Irakaskuntzan hobetzeko behar duguna: arrazionalagoak eta errealistagoak izan.
Utopiak ondo daude baina errealitatea tematia da oso. Ez gaitezen korrontearen
kontra igeriketan ibili. Are gehiago, zezenak atzetik datozela susmatuz gero hobe
duzu jende guztiak hartu duen norabide berean korrika egitea... (Eta herren
bazaude, oihuka ezazu, EZ EGIN KORRIKA, OKERRAGOA IZANGO DA ETA!)
Izan zaitez arrazionala. Izan zaitez errealista!
Beste ikasturte bat igaro da eta dagoeneko nire aurtengo kanpaina
auto-ebaluatzen hasi beharko nuke. Egindako akatsetatik ikasteko eta...
Nire ikasleen emaitzak onak eta txarrak izan direla esan beharko nuke sortu
ditugun estatistikei begira. D ereduko ikasle euskaldunei edo ia-euskaldunei, B1,
B2 inguru horretan dabiltzanei, nota onak banatu diedala uste dut. Guztiek
gainditu dute arrazoi batengatik edo beste batengatik: NAhiko batzuk, Ondo eta
Oso Ondo asko eta BIkainen bat edo beste ere banatu dut eta GUtxi bakar bat ere
ez, lehenengo aldiz urtetan. Gaussen ezkilaren eskuinaldea, alde positiboa
besterik ez dugu ikusi gure azken emaitzetan. Eta hori oso motibazio gutxiko
ikasleak ere izan ditudala kontuan harturik!
Ez dut uste tranpa handirik egin dudanik, aurretik programatu nuena inork ez
zidan atzera bota eta nire notei inork ez die, nire aurrean behintzat, aparteko
kritikarik egin. Lankide bakar batek egin zidan kontu hauetan iradokizun bakar
bat eta nota bat ea puntu bat igo nezakeen galdetzeko besterik ez zen izan. Goitik
datorkigun aginte horrek, ebaluazio jarraituari bizkar emateko beharra eta
aparteko azken azterketa egin behar horrek azaltzen du nola ikasle
desmotibatuenak ere, azken txanpan, baleko azterketatxoa egin dezake eta
aurrera...
B ereduko nire ikasle ez euskaldunekin, (B eredua izenez A eredua izanez), A1
helburu zutenekin, gehienekin beraz, frakasoa ia erabatekoa. Baikor izanda,
laurden batek-edo lortu du helburua: A1 maila horretara iristea.
Aitzakiak bilatzen hastea baino arrazoiak bilatzea nahi nuke.
Hizkuntza bat eskuratuko da hizkuntza horrekin eta hizkuntza horretan egiten
ditugun harremanei esker. Zenbat eta harreman handiagoa hizkuntza batekin
orduan eta aukera handiagoa hizkuntza hori eskuratzeko.
Premisa hori ontzat hartuz gero hizkuntza bat irakasteko hizkuntza bera
erabiltzea komeni, komunikatzea baldin bada helburu. Hizkuntzan murgiltzea
izango litzateke aurrera egiteko biderik azkarrena.
Gurea bezala ia erabat erdaldundu den herri batean gure ikasle askok eta askok
hezkuntza sistemaren bidez besterik ez dute euskararekin harremana. D ereduko
ikasle batek ikasturte osoan huts egin gabe eskolara joango balitz eta bertan
euskaraz egiten diren irakasgaietan euskararekin harreman estuan egongo balitz,
(alboko ikaskidearekin gaztelaniaz etengabe egingo ez balu-eta), urtean 176
eskola egun, egunero seitik laupabost saio... Urteak 365, egunero 16 ordu esna,
itzarrik... Kalkulagailua atera eta gure D ereduko ikaslearen euskararekiko
harremana, niri, % 11ren azpitik dagoela ateratzen zait. Etxean euskararekiko
harremana hutsaren hurrengoa baldin bada behintzat. Honi murgilketa esaten
zaio, murgiltze-programa.
