ez dela parte
onekoa, eta kezkek arteriak ez ezik bizitza bera ere uzkurtzen dutela.
Hau da, hobe barrenak irakiten jartzea baino barrenak lehertzeraino
barre egitea.
Izan ere, bada ezer hoberik lagunartean algara-saio eder bat baino,
aurpegiko muskuluak nekatu arte, sabelak uzkurtuta abdominalak
badituzula gogorarazten dizun arte? Ezer gutxi. Horrek sortzen duen
plazera nahikoa izan beharko litzateke sendagileek, ohiko sendagaiez
gain, barre-dosi majo bat ere errezetatzeko gaixo daudenei; eta ez
daudenei ere bai, noski.
Batetik, ikusi da barre egiteak gaixotasun kardiobaskularrak gutxitzen
dituela; baina, baita ere, kontuan izan behar da gaixotasun
kardiobaskularrak dituztenenek barre gutxiago egiten dutela; eta hain
zuzen ere gaixo horientzako bereziki komenigarria da barrea ariketa
gisa.
Gainera, barreak odolaren zirkulazioari ez ezik, buruari ere on egiten
dio; arindu egiten du nolabait. Esate baterako, pertsona depresiboek
aktibitate txikiagoa omen dute umorea kokatzen den burmuineko
guneetan. Beraz, umorea eta barrea gorputzaren zein gogoaren
osasunerako sendagai ezin hobea da: goxoa, atsegina... edonon dago,
denon gustukoa da eta merkea. Egin dezagun, bada, barre!
NAGORE REMENTERIA / Zientzia.net (moldatua)
39
AZALPEN TESTUAK
DEFINIZIOA
Gertakizun edo fenomeno baten azalpen objektiboa egiten duen testua da; hartzailea gai horretaz zerbait edo ezer ez dakiena da. Gauzak errealitatean nola gertatzen diren edo nolakoak diren hartzaileari jakinaraztea du helburu bakarra. Horretarako, igorleak aurkezten duen edukia era argi eta ordenatuan agertu beharko du. Azalpenaren oinarrizko ezaugarriak argitasuna, objektibotasuna eta ordena dira.
EGITURA
Hiru zati bereizten dira: sarrera, garapena eta ondorioa, beti ordena horretan ematen ez badira ere. Azalpen testuen barruan bestelako testu motak ere aurki daitezke: deskribapen zatiak,argudio zatiak...
Eman nahi dugun informazioaren arabera egituratu dezakegu testua; eta egitura ezagunenak ondoko bostak ditugu:
Kausa-ondorioa. Egoera, gertakari, ideia... baten berri eman ostean, horren ondorioak zeintzuk diren azaltzen da. Testu mota honetan logikazko azterbidea erabiltzen da.
Arazo-konponbidea. Normalean, kezkagarria den ekintza edo nolabaiteko ardura sortzen duen ekintza, jarduera, egoera... planteatzen da, horren nondik norakoak edo zehaztasunak eman eta gero, konponbide posibleak ematen dira.
Konparazioa. Bi ideia edo egoeren arteko antzekotasunetan eta desberdintasunetan oinarritzen da azalpena egiteko.
Deskribapena. Azalpen mota honen ardatza, egoera, gauza, animalia eta abarren deskribapena izaten da. Batzuetan datu orokorrenetik zehatzenerako bidea egiten du igorleak; beste batzuetan, alderantziz ematen den azalpena izaten da.
40
Azalpen kronologikoa. Azalpen mota honetan deskribapena eta narrazioa maiz tartekatzen dira. Denboraren arabera antolatzen eta ordenatzen dira gertaerak, ideiak eta egoerak.
EZAUGARRI MORFOSINTAKTIKOAK ETA TESTUALAK
1.-Ezaugarri morfosintaktikoak:
Aditza gehienetan orainaldian erabiltzen da. Kasu askotan, ordea, aditz denbora horiek ez dute ekintza, gertaera, egoera eta abarren denbora zehazten, beti hala izan dela adierazten dute.
Perpausei dagokienez, perpaus motak azalpen ereduaren arabera aukeratzen dira. Baina, azalpen testuen izaera kontuan hartzen badugu, egitura sintaktikoak ez dira konplexutasun handikoak izango, gauzak ahalik eta argien adieraztea delako testu horien xedea. Erlatibozkoak, aldiz, ugariak izango dira definizio eta aurkezpen moduko testuetan; luzeagoetan, aldiz, kausazko perpausak, moduzkoak eta helburuzkoak izango dira nagusi. Perpaus inpertsonalak ere ugari agertuko dira, igorleak iritzirik ematen ez duelako adierazgarri.
2.- Ezaugarri lexiko-semantikoak:
Jakintzagai bakoitzak bere terminologia propioa eta berezia erabiliko du, hau da, lexikoa espezifikoa, zehatza, izaten da.
Azalpen tekniko eta zientifikoetan batik bat, hitz elkartuak, eratorriak, maileguak, kalkoak eta abar erabiltzen dira, hau da, lexikogintzak aukeran ematen dizkigun baliabideez sorturiko hitz asko, hitz abstraktuak batez ere
Lexikoa esanahi bakarrekoa eta argia izaten da, azalpena lehenengoan uler dadin.
3.-Testu mailako ezaugarriak.
Hautatutako azalpen ereduaren araberako antolatzaileak erabiliko ditugu testuari lotura emateko: denbora antolatzaileak, azalpen kronologikoetan; aurkaritzakoak, konparaketa azalpenetan; kausazko eta ondoriozko antolatzaileak, kausa-ondoriozko testuetan...
Bestelako baliabideak ere (ordezkapena, elipsia...) erabiliak dira azalpenetan, testuari kohesioa emateko.
41
AZALPEN TESTUEN IRUZKINAK
42
ZABORRA: ARAZO BENETAN “GLOBALA”
Duela hamarkada batzuk arte, etxeetan sortutako hondakinak abereak
bazkatzeko edo lurra ongarritzeko erabiltzen ziren. Gainontzekoa
besterik gabe ibaira, itsasora, lurraren azalera edo azpira botatzen
zen, baina normalean hondakin organikoak zirenez, deskonposatu eta
naturaren zikloan sartzen ziren berriro. Orain ere hala egiten da
nekazaritza giroko herri txikietan.
Toki gehienetan, ordea, Lurrak gizakiak alboratutako hondakin
guztiak bereganatzeko ahalmena galdu du. Batetik, biztanleria
ikaragarri hazi da, eta bestetik, hirien hazkuntzaren, garapen
teknologikoaren, industria-jardueren eta kontsumo-ohitura berrien
eraginez, askoz zabor gehiago sortzen da. Esaterako, iraganean
iraunkortasuna oso kontuan izaten zen tresnak egiteko garaian. Egun,
berriz, ‘erabili eta bota’ leloa zabaldu da, eta gai asko zuzenean
zaborretara botatzen diren alferrikako ontzietan bilduta saltzen dira.
