Aitaitarekin elkarrizketan 2.doc

11
URIONDOKO ETXE ZAHARRA Aitaitaren aitona Uriondon jaio zen. Argazkian ikusten den etxean bizi zen, eta han jaio ziren aitaitaren aita, osaba eta izekoak. AITAITAREKIN 2012.eko Apirilaren Aitaita Carmelo elkarriztatu dugu extean, bere bizitzari buruz zerbait gehiago ezagutzeko. Gaztaroan zelan bizi zen kontatuko digu: non jaio zen , nolako ikasketak egin zituen, zertan aritu zen lanean, zer egiten zuen aisialdian… Carmelok berak, Gerra Zibila haurra zela sufritu zuen. Gerra eta gerra osteko Lehenik eta behin, kontaidazu noiz jaio zinen, non eta zure gurasoei buruz zertxobait. 1932.eko Urtarrilaren 5ean jaio nintzen Zeberion. Gurasoak Zeberiokoak nituen biak, aita Manuel eta ama Gregoria. Aita fabrikan beharrean ibiltzen zen familia mantendu ahal izateko eta ama berriz etxean egoten zen, soloko lanak, arropa eta etxe garbiketa ELKARRIZKETAN [1]

Transcript of Aitaitarekin elkarrizketan 2.doc

Page 1: Aitaitarekin elkarrizketan 2.doc

URIONDOKO ETXE ZAHARRAAitaitaren aitona Uriondon jaio zen. Argazkian ikusten den etxean bizi zen, eta han jaio ziren aitaitaren aita, osaba eta izekoak.

AITAITAREKIN2012.eko Apirilaren 28a.

Aitaita Carmelo elkarriztatu dugu extean, bere bizitzari buruz zerbait gehiago ezagutzeko. Gaztaroan zelan bizi zen kontatuko digu: non jaio zen , nolako ikasketak egin zituen, zertan aritu zen lanean, zer egiten zuen aisialdian… Carmelok berak, Gerra Zibila haurra zela sufritu zuen. Gerra eta gerra osteko denbora nola bizi izan zuen ere azalduko digu.

Lehenik eta behin, kontaidazu noiz jaio zinen, non eta zure gurasoei buruz zertxobait.

1932.eko Urtarrilaren 5ean jaio nintzen Zeberion. Gurasoak Zeberiokoak nituen biak, aita Manuel eta ama Gregoria. Aita fabrikan beharrean ibiltzen zen familia mantendu ahal izateko eta ama berriz etxean egoten zen, soloko lanak, arropa eta etxe garbiketa egiten. Neba-arrebarik ez daukat, seme bakarra naiz .

Zeberio herri oso handia da. Non zegoen kokatuta zuen etxea?

Aitita Uriondon bizi zen eta aitaren neba-arreba guztiak bertan hazi ziren. Aita ezkondu zenean, alboko etxe berri batera joan zen bizitzen, eta hantxe jaio nintzen. Hogeita bi etxe edo zeuden orduan Uriondon. Lehenago auzo umoretsua zen. Erromeriak edozein kortatan egiten ziren. Orain jende gutxi bizi da han.

ELKARRIZKETAN

[1]

Page 2: Aitaitarekin elkarrizketan 2.doc

Zelakoa zen zuen etxea? Solorik bazenuten?

Ni jaio nintzen etxean zeuden sala, suetea2, eskusatua3 eta lau koarto, gero korta eta kamara. Soloak inguruan genituen . Etxean solorako erremintak egoten ziren: laiak, aitzurrak, mokil porrak … Solotik bizi ginen orduan. Ganaduak edukitzen genituen guk, soloan behar egiteko. Gurean aitak fabrikan egiten zuen behar, baina famili batzuk labrantzatik bakarrik bizi ziren. Aita iluntzean etortzen zen fabrikatik: joateko ordu bat, hamar ordu fabrikan egin, gorantz beste ordu bat. Orduan astoa eta kodaina ateratzen nizkion nik aitari. Belarra ebaki, berak karga bat eta astoa, hori zen aitaren “meriendea”.