Oso bestelakoa izan da gure B ereduko ikasleen euskararekiko harremana. Gurean
B eredua izenez baina guztiok dakigunez A eredua izanez. Astean hiruzpalau
saio euskara (eta euskal literatura kar-kar) ikasteko. DBH lehen zikloan astean lau
saio eta bigarren zikloan hiru saio. Kalkulagailua atera eta euskararekiko
harremana, ingelesaren pare oraingoan. Gure ikaslearen euskararekiko
harremana bere denboraren % 2,4 edo % 1,8 izango litzateke euskara saioak ordu
bete iraungo balu eta ordu osoa euskara entzuten, irakurtzen eta erabiltzen
egongo bagina. Honi B eredua deitzen zaio gurean. Helduek, Hizkuntza Eskoletan
edo euskaltegietan askoz aukera hobea daukate. Astean askoz ordu gehiago.
Salbuespen egoeran
Aurten, agi denez, euskara eta literatura irakasgaian ebaluatua izatetik
salbuetsita geratzeko baldintzak zabaldu egin dira. Hemendik aurrera B eredura
etorri berri diren ikasle gehienek edo guztiek euskara irakasgaian ebaluatzetik
salbuetsita geratzeko "eskubidea" izango dute.
Gurean, bost lerroko ikastetxe batean, etorri berri guztiak, eskualde zabaleko
etorri berriak beste B eredurik ez nonbait eta gure "B" ereduko lerro bakarrera
bideratu dira ia beti. Hortxe jasotzen duten mezua, euskara astean hiruzpalau
saio, kito. Askotan saio horietan ikasgelatik irten irakasle laguntzailearekin baina
ez kezkatu larregi, ez da notarako eta. Gainera, gero, kalean, nekez entzungo eta
euskaldun guztiek erdaraz egingo dizute, atzerritarra zara eta. Noentiendismoan
eroso bizitzeko aukera osoa. Aukera baino, beharra. Eskolan hasten da kontua.
Ingelesa, ekuazioak, mundu gerrak, Machado ikasi egin behar dira. Euskara
ebaluatzetik, ikastetik beraz, hainbat arrazoiengatik salbuetsita zaude. Euskera
voluntarioa da, nire Arabar Batasunako herkideek urtetan aldarrikatu zuten legez.
Euskara eta erlijioa ez, beste guztia da Derrigorrezko Hezkuntza.
Euskara salbuespen egoeran dago. Derrigorrezko eskolaldia onik, tituluarekin,
bukatutzat eman daiteke gure herrian A1 maila ere izan gabe bertoko hizkuntza
ofizial batean. Euskaltegietara jo beharko geroago, hezkuntza sistematik kanpo,
euskalduntzeko aukera izateko, (EAEn kultura saileko eskuduntzakoak dira
euskaltegiak).
B ereduko heren batek eta D ereduko 2/3 lortzen omen dute B2 maila baina
zenbatek ez du ezta A1 maila edo A2 maila horiek ere lortzen? Nik dakidala ez da
oraino inoiz ikertu.
Gure estatistikak
Gure B ereduko estatistikak hona ekartzeko gogoa izan dut. Ea baten batek
salaketa jartzen digun.
DBH lehen zikloa bukatu duen taldean 5/17 ikaslek lortu dute A1 maila nik uste.
Horietatik bik ez dute eredu honetan lortu, D eredutik erauziak ziren eta hori eta
gehiago agian bazekarten. Hamabi GUtxiegi sinatu beharko nituzke aktetan
12/17. Baina ez, horietako bik NAhikoa eskuratu dute etorri-berri-berriei jartzen
zaizkien helburu bereziekin ebaluatu ditugulako eta beste ikasle bat ebaluatzetik
SALbuetsita geratu da. Hiru irakasle ibili gara elkarlanean emaitza kaxkar horiek
lortzeko. Batzuetan bakarrik egon naiz baina beste batzuetan bizpahiru irakasle
ibili gara ikasgelan. Hala eta guztiz ere,talentu gutxikoak izango gara zeren gure
"B"ereduko talde honetan hobekuntza dexente antzeman dira aurten, material
suntsiketa eta irain, borroka eta elkarbizitzaren aurkako urratze gutxiago,
esaterako, baina heren batek ere ez du lortu A1 helburua. Segi salaketa
epaitegian jartzera!