Horrela, herrialde garatuetan, egunero biztanle bakoitzak kilo bat
hondakin sortzen duela kalkulatzen da; duela 30 urte, aldiz, 200-500
gramo hondakin botatzen ziren. Nolanahi ere, arazoa ez da kantitatea
soilik; kalitateak edo konposizioak ere zerikusi handia du: lehen
trinkoa eta ia erabat organikoa bazen ere, orain askoz bolumen
handiagoa hartzen du, ez da guztiz biodegradagarria, eta gero eta
toxikoagoa da (pilak, plastikoak, pinturak, garbigailuak...).
Hirietako hondakinei emandako irtenbide nagusia zabortegietan
pilatzea izan da orain arte. Horrek era askotako kalteak sortzen ditu:
besteak beste, lur azpiko urak poluitzeko arriskua dago, gaixotasun-
iturri diren mikroorganismoak eta arratoiak hazteko inguru aproposak
dira, paisaia hondatu eta kiratsa sortzen dute, eta hiritarren arteko 43
bereizketa agerian uzten dute, zabortegiak jartzeko inguru pobreenak
aukeratzen direlako beti.
Garatzeko bidean dauden herrialdeetan, zaborra bildu eta era egokian
tratatzeko sistema garaturik ez dutenez, arazoa are larriagoa da.
Adibidez, Indiako hiriburuan, New Delhi-n, zaborra lehen
berdeguneak ziren tokietan pilatzen da. Hiriko 13 milioi biztanlek
zortzi mila tona hondakin sortzen dute, baina hiri-zerbitzuek erdia
baino gutxiago bil dezakete. Gainontzekoa edozein bazterretan
gelditzen denez, infekzio foku arriskutsuak sortzen dira nonahi.
Munduko hiri zikinenen artean daude Kairo, Bangkok eta Mexiko
Hiria hiriburuak ere
Badira hamarkada batzuk herrialde industrializatuak arazoaz jabetu
zirela. Geroztik, konponbidea emateko hainbat bide urratu dira.
Adibidez, errausketa-plantei esker zaborrak toki gutxiago hartzen du;
izatez, zabor-kantitatea % 90 gutxitzen da. Baina, osasunean eta
ingurunean kalteak eragiteko arriskua ez da desagertzen.
Beste bide batzuk kontsumitzaileen parte-hartzea eskatzen dute, eta
gero eta jende gehiagok hartzen du hondakinak bereizi eta
birziklatzeko edukiontzietara eramateko ardura. Politikariek eta
hainbat erakundek, Nazio Batuak esaterako, gaia aztertu eta aldaketa
eta neurri batzuk proposatu dituzte (Agenda 21, Rio de Janeiroko
deklarazioa). Dena dela, arazoa kontsumo-gizartearen muinean dago,
eta ekoizpen-metodoak eta bizimodua aldatzen ez diren artean, oso
zaila izango da erabateko konponbidea aurkitzea.
Zientzianet
44
TESTU IRUZKINA
Komunikazio egoera. Consumer Eroskiko aldizkaritik edo Zientzia.net web orrialdetik ateratako artikulua dugu goiko hau. Idazleak ez du bere presentziaren aztarna bat bera ere ematen, dena objektibotasunez eta argitasunez adierazi nahi baitigu, iritzirik eman gabe. Azken paragrafoan,ostera, modu objektiboan bada ere, igorleak bere iritziaren isla utzi digu kontsumitzaileen parte-hartzea eskatzen duenean, eta zenbait hitzen ezaugarriak ematen dituenean, adibidez “alferrikako ontziak”. Hartzailea ere testutik kanpo dago, ez dugu hari buruzko inplikaziorik testuan, nahiz eta jakin edozeinen arazoa (gizartearena) dela zaborren kontu hori; hau da, zaborraren arazoa denon arazoa dela dio, eta ez bakar batena.
Komunikazioaren xedea zaborraren gaiaren inguruan ahalik eta informaziorik zehatzena ematea da, argi eta objektiboki, hartzaileak zerbait gehiago jakin dezan arazoari konponbidea eman ahal izateko.
Testuaren barne egitura. Testu mota guztietan gertatu ohi den antzera, goiko testuan ere informazioa era ordenatuan eman da; horretarako, horrelako testuek jarraitu behar duten oinarrizko antolaketa du: sarrera, gorputza eta ondorioa.
Hasteko, sarrera modura, orain dela hamarkada batzuetako zaborrak biltzeko ohiturak ekarri dizkigu gogora igorleak; ondoren, azalpenaren mamira etorriko da: gaur egunean, Lurrak ez duela botatako edo alboratutako hondakin guztiak bereganatzeko ahalmenik. Hori frogatzeko datuak dakarzkigu: egunean zenbat kilo zabor biltzen duen pertsona batek adierazten digu. Bestetik, esaten digu gaur egun zabor kantitatea ez ezik, kalitatea ere kontuan hartu beharrekoa dela. Segidan, satsudura horien zabortegietan pilatzeak zer arazo sortzen dituen esango digu, New Delhi-n gertatzen dena adibide modura ipinita. Azkenik, orain dela hamarkada batzuk herrialde industrializatu batzuek erabilitako konponbideen alde onak eta txarrak aztertuko ditu; eta, komunikazioari amaiera emateko, ondorio gisa edo, zabor pilaketaren arazoa kontsumo-gizarteari leporatzen dio; idazlearen
45
ustez, bizimoduz aldatu ezean, benetako konponbidea aurkitzea zaila izango da.
Igorleak erabili dituen azalpen motei dagokienez, konparazioaren bidezkoa da hasieran erabili duena: garai bateko hondakinak eta gaur eguneko hondakinen arteko aldeaz dihardu. Kausa-ondoriozko azalpena laugarren paragrafoan daukagu, zabortegiek sortzen dituzten kalteak aipatzen dituenean. Arazo-konponbidea motatako azalpena azken hiru paragrafoetan aurkituko dugu, dauzkagun konponbideak eta sor daitezkeenak aztertzen dituenean.
Ezaugarri linguistikoak
Maila morfosintaktikoan. Halako testuetan gertatzen den bezala, orain aldiko aditzak dira nagusi orainaldiko gertakariei erreferentzia egiten zaienean, eta lehenaldi ez burutua iraganaldiko gertakariez ari denean, adibidez “Duela hamarkada batzuk (...) erabiltzen ziren”, “...arazoa larriagoa da”.
Sintaxiak ez du zailtasunik, ezta konplexutasunik ere. Era guztietako mendeko perpausak erabili ditu: erlatiboak: “...etxeetan sortutako hondakinak (...)”, “Garatzeko bidean dauden herrialdeetan (...)”, hitzen zehaztasun handiagoa eman nahi digunean; helburuzkoak: “...lurra ongarritzeko erabiltzen ziren (...)”, “...zabortegiak jartzeko (...)”, arazoa konpondu nahi denean zertarako den esaten delako; kausazkoak: “..hondakin organikoak zirenez, (...)”; “Gainontzekoa edozein bazterretan gelditzen denez, (...)”; konpletiboa: “bakoitzak kilo bat hondakin sortzen duela (...)”; eta konparaziozkoak: “...bolumen handiagoa hartzen du (...)”, “...arazoa are larriagoa da”. Ikusten denez, mendekotasuna ugaria izan arren, esaldi asko eta asko perpaus bakunak edo juntagailuen bidezkoak dira: “Batetik, biztanleria ikaragarri hazi da”, “Dena dela, arazoa kontsumo-gizartearen muinean dago”… Eta perpaus inpertsonalak ugariak ez izan arren, bakan batzuk badaude: “...oso zaila izango da erabateko konponbidea aurkitzea”. Horrela, hartzaileari informazioa berehalakoan heltzen zaio esaldi konplexu eta korapilatsuetan nahastu gabe.