Etxean ez genuen ez urik eta ez argirik. Umetan ganaduen apatzen zuloetan zegoen ura be edaten genuen. Eta ardia koiu4 , bik agarratu5 eta besteak esnea edan. Bizimodu diferentea zen.

Etxea zuena zen?

Uriondoko etxe eta solo gehienak propietario6 batenak ziren. Gurea be, alkilatuta7 zegoen. Santo Tomas egunean joaten ziren Arkulandara, urteko errenta pagetan, errentadore guztiak. Orduan propietarioak ematen zieten bazkaria errentadoreei. Aitagaz ez zuen tratu onik, politikagatik. Eta propietarioak aitari esan zion: “Hitzako etzauk bazkaririk!”8. Horrelako lotsabakokeriak9 egiten zizkion.

Etxean lan egiten zenuen?

Amak eta biok egiten genituen etxeko lanak, aita beharrean ibiltzen zelako. Amak soloko lanak, arropa garbitu, bazkaria prestatzen zuen… Gogoan daukat arropa garbitzeko iturrien zegoela aska10 bat, eginda harriagaz11, eta han egoten ziren emakumeak arropa garbitzen.

Soloan koiu egiten zena jaten zen. Etxe batzuetan ganadua be egoten zen. Orduan frigorifikorik ez zegoen eta txerrikiak gatza emanda, tiraderan sartzen ziren kontserbatzeko.

Eta umeak nork hazten zituen? Nork hesitzen zituen?

Nire gazte denboran umeak neba-arrebekaz hesitzen ziren. 5 urte zituenak 2 urtekoa jagoten zuen, ez zuen amak zaintzen. Eta neba arreba nagusiak beraiek bakarrik hazten ziren. Orduan ez zegoen kridarik umeak jagoteko. Ni bakarra nintzen, eta ni amak jagoten ninduen.

Uriondon sustraiak.Ezkerran, aitaita jaio zen etxea, Uriondon.Behean, aitaitaren aitona Manuel Ayesta, abade batekin.

[2]

Page 3: Aitaitarekin elkarrizketan 2.doc

Eta han pasatu zenuen gaztaroa?

Ez. Hamabi urtegaz Egiara joan ginen, plaza ondoan dagoen auzo batera . Han be etxea antzekoa zen: sala, suetea, eskusatua eta honek hiru koarto, korta eta kamara. Soloak etxe aurrean eta etxe ostean genituen. Egiako etxea be errentan zegoen, baina geroago erosi genuen eta konpondu.

Gaur egun umeak ikastetxera oso txikitatik doaz, garai hartan ere berdin zen ?

Orduan 8 urtegaz hasten ginen eskolan. Santa Gurutzen egoan eskola, orain botata dago. Uriondoko gehienak izaten ginen erdararik ez genekienak. Beheko etxeetan eta, erdara gehiago egiten zen, Uriondon dena euskara.Nik neuk be erdaraz entenditu apur bat. Eskolan dena erdaraz zen eta Durangora joan nintzen kurtso baten erdara ikasteko.

Maisuak, beraz, erdaldunak ziren?

Orduan Zeberion ez zegoen karreradunik!. Hemen denak kanpokoak izaten ziren. Lehenengo maistra2 Miraballesen bizi zen eta oinez etortzen zen Miraballesetik. Txerria hil orduan, maistrari mortxilak3 eta eroaten genizkion. Egiara joan ginenean, plazako eskolara hasi nintzen. Han beste maisu batzuk. Baina denak erdaldunak.

Eta zer ikasten zenuten?

