IKASTEA EZ DA HARTZEA
Edo hobeki esateko, ez da hori bakarrik. Hori ere bada, noski; baina gaur egun ikasteaz
zer aditzen den azaltzeko bada hori baino hitz egokiagorik. Honako hauek, adibidez:
sortu, asmatu, eraiki, antolatu, moldatu. Hartzeaz gainera, zerbait jartzea ere eskatuko
bailuke ikasteak.
Garai batean, behaviorismoa indarrean zegoenean, ikastea erantzunak bereganatzea zen,
ohitura eta ohiturak hartzea. Gauzak ikusteko modu honi ezagutza psikologia edo psikologia
kognitiboa deritzan ikuspegia nagusitu zitzaion. Psikologia kognitiboak, hasieran, ikasleak
landu eta berea egin behar duen informazioan ipini zuen arreta. Laster eman zuen, ordea,
hurrengo urratsa. Laboratorioa utzi eta bilaketa-‐‑lana ekintza gertatzen zen eszenategian egiten
hasi ziren eta han ikertzaileek uste baino sortzaileago eta bere lanaren jabeago zen ikaslea
aurkitu zuten. Eta horrela, azken bizpahiru hamarraldi hauetan gailendu den ikuspegiarentzat,
ikaslea ez da hartzaile hutsa, esanahi-‐‑emailea baizik. Iristen zaizkion informazioen esanahia
sortzen, asmatzen eta eraikitzen ahalegintzen da. Bera da bere lanaren lehenengo arduraduna
eta erantzuleenagusia.
Ikastea batez ere ikaslearen arazoa delako ideia hori aski sartua dago orain, teorian behintzat,
irakaskuntzan dabiltzanen artean. Horren frogagarri bikain askoa aldizkari honen izena bera
da: HIK HASI. Ikasi nahi baduk, hiri dagokik hastea; eta hastea bakarrik ez, noski. Izan ere,
euskaraz esan ohi den bezala, "norbera dagoen lekuan Jainkoa"; hau da, gauzak bere bidetik
joatea nahi bada, ez dago bertan egotea baino gauza hoberik. [Ikasleak ere, ikasi nahi badu,
berak saiatu beharko du batez ere. Bertsolaritzaren munduko terminologiaz baliatuz, irakasle,
ikasbide eta materialek gehienez ere gai-‐‑jartzailearen lana egin dezakete; bertsolariaren lekua
eta lana ikasleari dagokio, berak behar baititu moldatu eta ondu bertsoak.]
Baina ikastea hartzea baino gehiago jartzea baldin bada, zer jarri behar du ikasleak? Gaur egun
nagusi den ikuspundu honen barnean sortu eta hazitako kontzeptu batek lagunduko digu
galdera honi erantzuten. Hona kontzeptua: ikaskuntza norberak arautua edo beregaineko
ikaskuntza ("self-‐‑regulated learning", ingelesez). Kontzeptu honen bultzatzaileen arabera,
ikastearen eragile nagusia ikasleak berak egiten dituen urratsak dira, urrats hauek era
sistematikoan bideratzen baitira ikasteko helburura.
Psikologo batzuen arabera, norberak arauturiko ikaskuntzaren ezaugarri nagusia honako hau
izango litzateke: ikasleak berehala aipatuko ditugun hiru ezaguera-‐‑ mota ditu eta ezaguera
horiek malgutasunez erabiltzeko gai da. Hona zer dakien beregaineko ikasleak: (1) ikaste-‐‑lanari
eraginkorki heldu nahi bazaio estrategia batzuk erabili behar direla, ikasteko estrategiak esaten
zaienak; (2) zein diren berak ikasle gisa dituen ezaugarriak eta zein burutu behar duen lanaren
eskakizunaz; eta (3) arlo edo sailari buruzko ezaguera.
Dena dela, gauza hauek jakitea beharrezkoa bada ere, ez da nahikoa: azken urte hauetako
ikerketak hori ari dira uzten agerian. Estrategia kognitibo (aurreko lerrokadan aipatu den 3.
jakite-‐‑mota) eta metakognitiboen (aurreneko bi jakite-‐‑ motak) jabe izateaz gain, estrategia
horiek erabiltzeko motibaturik ere egon behar dute ikasleek. Hitz gutxitan esateko, ahal izatea
ez da nahikoa; nahi izatea ere beharrezkoa da. [Gauza jakina da ikertzaileek bi motibazio-‐‑mota
bereizten dituztela: kanpoko motibazioa (ikasteko bultzagarri eta akuilu gisa sariak eta notak
erabiltzen dira) eta barneko motibazioa (ikasi behar dena bera erakargarria eta interesgarria
da ikaslearentzat). Irakasleen egitekoa da barneko motibazioa ernarazten ahalegintzea;
kanpoko motibazioa erabat baztertu gabe, noski, zeren askotan barnekoa pizteko eta
iratzartzeko indarra baitu.]