Aipatu behar da erabilitako helburuzko formen artean ugariena -t(z)eko dugula; eta kausazkoak adierazteko –(e)nez forma nahiago duela.
Maila lexiko-semantikoan. Aurretik esan dugun bezala, errealitate objektiboa jasotzen da hizkuntza denotatiboa erabilita, hau da, hitzek ez dute bigarren adierarik.
Lexikoari dagokionez, gaiaren inguruko hainbat termino erabiliko dira: hondakina, hondakin organikoa, zaborra, alferrikako ontziak, zabortegiak, berdeguneak, infekzioak, errausketa-plantak, birziklatu...
46
Hiruzpalau hitz kenduz gero, testu osoko berbak edozeinek ulertzeko modukoak dira, ez baita maila jasoko testua, gizarteko edonork irakur eta uler dezakeena baino. Hala ere, badaude termino tekniko batzuk ( biodegradagarria, mikroorganismoak…) testuaren ulermena zail dezaketenak, baina gutxi batzuk izatean irakurlearentzat ez dira oztopo izango.
Testu mailari dagokionez. Testuari behar den bezalako kohesioa emateko hainbat baliabide erabili ditu igorleak:
Denbora antolatzaileak konparaziozko azalpenetan agertu dira batez ere: “Duela hamarkada batzuk (…). Orain ere (…)”, “Lehen (…), gaur (…)” , “Geroztik, konponbidea emateko hainbat bide urratu dira”, etab.
Adibideak emateko antolatzaileak: “Esaterako, iraganean iraunkortasuna oso (…)”, “Adibidez, errausketa-plantei esker (…)
Aurkaritzako lokailuak, bi egoerak elkarrekin alderatu dituenean: Toki gehienetan,ordea (…)”, “Egun, berriz, erabili eta bota leloa zabaldu da”, “Dena dela, arazoa kontsumo gizartearen muinean dago, (…)”, “Nolanahi ere, arazoa ez da kantitatea soilik”
Ondoriozko lokailuak, kausa-ondoriozko azalpenetarako aproposak direnak: “Horrela, herrialde garatuetan, egunero biztanle bakoitzak (…)”
Elementu erreferentzialak: “Hirietako hondakinei emandako irtenbide nagusia zabortegietan pilatzea izan da orain arte. Horrek era askotako kalteak sortzen ditu” Elementu aproposak aurretik esandakoa berriro ez errepikatzeko.
Errepikak: hondakin hitza hainbat aldiz errepikaturik ageri da testuan, gaiaren garapenari segida emango diona, nahiz eta batzuetan gehiegitan erabilia izan dela ematen duen .
Ondorioa. Eguneroko gaia dugu goiko testuan, askotan edozein komunikabideetan azaltzen zaiguna: hondakinak desagerrarazteko bideak lehengo eta gaurko gizartean. Modu erraz eta ulergarrian plazaratzen zaigu, edonork irakurri eta ardura hartzeko eran. Igorlea gaia ordenaturik planteatzen ahalegindu da, hondakin hitza behin eta berriro errepikatuta hartzailearen arreta bereganatzeko, ematen zaion informazio zipitzik ere ez dezan gal.
47
OLIBAREN URREZKO IZERDIA
Oliba-olioaren ekoizpena hemen baino askoz ere zabalduago dago
penintsularen hegoaldean, baina Euskal Herriaren hegoaldean ere
badaude olibondoak, eta baita olio-errotak ere. Horietako bat da
Cintruenigoko La Almazara del Ebro, eta han dagoeneko bukatu dituzte
lanak. Aurreko udazkenean, ordea, jo eta ke ari ziren olibetatik olioa
ateratzen.
Hasteko, olibak biltzen dituzte. Hainbat eratara egiten dute lan hori.
Adibidez, batzuek mantak edo olanak jartzen dituzte zuhaitzaren azpian,
eta olibak horra botatzeko makila luzeen bidez astintzen dituzte
olibondoen adarrak. Beste batzuek makinak erabiltzen dituzte enborra
astintzeko; hartara, denbora eta esku-lana aurrezten da, baina metodo
hori ezin da beti erabili, lurraren gorabeherak eta zuhaitz-kopuruak
erabakigarriak baitira. Metodoak metodo, kontu handiz biltzen da oliba,
olibondoari eta fruituari berari ere ahal den kalte txikiena egiteko.
Bildu eta berehala, oliba olio-errotara eramaten da. Han, haizegailuen
bidez, olibekin batera datozen hostoak eta hautsa kentzen dituzte, eta
gero pisatu eta analisiak egiteko laginak biltzen dituzte. Olibak
garbitzeko, beraz, ez da urik erabiltzen, ezpada lurrez oso zikinak
daudela.
Olibek zenbat ur eta olio duten ikusteko, laborategian laginak aztertzen
dituzte. Horrela jakiten dute zer kalitatetako fruitua duten eta zenbat
litro olio aterako dituzten oliba-kilo bakoitzeko; hau da, etekina
kalkulatzen dute. Oliba-motaren arabera, olio- eta ur-proportzioak aldatu
egiten dira; esaterako, enpeltre motako oliben konposizioan % 20-25
gantza da, eta arbekin motakoek, berriz, gantz gutxiago dute, % 17-18
besterik ez.
Bestalde, olibak ezin du egon egun bat edo bi baino gehiago garbitu eta
gero, bestela hartzitu egingo bailitzateke, eta horrek olioaren kalitateari
48
eragingo lioke. Horregatik, segidan sartzen dituzte errotara. Helburua:
oliba txikitzea, duen olio guztia ateratzeko.
Garai batean, kono-itxurako bi harri zituen errota berezia erabiltzen zen
olibak txikitzeko. Harri horiek astoek edo mandoek mugitzen zituzten,
eta tartean txikitzen ziren olibak. Sistema hori bera erabili zuten
erromatarrek, eta gaur egun arte iraun du. Alabaina, orain ia ez dago era
horretako errotarik, eta makina birrintzaileak erabiltzen dira. Mailuen,
diskoen edo ildaskatutako zilindroen bidezkoak izan daitezke, eta
lehengoak baino askoz ere etekin handiagoa ateratzen dute.
Jarraian, errotan lortzen den orea irabiatu egiten da; hartara, olioa
errazago ateratzen da. Olio-tantak elkartzen doaz, eta fase oliotsu bat
eratzen da, olibek duten uretatik eta oliba-patsetik erraz bereizteko
modukoa. Irabiatzean, tenperatura kontrolatu egiten da, ez dadin 30 †C
baino gehiagokoa izan. Tenperatura horretatik gora, osagai lurrunkorrak
galdu egiten dira eta oxidazio-prozesuak, berriz, azkartu.