Ba guk geneukan liburu bat: entziklopedia . Han zegoen dena, matematikak, historia, geografia, geometria … dena liburu baten. Doktrina be ikasten genuen. Klaseak ez dakit zehatz-mehatz zein egunetan hasten ziren eta zeinetan bukatu baina nik uste ez dela asko aldatu, egutegia nahiko antzekoa zela. Badakidana da goizeko bederatzietan hasten ginela ordu batak arte, gero etxea urrun zegoenez bertan bazkaltzen genuen eta gero ba, ez dakit, bostak arte edo. Etxetik ordu erdi geneukan eskolara.

Klasetik kanpo, zelan pasatzen zenuten denbora?

Lagunekaz jolasean ibiltzen ginen. Iluntzetan ostendutara4 olgetan genuen, marroka, intxaurrak potxora sartzera eta txirrindolan be ibiltzen. Gero hamar urtetik gorakoek futbolean olgetan genuen trapuzko baloiak eginda. Gazte gaztetako gauzak.

Aitaitaren aita eta neba-arrebak.Ezkerretik:Jose, Boni, Pedro, Manu, Lino, Leona eta Florentina. Aitaitaren aita Manu zen.

[3]

Page 4: Aitaitarekin elkarrizketan 2.doc

Noiz bukatu zenituen ikasketak?

Eskola akabatu baino lehenago, alkate palentino batek eroan ninduen sekretario2 gana, ikasteko. Hak bialduta joan nintzen ayuntamientura3. Gero alkatea bota egin zuten eta atzera joan nintzen eskolara. Han egon zen alkaterik onena zen, baina tasak ipini gura eta propietarioak ez zeuden pozik. Eskolan ibiliko nintzen hamabost urte eduki arte edo. Nik neuk estudiatu gure nuen, ahal izan banu estudiatu.

Eta eskolatik kanpo, zerbait ikasi zenuen?

Ezkondu baino lehen, “CEAC por correspondencia maestro albañil” estudiatzen ibili nintzen. Eguerdian, trenean, gauean, domeketan … beti leiduten4. Osterantzean, ez dut gehiago ikasi.

Eta lanari buruz, Zertan lan egiten zenuen? Non?

Hamasei urtegaz arotz ikasten hasi nintzen , egunean pezeta bat irabazten. Etxea erosi orduan, Egiko etxea, erosi genuen zorretan. Hogeitazazpi mila pezeta ziren eta hogeitabi mila falta genituen. Gero, ha5 pagetako irabazi egin behar zen. Hamazortzi urtegaz hasi nintzen obretan beharrean. Markiogaz6 ibili nintzen urte ta erdi edo, gero Bidebietara… . Aitak baino gehiago irabazten nuen, hogei pezeta egunean.

Lan baldintzak zelakoak ziren ?

Ni nintzen albañila7 eta ez nuen behar egiteko leku finkorik, obra zegoen lekuan egiten nuen lan. Obra akabatu orduko beste batera, hola ibiltzen ginen. Lehenengo obretan hirurogei ordu egiten genituen astean, hamar eguneko, zapatuetan ere behar egiten genuen. Honenbestean8 ibiltzen ginen, destajuan. Orduan beharrik ez zen falta, irabazi gutxi eta asko behar egin.

Egiako etxea.Hamabi urtegaz Egiara joan ziren bizitzera. Gero etxea erosi eta aitaitak berak konpondu zuen.

[4]

Page 5: Aitaitarekin elkarrizketan 2.doc

Eta etxean ere lana egongo zen …

Hogei urtegaz hamaika hilabete bota nituen etxean beharrean. Egiako etxeari egin nion: etxea altxatu eta posteak ebaki, airean utzi. Gero azpitik horma egin. Amak laguntzen zidan, morteroa2 ekartzen eta. Kanpoan beharra eduki eta etxean paratu, etxea konpontzeko. Orduan neuzkan hogei urte baino gutxiago, zuk baino bi urte gehiago.

Lana alde batera utzita, nola pasatzen zenuten denbora librea?