DBH bigarren zikloa bukatu duen taldean emaitzak are eskasagoak izan dira nik
uste. 4/10 ikaslek lortu dute A1 maila. Baina ikasleek beraiek adierazi didate
DBH2. ikasturtea egin zutenean euskara gehiago zekitela DBH4. egin dutenean
baino. Hemen ere D eredutik erauzia izan diren ikasle pare batek txukuntzen
dituzte kopuruak. Horrela bakarrik lortu da batek A2 mailarekin Derrigorrezko
Hezkuntzako titulua eta beste hiruk A1 maila baina gehienek ezta hori ere. Hala
eta guztiz ere, ez pentsa A1 maila lortu ez dutenek DBHko titulurik gabe geratu
direnik. Gurean titulua hiru GUtxiegirekin ere lor daiteke (horrela lortu dute
hamarretik hiruk; 3/10). Eta B eredua izanda euskaraz Non duzu eskua? bezalako
galderak ulertu barik ere bai, euskara gainditu ez alde batetik, A1 maila ez, baina
Bigarren Hezkuntzako titulua lor daiteke (horrela eskuratu dute titulua talde
honetako %30ek).
Nire kanpaina
Beste borroka batzuk aldez aurretik galdutzat eman eta nire aurtengo kanpaina
nagusia, bazterkeriaren kontra izan da. Handik eta hemendik ibili naiz gure
ikastetxean eta hedatuz gure herrian daukagun hezkuntza sistemak
bazterkeria sustatzen duela esanez. Publizitateko lizentzia horietako bat izango
da Bazterkeria edo Apartheid hitzak erabiltzea gure hezkuntza sistema
deskribatzeko? Nolako sistema batean onar daiteke gurea bezalako bost lerroko
ikastetxe batean etorri berri guztiak batuta egotea curriculum desberdin batekin?
Eta noiz edo noiz D ereduan arazo gehien sortzen duten zenbait ikasle talde
horretara bideratu egin dira. Eta noiz edo noiz talde horietan ikasle bereziki onen
bat topatu bada D eredura bideratu egin da.
Talde horietan gure hezkuntza sistemak errekurtso asko jartzen ditu. Gurasokeria
itzelarekin jokatzen da ikasle horiekin, koittauak, irakasle laguntzaile, aparteko
orduetako monitoreak...
Nire ustez ikasle horiek behar dutena haiekin normalago jokatzea da. Ni atzerrira
joango banintz ez nuke onartuko nire alaba horrelako talde batean bazterturik
egotea. Kataluniara joango banintz, esaterako, ez nuke onartuko planteamendu
hori. Gure alaba atzerritarren taldean, katalana astean hiruzpalau ordu bakarrik
eta esaten ez bada ere curriculum egokituarekin. Eta eskola ordutik kanpo
aparteko eskolak katalana propio indartzeko. Gure alaba bertokoek legez ikastea
exijituko nuke, katalana edukien bidez ikas zezala exijituko nuke.
Baina horrelakorik ez da Katalunian gertatzen. Katalunian hizkuntza eredu
bakarra daukate, gure D ereduaren parekoa; hori gurean besterik ez da gertatzen.
Gurean etorri berriei bi sistema, publikoa eta itunpekoa, eta hiru hizkuntz eredu
eskaintzen zaie eta askok publiko erdaldunenera jotzen dute bere
seme-alabentzat errazagoa-edo izango delakoan. (Aurten lan gehien eman
didaten bi taldeetan guztira 27 ikasle izan ditut. Ikasle horietatik hogeita bostek
bi gurasoak gure herrira aurreko urteotan etorriak. Beste bi ikasleak D eredutik
hainbat diziplina problemengatik erauziak ziren).
Emaitzak guztiok ezagutzen ditugu. Talde horietako emaitza akademikoak,
curriculum egokitua eta guzti, txarrak edo oso txarrak. Gaitasun batzuk ondo
lantzen dira giro aldrebes horretan baina beste batzuk batere ez. Gaitasun
guztietatik kaltetuena, jakina, niri bereziki lantzea egokitu zaidana, euskaraz
komunikatzeko gaitasuna.
Nire ikasturteko kanpaina nagusienetako bat bazterkeria horrekin bukatzeko
beharra aldarrikatzea izan da. Euskara mintegian hasieran eta metodologia
taldean geroago, aurreko argumentuak eta beste batzuk erabili izan ditut gure
ikastetxean egin daitekeen aldakuntza sustatzeko. Apartheid egoerarekin, talde
berezi horiekin bukatu egin behar dela defendatu dut baita kafe makinaren
aurrean ere.