Hurrengo pausoan, olioa patsetik eta uretatik banatzen da. Horretarako
ere bide bat baino gehiago daude. Lehen presio bidez egiten zen. Orea
kokozko zuntzez egindako kapazu lau batzuen gainean jartzen zen;
kapazuak bata bestearen gainean pilatzen ziren, eta, azkenik, presioa
ezartzen zitzaien.
Ondorioz, fase likidoa ateratzen zen, eta kapazuen artean oliba-patsa
besterik ez zen gelditzen. Gero, dekantazioz bereizten ziren fase
likidoaren olioa eta ura.
Gaur egun zentrifugatzaileak erabiltzen dira. Orea zilindro horizontal
batean sartu eta abiadura handian birarazten da. Dentsitateen artean
dagoen aldeagatik, alde batetik olioa eta bestetik solidoak eta ura
gelditzen dira. Hala ere, olio horrek ur pixka bat eta solidoen arrastoak
ditu, eta horiek kentzeko dekantagailuetan edukitzen da pare bat egunez.
Denbora hori pasatu eta gero, hondoan gelditu diren partikula solidoak
eta ura ateratzen dira, eta olioa altzairu herdoilgaitzezko tangetan
sartzen da.
49
Tanga horiek ez diote aireari sartzen uzten, eta hor egoten da olioa
hilabete bat edo bitan, 22 †C-an. Iragazi eta gero, berriz, botilaratu
egiten da. La Almazara del Ebroko Vidal Perezen esanean, prozesu oso
garbia eta sinplea da. Gainera, haiek olio birjina bakarrik egiten dute, eta
hondarrak Tarragonara eramaten dituzte. Han oliba-patsaren olioa
egiten dute, eta gelditzen zaiena biomasa moduan erabiltzen dute,
energia lortzeko.
Hortaz, dena aprobetxatzen da, hasieran olibekin batera etorri diren
hostoak ere baliatzen baitituzte. Hain zuzen ere, ardiak bazkatzeko
erabiltzen dira, eta, dirudienez, ardiek gustura jaten dute hondakin hori,
beti baitago olibaren bat hostoen artean.
Zientzianet, 2005/02/01 | Galarraga, Ana | Orruño Aguado, Estibalitz
TESTU IRUZKINA
Komunikazio egoera. Ana Galarraga eta Estibaliz Orruño ditugu testu honen egileak. Hartzaileak oliba olioa nola ateratzen den jakin nahi duen edozein irakurle izan daitezke, eta, noski, horretarako, Zientzianetek duen web orrialdean, ordenadorearen bidezko testuan, begiratzea besterik ez dute, Testuak betetzen duen funtzio bakarra erreferentziala da, hau da, Euskal Herriko oliba olioaren prozesuaren berri ematea baino ez dute igorleek. Horretarako, ez da horien presentziaren aztarnarik jaso; ez dute iritzirik ere ematen, informazio objektiboa eta argia azaltzea da helburu bakarra, zehatz, era ordenatuan eta ahalik eta ulergarrien.
Testuaren barne egitura. Testuko ideia garrantzitsuenak garapen kronologikoaren bidetik eginak daude; izan ere, olibak zuhaitzetatik hartzen direnetik olioa ateratzen den arteko prozesuaz dihardute. Lehenengo, olibak bildu; bildu eta berehala, errotara eraman; han garbitu eta laginak atera txikitu baino lehen; ondoren, ateratako orea irabiatu, eta horren tenperatura kontrolatu; hurrengo pausoan, olioa patsetik eta uretatik banatu; eta, azkenik, olioa tangetan sartzen da hilabete batean edo bitan, berriro iragazi eta gero botilatan sartu ahal izateko.
Testu honetan garapen kronologikoa nagusia bada ere, hirutan agertzen zaizkigu konparaziozko azalpenak: oliba bilketari dagokion zatian; olibak txikitzeari dagokionean eta, azkenik, uretatik eta patsetik banatzeko prozedurari dagokienean. Hiru horietan lehengo eta gaur eguneko metodo ezberdinak azaltzen dizkigute.
50
Azalpena erabat objektiboa dugu goiko hori, ukitu subjektiborik ez da agertzen. Usteak, iritziak…, alde batera utzita daude, datuen eta ezaugarrien azalpen soila besterik ez delako eman nahi, informazio hutsa.
Ezaugarri linguistikoak
Maila morfosintaktikoan. Halako azalpenetan, ohikoa den legez, orainaldiko aditzak dira nagusi, ekintza ez burutuak batez ere: “aurrezten da”, “irabiatu egiten da”, “kalkulatzen dute”, “ezartzen zitzaien”, eta abarrek azalpenari nolabaiteko betikotasuna emango diote, sarritan edo betiko prozesuak adierazten baitituzte.
Sintaxiaren aldetik ez dago konplexutasunik. Paragrafo batzuen hasieran prozesuaren urratsa adieraziko duen perpaus laburra eta bakuna jarri dute; gero, horren azalpen luzeagoa emateko: “Hasteko, olibak biltzen dituzte”, “Bildu eta berehala, oliba olio-errotara eramaten da”, “Jarraian, lortzen den orea irabiatu egiten da”…
Hala ere, perpausak sinpleak eta bakunak testu osoan nagusi badira ere, beste eratako perpausak ere ageri dira, gehien bat mendekoak, eta horien artean helburuzkoak: “…erabiltzen dituzte enborra astintzeko”, “…ahal den kalte txikiena egiteko”; erlatibo batzuk zenbait elementuren zehaztasun handiagoa emateko: “…,olibekin batera datozen hostoak (…)”, “…kono-itxurako bi harri zituen errota berezia erabiltzen zen (…)”eta “…errotan lortzen den orea (…)”; eta konparaziozkoak, bi elementu, egoera edo denboren arteko konparazioak egiten direnean: “…hemen baino askoz ere zabalduago dago (…)”eta “…lehengoak baino askoz etekin handiagoa ateratzen dute”.
Esaldi inpertsonalen erabileraren aztarnak ere ikusten ditugu: “…denbora eta esku-lana aurrezten da (…)”, “…metodo hori ezin da erabili (…)”, “…kontu handiz biltzen da oliba (…)”, “…oliba olio-errotara eramaten da (…)”, etab. Horrelakoen bitartez, prozesuari berari baino ez zaio garrantzia ematen, ez du ardura nork, zein pausu jarraitu behar den baino.
Maila lexiko-semantikoan. Lehenengo irakurketa arin batean testuak ez du hitzen aldetiko oztoporik. Mezuaren osotasuna ondo ulertzen da. Baina, astiroago irakurriz gero, prozesuaren alde teknologikoren bat adierazten dituzten zenbait hitz agertuko zaizkigu: haizegailu, laginak, enpeltre mota, arbekin mota, hartzitu, ildaskatu, irabiatu, dekantagailu, altzairu herdoilgaitzezko... Baina, orokorrean ez dute testuaren mezua oztopatzen, batez ere, gehienetan prozesuaren azalpen zehatzak segidan datozelako.