Zapatuetan arratsaldera arte behar egiten genuen. Domekan joaten zen mezara eta ez zegoen denbora askorik. Nobia eduki ezkero, arratsaldean nobiagaz. Ostera antzean, erromeriara lagunekaz.

Ni hogeitahiru urtegaz edo, nobiagaz hasi nintzen. Batzuk eguenean geratzen ziren nobiagaz. Baina ni Zeberiokoa nintzenez eta bera Arrigorriagakoa domeketan ibiltzen ginen. Autobus ordu bi eta erdietan hartzen nuen Zeberion eta bostak arte Arrigorriagan itxaroten nion. Eta elkarrekin geundenean batzuetan zinera joaten ginen eta bestetan herrian bertan geratzen ginen buelta bat ematen. Gero gaueko hamarretan edo etxera.

Aitaitaren gurasoak.Manu eta Gregori aitaitaren gurasoak oraingo etxean, Arrigorriagan.

Aitaita eta amama Upon.Eskumatik hasita aitaita Carmelo eta amama Juanita, Upo mendian.Beste bikotea Markioko lehengusina eta senarra.

[5]

Page 6: Aitaitarekin elkarrizketan 2.doc

Zu oso gazte zinen gerra denboran. Zer gogoratzen duzu?

Bai, gerra ni oso gaztea nintzela hasi zen, bost urte nituen. Ama beharrean egoten zen soloan , eta ni hamaikak inguruan itzartzen nintzen eta hari lagundu egiten nion. Ni ume nintzenean, gerra konturik ez zitzaigun umeei aipatzen. Gainera orduan ez zegoen ez irratirik, ez egunkaririk, ez telebistarik, asike3 oso berri gutxi heltzen ziren herrira.

Ortuan zuen zanga bat eginda aitak. Gainetik egurra, tabloiak eta lurra ipinita. Han zen urgentziarako gordelekua. Osterantzean, errefugioa4 beherago zegoen. Berezkoa izango zen zuloa, lupetza eta zegoen, eta han sartzen ginen. Oraindokarren5 be6 akorduen daukat, udaberria zen eta, hango orrien usaina.

Abioiak etortzen zirenean beheko errefugiora joateko agindua zuen amak. Bonbarik eta ez zuten bota Uriondo. Jausi egin zitzaien bat edo, Larragan eta Uriondo artean. Eta aitak esaten zidan: “Ama joan da errefugiora?”. Eta ama han goian. Aita

haserretu egiten zen amagaz, errefugiora ez joateagatik.

Aitaitaren Jaun hartzea eskuman, eta eskontzako argazkia behean.

[6]

Page 7: Aitaitarekin elkarrizketan 2.doc

Zure osabek gerran ibili ziren?

Aitaren anaiak, gazteena Lino2 zena izan ezean, beste denak frentera eroan zituzten. Gerra akabatu3 zenean ere, soldadu denboraldiak egiten zituzten. Tio Linok suerte handia izan zuen, gazteegia zenez ez zen gerrara joan. Urte asko egin zituen soldadu, baina gerran ez zen ibili.

Denak errepublikaren alde?

Bai, denak. Baina beste etxe batzuetan ez zen hola izan. Batzuk koiu zituzten batzuk eta besteek beste batzuk, segun nork agintzen zuen. Bazeuden anaiak, bata frente batean eta bestea bestean. Segun nork agintzen zuen. Uriondon be, etxe batekoak txapel gorriekaz ibiltzen ziren, reketeak4. Gerra zibila txarrena da.

Zeberion egon zen batailarik?

Ez dakit nik. Zeberion tiroka ez dut pentsatzen. Upon egin zituzten trintxerak. Astoagaz ibilita nago alanbreak eroaten.

Uriondora joan ziren, segun, milizianoak5. Etxeak sakeatu eta gauzak eroan. Errekisau egiten zituzten. Txalak eta eroan behar herrira. Gerra ostean be, zakukadak indaba eta entregatzen ziren. Batailak Lemoako hatzan eta bai, egunez abioiek bonbardaketan eta gauean hemengoek hartzen zuten berriro hatza.