Goiko estatistika horiek ez dute erakusten zelako talde homogeneoak sortzen diren hainbat
eskola publikotan non eredu erdaldunenean ia ikasle guztiak etorkin.
Zergatik familia etorkinek ez dituzte bertoko familiek egiten dituzten antzeko
aukerak egiten? (Bertoko familietan lau haurretatik hiru D ereduan, etorri
berriak diren familietan lautik bat).
...
Jakin dugu datorren ikasturtean aukera ezin hobea genuela aldaketa hori
gauzatzeko. Lehenengo mailara zortzi ikasle besterik ez datoz "B" eredura. Zortzi
gehi bi errepikatzaile hamar. Bost lerroko ikastetxe batean bost taldetan
banatuko bagenitu hamar horiek eta bost taldeetan euskaraz heziko bagenitu,
desdobleak egin beharko genituzke matematika orduetan ereduen arautegiari
bizkarra ez emateko... Ikasleak benetan integratzeko benetako ahalegina egiten
ibiliko ginateke. Ikasle horiei ematen zaizkien laguntzek ere zentzua izango
lukete. Zertarako indartu euskara A ereduan? Zertarako HIPIak eta aparteko
eskola orduetako monitoreak, udalak ordainduak alde batetik eta
Jaurlaritzarenak bestetik? A1 maila ez daukaten ikaskideen pare azkarrago
iristeko?
Talde euskaldunean sartuz gero ikasleak euskara ikasteko beharra antzeman
lezake. Agian eskaintzen zaizkion aparteko orduetara joateko ahalegina ere
errazago egingo luke. (Orain arte, aparteko ordutegiko saioetara hamaika
sasi-eskola).
Proiektu horrek oihartzun handia izan zuen ikasturteko garai batean.
Zuzendaritza taldeak proiektua bere egin zuen. Zenbait forotan eztabaidatu zen
eta bazirudien jendeak ez zuela kontrako argudiorik. Foroa zenbat eta handiago
orduan eta kontrako argudio gutxiago entzuten ziren.
Baina jakina, irakasle batzuk bazituzten bere zalantzak. Foro ireki horien atzetik
zenbait mugimendu egongo ziren eta kontua da datorren urtean ere bazterkeria
taldea egongo dela. Irakasle batzuk "B" eredukoak D eredukoekin elkartzeari
ezetz biribila eman diote. Foro zabaletan isildu ziren baina atzetik zuzendaritzara
joan eta egin beharrekoak egiteko prest ez zeudela adierazi...
Pena.
Gaindi dezagun gure hezkuntza sistemako bazterkeria. Utikan eskola publikoetako etorkinekin
dagoen Apartheida. (Argazkiaren egilea, Josu Sierra)
...
Ikasturte amaierako klaustroan murriztapenak iragarri dituzte datorren
ikasturterako. Gaixoaldiak bosgarren egunetik aurrera bakarrik ordezkatuko dira
horretarako propio bidalitako pertsonekin. Lehen laupabost egunetan bertoko
zaintzako irakasleek egin beharko ordezkapena. Bestalde, batzuk diote irakasle
laguntzaile pilo bat desagertu egingo direla. Arrazoi ekonomikoengatik
bazterkeria taldeetan batez ere nabarituko omen dira murriztapenak...
Nago ez direla murriztapen horiek emaitzetan gehiegi antzemango. Alferrikako
errekurtso asko xahutzen du sistemak gurasokeriaz ikasle normalei aparteko
"laguntzak" ematen. Horretara dedikatzen diren nire kideekiko errespetu
guztiarekin diot hau, ni ere horretan ibilia naiz-eta baina A ereduan euskara
indartzea erabateko kontraesana iruditzen zait, esaterako. Euskara ordu
bakanetan ikasgelatik ikasleak ateratzea eskola pribatuak jasotzera, aparteko
orduak monitoreekin... Zentzugabekeria asko ikusten dira ikastetxeetan.
Gustatuko litzaidake pentsatzea hemendik urte betera bazterkeria taldekoak
beste taldekoekin integratuko dituztela baina aurten, tamalez, beste hamar ikasle
gure sistema arruntetik kanpo utzi dira gurean. Eta datorren urtean kontu honek
nekez izango du aurten zuzendaritzatik izan duen bultzada.
Oraingoz niretzat ikasturtea amaitu egin da. Uztailean gaude. Irakasteari utzi eta
ikasteko aukera...
Top Related