51
Bestetik, testuak errealitate objektiboa jasotzen duen neurrian, hizkuntza erabat denotatiboa da, erabilitako hitzek ez dute bigarren adierarik.
Deigarria da oliba eta olio hitzen erabilera ugaria, gutxitan izan baitira sinonimoen bidez ordezkatuak: “…olibondoari eta fruituari berari ere (…)”. Bestetik, hitz horiekin konposatutakoak ere ugari samar agertuko zaizkigu: oliba-olioa, olio-errotak, olibondoak, oliba-mota, olio-tantak, oliba-patsetik…, prozesuak berak eskatzen duelako horien erabilera, informazioa ahalik eta zehatzen eman ahal izateko, zein den lehengaia eta zein haren emaitza zehatz-mehatz jakin dezan hartzaileak.
Testu mailan. Prozesu baten garapena adierazten den azalpenetan ideiak modurik ordenatuenean ematea da garrantzitsuena. Horretarako, kohesio emaileak derrigorrezkoak dira, pausuak urratsez urrats ikus daitezen, zein lehenengo, zein hurrengo. Horregatik, testu honetan ere denborazko antolatzaileak izan dira erabilienak prozesuaren garapena aurrera doala adierazteko: “Hasteko (…)”, “Bildu eta berehala (…)”, “Jarraian (…)”, “Hurrengo pausuan, (…)”, “Denbora hori pasatu eta gero, (…)” eta “Iragazi eta gero (…)”.
Beste kohesiorako elementu batzuk ere erabiltzen dira, hala nola:
Aurkaritzako lokailuak bi ideien arteko kontrako zentzua eransteko: “Aurreko udazkenean, ordea”, “jo eta ke ari ziren (…)”, “…arbekin motatakoek, berriz, gantz gutxiago”, “Hala ere, ur horrek ur pixka bat eta (…)”, etab.
Adibideak emateko kohesio emaileak: “Hainbat eratara egiten dute lan hori. Adibidez, batzuek mantak edo olanak (…)”, “…olio- eta ur- proportzioak aldatu egiten dira; esaterako, enpeltre motako oliben (…)”, etab.
Ondorioztatzeko lokailuak: “…makinak erabiltzen dituzte enborra astintzeko; hartara, denbora eta esku-lana aurrezten da”, “Olibak garbitzeko, beraz ez da urik erabiltzen”, “Ondorioz, fase likidoa ateratzen zen (…)”, “Hortaz, dena aprobetxatzen da”, etab.
Azalpenak emateko kohesio emaileak: “…Oliba-kilo bakoitzeko; hau da etekinak kalkulatzen dute”eta “…hostoak ere baliatzen baitituzte. Hain zuzen ere, ardiak bazkatzeko erabiltzen dira”.
Erreferente elementuak, aurreko hitzak edo espresio osoak berriro ez errepikatzeko erabiliak: “…olio-errota ere. Horietako bat da (…)”, “…olio-errotara eramaten da. Han, haizegailuen bidez (…)”, “…Hartzitu egingo litzateke, eta horrek olioaren kalitateari eragingo lioke”, “…ur pixka bat eta solidoen arrastoak ditu, eta horiek kentzeko (..)”, etab.
52
Ondorioa. Interesa duen edozeinek interneteko orrialdeetan eta euskarazko web gune batean aurki dezake olioaren ekoizpen prozesuari buruzko aurreko testua. Gaiaren inguruan gutxieneko jakintza maila duen irakurleari zuzendutakoa, hitz tekniko batzuk gorabehera. Hartzaileek olioa nola ekoizten den ezagutzeko eta ulertzeko, igorleak modu antolatuan egin du azalpena, eta haren arreta bereganatzeko behin eta berriro errepikatu ditu olio eta oliba hitzak, prozesuaren nondik norakoaz ondo jabetu dadin, galdu gabe eta korapilatsua ez dakion egin.
BIZIKLETAK HIRIRAKO ERE BADIRA
Bizikletak errespetatu egiten du ingurugiroa eta hori funtsezkoa da
hirietan, gero eta itogarriago baitira motordun ibilgailuen eraginez.
Bizikletaz joan eta etortzea onuragarria da osasunarentzat ere, sistema
kardiobaskularrarentzat erritmo egokian ibiliz gero, eta beheko gorputz
atalentzat, giharrak garatzen baititu. Pedalkadetan txoke errepikaturik
ez izateak, zangoak atsedenean izateak, gorputzaren pisuari eutsi
beharrean (pisua jarlekuak jasaten baitu) eta mokorraren jarrerak
(tolestuta edo erdi tolestuta), txirrindularitza gomendagarri egiten du
pertsona lodientzat eta zangoetako artrosia dutenentzat. Eragozpen
nagusia istripuak izateko arriskua da, batez ere motordun ibilgailu asko
dabilen errepideetan ibiliz gero. Horrela, sarritan izaten dira oraindik
albiste autoak harrapatuta hildako txirrinduzaleak eta badirudi kopuruak
ez duela behera egiteko itxurarik
Bizikletaren erabilpena defendatzen duten talde eta elkarteek hainbat
proposamen egin dute hiri-eredua ingurugiroarekin bat etor dadin. Tesi
horien arabera, herri barruko garraioak nork bere autoa erabiltzera
bultzatzen du zeharka (linea gutxi eta ordutegi mugatuak dituelako),
energia xahutze handia eta ingurugiro eragin aipagarria du eta gainera
ez du bermatzen garraio-bide eraginkor, azkar eta segurua. Amics de la
Bici elkartearen esanetan, joan-etorria autoz egin ohi duten pertsonak
kalearen erabiltzaileen %20 inguru dira, baina bide publikoko
espazioaren %62 hartzen dute eta hiri handietako atmosferako
kutsaduraren %97aren erantzule dira. Auto eta motorrak kutsadura
akustikoaren, kaleen kongestio kronikoaren, garraio publikoen
funtzionamendu txarraren eta pertsona askoren heriotzaren eragile eta
53
jatorri ere badira. Azken batean, bizikletaren defendatzaileen ustez,
motordun ibilgailuak dira hirietako bizitza kalitate kolektiboaren
galeraren arduradun. Hala ere, errepide sarea hobetzeko erabiltzen da
inbertsio publikoen portzentaje handi bat. Horrela, tesi horien arabera,
are gehiago bultzatu da auto partikularraren erabilpena eta gutxitu egin
da garraio publikoena, horien defizita handituz eta alternatiba zentzuzko
eta eraginkorragoak hipotekatuz. Horrenbestez, garraio-politika hutsetik
hasita orientatzea eta apustu sendoa egitea proposatzen dute,
derrigorrezko mugikortasuna gutxitu, joan-etorrien plangintza egin,
garraio publiko eskuragarri eta eraginkorrak bultzatu eta garraio-bide ez
kutsagarriak -oinez ibiltzea eta bizikleta- aukeratuz.