Zure aita kartzelara eraman zuten, ez da?

Aita eta, espaka joan ziren 6Encartaciones7 edo horrantz. Han etxe batean koiu zituzten eta … “A ver, ¿quién es el que manda?”. Besteek eskolarik ez zekiten eta aitak apur bat, eta “El que manda, ese…”. Orduan militarrak aitari esan zion: “¿Y usted no sabe saludar?”. Eta aitak: “No, no he ido a la mili”. Aita “pies planos”8 zituen eta ez zen joan soldaduskara. Holan eroan zuten Estellako9 kartzelara.

Hara joan ziren bisitetan, ama eta lagun batzuk. Oinez Uriondotik Estellara. Aitak hartu zuen susto terriblea izena deitu orduan: “Manu Ayesta!”. Izena deitu eta eroaten zituzten, eta gehiago ez ziren agertzen. Fusilatu edo, haien berririk ez zen gehiago. Susto terriblea eta amaren bisita zen.

Han bi urte eman zituen, gutxi gora behera, eta akorduan daukat nola heldu zen etxera: guztiz makalduta, oso argal …

Soldaduzka.Aitaita soldaduzkan.Elkarrizketan aipatu ez badu ere, Irunan egon zen.

[7]

Page 8: Aitaitarekin elkarrizketan 2.doc

Aita barik etxean, zelan konpondu zineten?

Gorbeiatik etorriko zirelakoan, Zeanurikoak, Zeberiokoak eta be, denak eroan gintuzten Bilbora. Uriondotik joan ginen gurdiagaz eta behiekaz, ahal dena hartuta. Elorribietan, txerriak eskapa. Ni egon nintzen Elorribietako errotarako etxean, iluntzean, itxoiten. Besteek txerria koiu ezinik.

Bilbotik Artxandara joan ginen. Artxandan ama zebilen gurdia topatu ezinik. Hilak, esaten zuen amak, filan. Artxandan, akorduan daukat joaten ginela errefugiora, tunel batean. Ni egon nintzen etxean egin zidaten, errefugiora joan orduan, ahaztuta utzi. Ni jagoten2 hamabi urteko neska bat zegoen. Sartu zioten etxeari kanoikada; sartu alde batetik, irten bestetik, baina ez zuen errementau. Ni topatu ezinik errefugioan eta, etxera joan eta ohe pean nengoen.

Estellako kartzela.Aitaitaren aita, Manu, bi urtez eduki zuten Estellako kartzelan. Gaur egun Gustavo de Maeztu museoa da.

Artxandara babes leku bila.

Zeberioko biztanleak Bilbora eraman zituzten, Francoren indarrak Gorbeiatik sartuko zirelakoan. Aitaita eta bere ama Artxandara joan ziren. Aita, orduan, kartxelan zuen.

LA HUELLA. Artxandan dagoen monumentua, gerran hildakoak gogoratzeko. Aitaitaren amak hildako asko ikusi zituen.

[8]

Page 9: Aitaitarekin elkarrizketan 2.doc

Hori guztia gerrari buruz, eta hura bukatu zenean, zer? Zelangoa zen egoera?

Gerra ostean Uriondon gehienak soloan bakarrik egiten zuten behar, soloan eta basoan. Ortutik koiu egiten zena jaten zen. Egun guztietan indabak urdaiagaz eta baso bat ardo, ama eta biontzako erdibana: plato único!3. Etxean urik be ez zegoen eta iturrira joaten ginen baldeekaz ura ekartzen.

Arrazionamendua urte askotan egon zen. Azukrea, olioa, dena arrazionamenduan. Ogia be egoten zen segun zenbat irabazten zen. Guk de segunda4 genuen. Batzuetan etortzen zen ogia baina gogorra, haginak sartu ez egiteko modukoa.