Merezi du, hortaz, aintzat hartzea motibatzeko prozesuan parte hartzen duten aldagaiak.
Zenbait autoren arabera, norbera gidari den ikaskuntzaren motibaziozko osagaiak honako
hauek dira: itxaropena, egitekoari ikasleak ematen dion balioa eta egitekoak ikaslearengan
sortzen dituen emoziozko erreakzioak. Goleman-‐‑ek, Emotional Intelligence izeneko liburuan,
aldagaiak honako bi hauetara biltzen ditu: itxaropena eta baikortasuna edo optimismoa. Bi
hauez ariko gara ondoko lerroetan. Baina aurrera egin baino lehen, ikasleak eginkizunari
ematen dion balioa ere aipatu dugunez, ez da gaizki etorriko gogoratzea joan den mendean
Agustin Iturriagak horretaz idatzi zuena: "Gauzak balio du ematen zaion arreta bera".
Itxaropena "zure helburuak lortu nahi dituzula eta lortu ahal dituzula sinestea" da, Goleman-‐‑ek
aipatzen duen Snyder psikologoaren arabera. Snyder-‐‑ek dionez, adimen-‐‑gaitasun baliokidea
duten ikasleak beren akademi lorpenetan konparatzen direnean, esperantza da batzuk
besteengandik desberdintzen dituena. Eskolan arrakasta izateko ez ezik, zeregin astun eta
gogaikarrietan iraupena izateko ere mesedegarria da itxaropena. Hona hemen itxaropen
handiko jendeen ezaugarri batzuk: beren buruak motibatzeko gauza dira, beren helburuak
lortzen asmatuko dutela espero dute, estualdietan badakite barrena lasaitzen esanez beren
artean gauzak hobetuko direla eta egiteko zail eta beldurgarriak zati txikiago eta erabilt-‐‑
errazagoetan banatzeko gaitasun handia dute.
Baikortasunak zerikusi handia du itxaropenarekin. Honek bezala, hark ere ideia hau adierazten
du: uste izatea, uste sendoz, norberaren bizitzan gauzak erabat hartuta ongi aterako direla.
Baikortasunak, hala ere, itxaropen kontzeptuan ageri ez den alderdi hau ere adierazten du: ea
bakoitzak nola esaten eta azaltzen dizkion bere buruari bere arrakastak eta bere porrotak.
Zentzu honetan hartzen dute psikologoek optimismo hitza. Baikorra denak porrotaren aurrean
jarrera hau hartzen du: porrota alda daitekeen zerbaitek ekarri du, beraz hurrengoan arrakasta
izan dezaket. Ezkorrak, aldiz, porrotaren errua bere gain hartzen du eta bere ustez aldaezina
den ezaugarri iraunkorren bati egozten dio. Esan gabe doa azalpen ezberdin hauek zerikusi
handia dutela pertsona bakoitzak bizitzari erantzuten dion moduan. Eta gure gaiari lotuz,
optimismoak ere, itxaropenak bezala, akademi arrakasta aurrez esateko balio du. Adimen-‐‑
testek gaitasuna neurtzen dute; ondorio onak eta txarrak interpretatu eta nork bere buruari
azaltzeko moduak nork etsiko duen iragartzenedu.
Optimismoa eta itxaropena psikologoek nork bere eraginkortasuna ("self-‐‑ efficacy") esaten
dioten jarreran oinarritzen dira. Bere burua eraginkortzat daukanaren ustea da bere bizitzako
gertaerak mendean dauzkala eta letozkeen eragozpen eta zailtasunak gainditzeko gai dela.
Edozein gaitasun hedatu eta garatzeak nork bera eraginkorra denaren sentimena indartzea
dakar. Sentimen honen eraginez, pertsonak beldurra galtzen dio arriskuari eta erronka gero eta
gogorragoak bilatzen ditu. Eta erronka horiek garaitzeak, bere aldetik, norbere
eraginkortasunaren sentimena gehitzea du ondorio. Jarrera honi esker, jendeak modurik
hoberenean erabil ditzake bere trebetasunak.
Hauek dira ikasleak bere lanera eraman behar dituen eta lan horretan jarri behar dituen
gauzetako batzuk. Irakasleek -‐‑irakasleok-‐‑ badugu hor zertan saia. Izan ere, Goleman-‐‑ek
psikologoen ikerketetan oinarrituz dionez, optimismoa eta itxaropena ikas liteke . Eta
irakasterik ere bai, noski.
Huizi, P. (1996). Ikastea ez da hartzea. Hik hasi, 8, 33-‐‑34.
Top Related