Consumer Eroskiko aldizkaria
TXORITXOA BAINO ASKOZ ERE GEHIAGO
Denbora-pasa, artea, hezkuntza baliabidea, teknika matematiko eta
zientifikoa, errehabilitazio mediko eta psikologikorako lanabesa...
Origami edo papiroflexiari egozten zaizkion propietate eta ezaugarriak
asko dira. Ikusi batera, paper bat behin eta berriro tolestean datza
jarduera hau, itxura desberdinak moldatzeko xedez, pergamino hutsa ez
den bestelako gairik erabiltzeke.
Milaka urte beteak zetorren papera tolesteko japoniar artea Europan
papiroflexia bataiatu zuten. Ezaugarri komunak dituzten arren,
erabileraz eta aplikazioz desberdinak dira bi diziplinok: Japonian
zaletasun hutsa baino dezente gehiago da, batzuetan jarduera bikain eta
aparta ere bai. Esate baterako, hastapenetan tolesturak egintza erlijioso
eta zeremoniekin lotzen ziren: jainkoei eskaintzak egiteko edo ekintza
heroikoak irudikatzeko baliatzen ziren baina, papera herritartu eta bere
prezioa merkatu ahala, paperezko egituren ezagutzak aplikatzen ziren
eremua zabaldu egin zen eta txoritxo soilak ez ezik, irudi konplexu-
konplexuak ere egitera iritsi ziren.
Papiroflexia ez da umeen, jende aspertuaren, ekialdeko xelebreen
kontua, jakina. Papera taxuz tolesten ikasteko ikusmira eta esku artatsua
ezinbestekoak dira. Hasieran, papiroflexiako klubek edo aisialdi alorreko
54
elkarteek eskaini ohi dituzten ikastaroetara joan daiteke, baina norberak
ikastea ere aukera baliagarria da. Alor honetan, behintzat, eskuliburu eta
web orrialde faltarik ez da. Hastapenak errazak dira —txoritxo bat
moldatzeko ez da derrigorrezkoa artista handia izatea— baina,
zaletasunak aurrera egin ahala, erronkak geroz eta zailagoak dira, figura
bat osatzeko argibideak betetzeari dagokionean ez ezik, nork berea
asmatzeko irrika eutsiezina delako.
Jarduera unibertsal honek abantaila handi-handia du: nazioarteko ikurrak
berdinak dira nonahi eta, horri esker, modeloak autore batek besteari
pasa diezazkioke, hizkuntza inolako eragozpenik izateke. Areago,
origamik bere hizkuntza ere badu: izkina karratu baten lau angeluetako
bat da beti; tolestura, papera tolesten den lerroa; marka, tolestura egin
ondoren paperean geratu den arrastoa; korapiloa, bi (edo gehiago)
tolestura edo marka gurutzatzen diren gunea... horrela osatzen da
hamaikatxo terminotako hiztegi berariazkoa
Consumer aldizkaria 91. zbk. 2005eko iraila
ETORKIZUNEKO ORRIALDEAK
Liburu elektronikoak —e-book izeneko horiek— errealitate dira
dagoeneko; orain, eroso irakurtzeko dispositibo egokia asmatzea da
kontua
Steven Spielberg-ek 2054 urtean kokatu duen Minority Report filmeko
eszena batean metroan bidaiariek egunkari elektroniko malgua
irakurtzen dute: bertan, albisteak jazo ahala aldatu egiten dira.
Zientzia-fikzioa den arren, baliteke epe ertainera fikziorik ez izatea.
Ez dirudi beste berrogeita hamar urte itxoin beharko dugunik
horrelako dispositibo elektronikoa eskura izateko. Xerox PARC eta E
Ink (www.eink.com) enpresako ikerlariek urte batzuk eman dituzte
aukera hori aztertzen: lan horien oinarrian, elektrizitatea jasotzean
hitzak moldatzen dituzten milioika esfera ñimiño zuri-beltzek
osaturiko lamak ekoizten ari dira. Irakurlearentzat paperak duen
abantaila bakarrak formatuaren erosotasuna —hori tinta 55
elektronikoak berdinduko du— eta bereizmena dira. Inprimatutako
orrian 300 puntu hazbeteko injektatzen dira eta PCko edo
mugikorreko pantailak 72 baizik ez du onartzen; horrez gainera,
pantailaren kasuan argi igorriaz ari gara eta, paperarenean, argi
islatuaz. Horregatik da nekeza eta deserosoa ordenagailuko
monitorean irakurtzea. Paper elektronikoak landarezkoak ohikoak
dituen malgutasun eta bereizmena hartzean begiak ez du alderik
hautemango.
Liburu elektronikoak
Etorkizuna asmatzen ibili gabe, formatu digitaleko testua noranahi
zabaldu da. Web edo PDF gisa, bertsio elektronikoa ia egunkari
guztiek editatzen dute eta, halaber, liburuak masiboki digitalizatzeko
proiektuak ugari-ugariak dira. “Gutenberg Proiektua”
(www.gutenberg.org) eta Internet Archive (www.archive.org)
izenekoek bildu dituzten 10.000 titulu horiek edo, areago, Google
(print.google.com) firmaren arestiko proiektu handia (hamabost
milioi liburu digitalizatzeko) diogunaren froga zehatza dira.
Arazoa, ordea, editorial handiek formatu elektronikoko liburuari
eginiko mesfidantzazko harrera da: ezezaguna ez ezik, oraingoz
beldurgarria duten sail horretan sartzean ez dira eroso sentitzen,
idazlan digitalizatuen autore-eskubideen babesa ez baitago bermatua
(zineman edota musikan jazotzen den legez).
Formatu elektronikoko liburuaren abantailak askotxo dira. Hasteko,
espazioa: On Kixote Mantxakoa 800 Kb-eko bolumeneko liburua
denez, patrikako dispositibo bakar batean milaka liburu gorde
daitezke. Irakurtzeko aukerak zabaldu egiten ditu, gainera, liburu
digitalizatuak: testuan bilaketak egin, esaldiak nabarmendu, oharrak
erantsi eta gainerakoak egin daitezke. Bestetik, egungo aparatuek
testu luzeak (eleberri bat, esate baterako) irakurtzea erakargarri
egiten ez badute ere, PDA bat hamaika gaiz bete daiteke:
aldizkarietako artikuluak (ordenagailuan zuzenean jasotzen direnak),
56
bidai gidak… edota sakelan eraman eta autobuseko ibilbidean
kontsultatzeko moduko hamaika idazlan, adibidez.
Programa irakurleak
Liburu, aldizkari edo egunkari digitalen irakurketa errazten duten
programak salgai daude merkatuan. Denetan ezagunenak Acrobat
Reader (Adobe etxekoa, PDF-ak Internet irakurri eta deskargatzeko
erabiltzen dena) eta Microsoft Reader dira; hauek, Palm Reader eta
Adobe Reader-ekin batera, agenda elektronikoetan gehien baliatzen
direnak dira.