Etxean egoten zen artoa eta garia. Baina Guardia zibilek ez zuten uzten artoa joten ogia egiteko. Eroan behar zen herrira, zakukadak debalde. Gu joaten ginen, gauaz, Uriondotik Bentakorrekara astoekaz, artoa jotzeko. Guardia Zibilak egoten ziren koiu egiteko.

Gerora aitaren anaiak beharrean hasi ziren, Miraballesen. Lanik ez zen falta, baina soldata gutxi. Bizimodua apurka hobetuz joan zen.

Eskerran, Aitaita lagunekin, eskerratik hasita hirugarrena. Behean, aitaita eta amamaren eskontza.

[9]

Page 10: Aitaitarekin elkarrizketan 2.doc

Hemen utzi behar dugu gure elkarrizketa, gerra garaiko kontakizunak Uriondoko haur baten begietatik ikusita. Gerra gainera etorri zitzaien, euren bizimodu baketsua nahastera. Aurrera egin zuten, ahal izan zuten moduan. Bizirauteko gogoa ,hondamen eta kalamitate guztiak baino gehiago izan zen. Baina isiltzen ikasi behar izan zuten, sentimenduak eta bizipenak gordetzen. Azken finean, denak izan ziren galtzaile.

Aitaita gustura dago, barruan gordeta zituen bizipenak ateratzeko ordua heldu izan bailitz bezala. Eta bazkarian solasean jarraitu dugu …

Asier Ayesta Ruesgas

[10]

Page 11: Aitaitarekin elkarrizketan 2.doc

1. Mark Sugetea: sukaldea2. Mark Eskuasatua: komuna3. Mark Koiu: Hartu, heldu, harrapatu.4. Mark Agarratu: oratu, lotu5. Mark Propietario: jabea, ugazaba6. Mark Alkilatuta: alokatuta7. Mark Hitzako etzauk bazkaririk!: Zuretzat ez dago bazkaririk8. Mark Lotsabakokeria: lotsagabekeria, zakarkeria9. Mark Aska: erdaraz “pesebre”10. Mark Harriagaz : harriarekin. Bizkaieraz kin -> gaz.11. Mark Maistra: andereñoa12. Mark Mortxillak: odolosteak13. Mark Ostendutara: ezkukaketan14. Mark Secretario: Udaleko idazkaria15. Mark Ayuntamientura: Udaletxera16. Mark Leiduten: irakurtzen17. Mark Ha: Hura18. Mark Markio: Aitaitaren laguna.19. Mark Albañila: Igeltsero20. Mark Honenbestean: egiten den beharraren kopuruaren arabera kobratzen den lana21. Mark Morteroa: hormak egiteko osagaia22. Mark Asike: beraz23. Mark Errefugioa: Babeslekua bonbardaketetarako24. Mark Oraindokarren: oraindik25. Mark Be: ere26. Mark Lino: Lino Ayesta, aitaitaren osaba. Bi liburu idatzi ditu, orduko bizipenak kontatuz:

“Gure izkuntzaren mugatik” eta “Ikusiak eta entzunak” 27. Mark Akabatu: bukatu, amaitu28. Mark Errekete: Francoren alde borrokatu zuten Karlistak29. Mark Milizianoak: Errepublikaren aldeko ejertzitokoak30. Mark Eskapa joan ziren: ihes egin zuten31. Mark Encartaciones: Enkarterri32. Mark Pies planos: oin zapalak33. Mark Estella: Lizarra34. Mark Jagon: zaindu35. Mark Plato único!: Plater bakarra36. Mark De segunda: bigarren mailakoa. Hiru kategoria zeuden

OHARRA

Testu gehiena aitataren adierazpenetatik hartu dut. Mantendu nahi izan ditut esateko modua eta hiztegia, aitaitaren hizkera erakusteko. Aditzak berriz, batueran jarri ditut. Oin-oharren bidez azaldu ditut hitz batzuen esan nahia.

[11]