Badira beste programa irakurle asko, NewsStand, Olive Software eta
antzeko aldizkari eta egunkarien edizio inprimatuen banakuntzan
diharduten enpresei dagozkienak. Zinio (www.zinio.com) firmak,
adibidez, bere Zinio Rider-en bidez —doaneko programa, bere artxibo-
formatu eta guzti (.zn): horretan orrialdeak paperezkoak balira bezala
pasatzen dira— irakurtzeko deskargatzen den publikazio askoren
harpidetza edo erosketa indibiduala egiteko aukera ematen du.
Benetako erronka, ordea, funtzio horretarako berariazko
dispositiboetan datza. Etorkizunik hoberena zuten liburu-
irakurgailuak (Softbook Reader eta Rocket, Nuvomedia-koa) ekoizten
zituzten bi enpresak Gemstar-ek erosi zituen. Dena den, biak —
Gemstar-en REB-rekin batera— suntsitu egin ziren eta aski panorama
goibela utzi zuten geroztik.
Sakelako ordenagailuak
Beren tamaina eta pisua aintzat hartuta, ordenagailu eramankorra
baino askoz ere maneiagarriagoak ez ziren aparatu horien porrotak
geroaldia PC-en, eramangarrien eta, batez ere PDA-en eskuetan utzi
du. Integraziorako joera areagotuz (ordenagailu xume gisa aritzeaz
gainera, argazkiak egin eta Internetera konektatzeko balio duen
57
telefono mugikorra izaki), liburu elektronikoak irakurtzea dela eta,
erabiltzaileak egun baliatzen duen ekipoarekin segitzea nahiago
izaten du, berariazko beste dispositibo bat erosi eta eraman behar
izatea baino.
Testuen irakurketa sakelako ordenagailuetako dozenaka programak
errazten dute; badira, era berean, liburu elektronikoak saldu eta
doaneko deskargak dituzten hamaika web gune: eReader-ek, adibidez,
milaka titulu elektroniko eskaintzen ditu eta, gainera, badu PDA-
entzako sistema operatibo guztietara, Windows-era eta Mac OS-era
egokitutako programa irakurlea.
Consumer aldizkaria
ERAGOZPENIK GABEKO ETXEBIZITZA
58
Etxebizitzaren kalitatea, berez, bizi mailaren adierazle erabatekoa bada
ere pertsonak adinean aurrera egin ahala horren garrantzia areagotu
egiten da, bertako biztanleen gaitasun fisiko eta psikologikoek behera
egitean. Espainian 65 urtetik gorako pertsonak ia zortzi milioi dira;
horietatik bi milioik nola edo halako ezgaitasunik agertzen badute ere,
horien %96’9k etxean segitzea nahiago dute. Baina etxebizitza asko ez
daude horrelako pertsonak bertan bizitzeko egoera egokian (igogailua
dela, kalefakzioa dela…). Onena izango litzateke etxebizitzek oztoporik ez
balute zailtasunik gabe sartu eta ateratzeko, mugitu eta jarduteko.
IMSERSO erakundeak 2004 urtean pertsona zaharren bizi-baldintzei
buruz eginiko inkestak agertu duenez, zaharren %82,5 beren jabetzako
etxebizitzan bizi dira. Ekipamendu gabezia larrienak dituzten pertsonak
bakarrik bizi direnak dira: horien %13’5ek ez du telefonorik, %44k
kalefakziorik (indibidual nahiz kolektiboa) ez daukala dio eta %70’5ek ez
du igogailurik. Hona, dena den, datu larriena: etxebizitzaraino iristeko
zahar horien %26k hiru solairu igo behar ditu.
Etxebizitzen egokitzeari dagokionez, kontuan hartu beharreko arautegiak
bat baino gehiago dira: batetik, Jabetza Horizontalaren 8/1995 Legea,
apirilaren 6koa; honek bere azken bertsioan xedatuak ditu etxeetako
atarien eta elementu komunetan obrak eta egokipen lanak egin ahal
izateko etxejabeek hartu beharreko erabaki eta neurriek beteko dituzten
baldintzak. Bestetik, maiatzaren 30eko 15/1995 Legeak, pertsona
ezinduek topa ditzaketen oztopoak suntsitzeko higiezinen jabetza-mugak
zehazten ditu.
Alor ekonomikoan, etxebizitza egokitzeko edo bertatik oztopoak
suntsitzeko dirulaguntza edo kredituak emateko aukerak arautzen dira.
Interesatuak, era berean, PFEZen bitartez zerga-kenkarien onuradun
izan daitezke, ezintasunik duten pertsonentzat ohiko etxebizitza
egokitzeko obrak egitearren. Kenkari horiek ohiko etxebizitzan,
eraikineko elementu komunetan (eskailera, atari, igogailuetan) obrak eta
instalazioak egiteari eta, sentimenen bidezko komunikazio-oztopoak
suntsitzeko eta segurtasuna areagotzeko balio duten dispositibo
elektronikoak instalatzearren aplikatuko dira.
Consumer aldizkaria, 87. zbk. 2005eko apiri59
ARAZOA GAINDITZEKO AURRENEKO URRATSA JATORRIA EZAGUTZEA DA
Eskola porrota gaur egun hezkuntza sistemak bizi duen arazo
larrienetako bat da. Porrotaren ondorioen garrantzia eskolaren
esparrutik at hedatu da eta herrialde garatu guztietan dago maila
batean edo bestean zabalduta, hori dela eta, hezitzaile eta gurasoen
erakunde eta elkarteek interes handia agertu dute gaiarekiko haren
eraginak arintze aldera. Datuek erakusten dute zenbaterainokoa den
arazo honen hedadura. Horrenbestez, 25 urtez beherakoen langabeen
%72ko portzentajeak lotura estua du ikasketak utzi izanarekin eta
eskola porrotarekin. Kalitate eta Ebaluazio Institutu Nazionalaren
datuen arabera (INCE), Espainiako ikasle nerabeen herena, DBHko
ikasleak, alegia, kalifikazio negatiboak ditu. Irakaskuntza ertainean
ikasleen %32 ikasturtea errepikatzen du, %35 ez du 2. DBH ongi
amaitzen, %48 ez du batxilergoa gainditzen, unibertsitatean ikasketak
uzten dituztenen portzentajea, berriz, %50ekoa da.
Espainian lau haurretatik batek porrot egiten du ikasketetan, horrek
dakartzan arazoak kontuan hartuz, baita psikikoak ere. Matematika,
hizkuntza eta ingelesa dira eskola porrot portzentajerik altuena
eragiten duten gaiak. Europako batez besteko datuak kontuan hartuz
(%20), Espainiako porrot indizea %29koa da gutxi gorabehera,
Portugal soilik dago Espainiako estatuaren aurretik, %45ekin gutxi
gorabehera. Estatistika ofizialek adierazten dute eskola porrotik
handiena duen komunitatea Kanariar Uharteak dela %35,8ko
portzentajerik; Asturiasek du portzentajerik baxuena %14,4koarekin
eta Nafarroak jarraitzen dio %17,3koarekin. Euskal Autonomi
Erkideagoko portzentajea %17,5ekoa da.
Datu hauei eskola mailan ematen den absentismo eta uzte maila altua
gehitzen badiegu, konturatuko gara eskola porrota handia dela gure
artean eta ekintza globalak eskatzen dituela, porrota ez dela ikasle
“nagi” edo “ergelen” gauza. Hezkuntza sistemaren eskakizunak zuzen
60
gainditzeko arazoak dituzten ikasleak egotea ezin zaio norbanakoari
dagozkion arrazoiei soilik egotzi, heziketa arrazoiak, sozialak eta
kulturalak ere badaude.
Ikasleak bere maila eta adinerako aurreikusitako helburuak betetzea
lortzen ez duenean eta bere baliabide intelektualen aprobetxamendu
errealik egiten ez duenean eskola porrotaz hitz egin dezakegu. Horren
ondorioz hezkuntzarekiko jarrera negatiboa izan ohi da. Eskola
porrota eragin dezaketen arrazoiak asko dira. Azpimarragarrienak
ikaskuntzaren nahasketak dira eta nahasketa emozionalak. Ikerketen
arabera, datuak ezberdinak dira baina esan daiteke porroten %2 soilik
direla faktore intelektualen ondorioa, %29, aldiz, ikasketa faktoreak
eragindakoak dira, dislexiak besteak beste. Porrot proportzio bera
eragiten dute mota guztietako nahasketa emozionalek. %10eko
portzentajeak, berriz, Arreta Defizitak eragindako Nahasketa
hiperaktibitateekin (ADNH) lotura estua du.
Halaber, haurrak ikasturte batez baino gehiago ikaskuntza arazoak
pilatu izanaren ondorioz ere suerta daiteke eskola porrota, eta era
berean haurra ikastetxean ez egokitu izanaren sintoma garbia da,
hain zuzen ere, ongi ez hausnartu, antolatu eta bideratu gabeko plan
pedagogikoen ondorioa. Gehiegizko eskakizunekin eta ikaskuntza era
ez eraginkorrekin du azken egoera honek ere harremana.
Consumer aldizkaria, 84. zbk. 2005eko urtarrila
61
ATSEGIN ONURAGARRIA
Dela berotasun lehorra saunan, dela berotasun hezea bainu
turkiarrean, bi-bietan tenperatura berdintsua dago, helburua
transpiratzea izaki. Egun ez da bi espazio horiek gabeko gimnasio edo
bainuetxerik baina asmakuntza hori ez da atzo goizekoa. Beroa
terapia gisa antzina-antzinatik erabili izan da: maiek, aztekek, greziar
eta erromatarrek, turkiarrez gainera noski, lurrunezko bainuak
eguneroko bizitzan zerabiltzaten eta tradizio horri eutsi diote hainbat
herrialdetan. Finlandian, adibidez, sauna bizi-filosofiatzat hartzen
delarik, etxe gutxi-gutxitan ez da saunarik.
Antzinako zibilizazioetan bainu publikoa —garbitzeko aukera ez ezik—
kultura eta ospe handiaren ikur zelarik, egun aisialdiarekin eta
gorputza zaintzearekin hertsikiago dago lotua.
Bai bainu turkiarrak (hammam) bai saunak ere, biek ere izaten dituzte
osasunean eta larruazalean eragin mesedegarriak. Maiztasun jakin
batez erabiltzeak organismoaren desorekak, gaitzak eta gaixotasunak
prebenitzeko balio du. Bi bainu horietan helburu terapeutiko edota
higienikoak erdiesteko hotza eta beroa tartekatzen dira baina forman
desberdinak dira: saunan berotasun bizi eta lehorra dagoen bitartean
bainu turkiarrean tenperatura ez da horren handia baina hezetasuna
dezente handiagoa da; horren ondorioz eta, dirudienaz beste aldera,
saunan bainu turkiarrean baino izerdi gehiago ateratzen dira. Horren
zergatia gorputzaren funtzionamenduak azaltzen du: kanpoko
tenperatura gorputzekoa baino beroago dagoenean organismoak, bere
62
burua freskatzeko, izerdia kanporatzen du, zabalduta dauden
poroetatik likidoa atereaz; likido horrek lurrunduko bada beroa behar
duenez, organismoari berotasuna erauzi eta gorputza freskatu egiten
da. Giroko hezetasunak —bainu turkiarrean gertatzen den bezala—
larruazal osoa estaltzen badu izerdirik ez da kanporatzen, freskatze
eginkizun hori bainuko ur-lurrunak betetzen duelako.
Saunan berotasun(80ºC – 100ºC) lehorra dago, hezetasun erlatiboa
%15era ozta-ozta iristen delarik. Saioak egurrezko gela hermetikoetan
hartzen dira; bertan, hainbat altueratan, egurrezko aulkiak daude
(zenbat eta gorago, hainbat eta beroago), atseden hartzeko.
Berariazko ontzietan hondardun ez diren harriak berotu behar dira
erresistentzia elektrikoen bitartez lortzen da berotasuna
Bainu turkiarra, lurrun-bainua edo hammam (bainua, arabieraz) duela
milaka urte praktikatzen da. Berotasun hezeko bainu honetan
tenperatura ez dago uniforme: lurrean 20ºC – 25ºC dago, metro eta
erdian 40ºC inguru eta buruaren altueran 50ºC. Hezetasuna hemen
%99koa denez, bainu turkiarrak berezkoa den “lainoak” betetzen du
dena.
Espazio hauetan, hormetan dauden erradiadore eta hodietan barrena
doan ur beroak sortzen du beroa.
Sauna eta bainu turkiarrean hartu beharreko neurriak
1. Gorputzak nozitzen duen tenperatura biziaren ondorioz,
taupaden erritmoa bikoiztu egiten da, minutuko 70etatik
140etaraino. Horregatik hain zuzen, sauna eta bainu turkiarra
ez dira egokiak pertsona zahar, haurdun eta osasun arazoak
(hipertentsioa, kardiopatiak, etc) dituztenentzat.
2. Arteria-presio edo barizeak dituztenentzat ere ez dira
gomendatzeko modukoak.
3. Dermatitisak edo basodilatazio gaitzak pairatzen dituenak ere
ez du da egokia sauna edo bainu turkiarra.
63
4. Era berean, bronkioetako gaixotasun larria, epilepsia, anorexia
edo giltzurrunetako kolikoak nozitu dituztenek ere saihets egin
beharko diete.
Consumer aldizkaria , 91. zbk. 2005eko iraila
Bibliografia
Zenbaiten artean: Euskara eta literatura, Batxilergoa 1.DBHO. Ibaizabal argitaletxea, 1997.
Alberdi, Andres: Eskola gramatika. Derrigorrezko bigarren hezkuntza, ELKAR- GIE, Donostia, 1996.
Txosten honetako testu guztiak interneteko euskarazko web guneetatik atera dira; argudio testuak, zenbait idazleren blogetatik ( Xabier Mendiguren, Amatiño, Julen Gabiria), eta beste aldizkari eta egunkarietako artikuluak. Azalpen testuak gehienak, Interneten bidezko Eroskiko Consumer aldizkaritik eta Zientzianet web orrialdeetatik ateratakoak dira.
64