Post on 27-Jan-2020
1
Karmele Jaio Wikipedia(e)tik Karmele Jaio Eiguren (Gasteiz, Araba, 1970eko martxoaren 19a - ) euskal idazle eta kazetaria.
Biografia EHUn Informazio zientzietan lizentziatu eta gero, kazetari lana bete du hainbat idatzizko komunikabidetan, hala nola Euskaldunon Egunkarian edo Garan. Beste egunkari batzuetarako iritzi zutabeak ere idatzi izan ditu, Diario de Noticias de Álavan edo Deian esate baterako. Lehen argitaratu zuen liburua Hamabost zauri ipuin bilduma izan zen 2004an. Urte berean Igartza Saria irabazi zuen, Amaren eskuak eleberriaren proiektuagatik. Aipatutako eleberri hau 2006an kaleratu zen, hainbat sari jaso zituelarik:Zilarrezko Euskadi Saria, Zazpi Kale Saria eta Beterriko Liburua Saria. Amaren eskuak eleberriaren arrakasta ikusita, Jaiok berak gaztelaniarako itzulpena egin zuen, Las manos de mi madre izenburupean eta Ttarttalo argitaletxearen eskutik. Halaber, zinemarako bertsioa zuzendu du Mireia Gabilondok,2013ko Donostiako Zinemaldian estreinatzekoa. Bere hurrengo lanetan ipuina eta eleberria tartekatu ditu. Horrela, 2007an Zu bezain ahul ipuin bilduma kaleratu zuen, eta 2009an Musika airean eleberria.
Lanak Narrazioa
• Hamabost zauri (2004, Elkar) • Zu bezain ahul (2007, Elkar) • Ez naiz ni (2012, Elkar)
Eleberria
• Amaren eskuak (2006, Elkar). Igartza Sariaren irabazlea. • Musika airean (2009, Elkar)
Kanpo loturak
• (Euskaraz) Karmele Jaio Euskal Idazleen Elkartean • (Euskaraz) Karmele Jaio literaturaren zubitegian • (Gaztelaniaz) El País egunkarian Amaren eskuak eleberriaren itzulpenaren inguruko artikulua • (Euskaraz) Elkarrizketa Argian • (Euskaraz) (Gaztelaniaz) Karmele Jaiori elkarrizketa Euskonews aldizkarian
2
Hamabost zauri: senarrak utzi duen emaztea, edo ezkontzaz kanpoko abentura duena, edo erantzunik ez daukan maitasun antzua... gizon-‐emakumeen arteko hartu-‐eman beti korapilatsuetan oinarritu da Karmele Jaio bere lehenengo liburu eder eta tarteka mingarri hau idazteko. Binakako bakardadea, komunikazio-‐inkomunikazio arazoak, desiraren eta errealitatearen arteko amildegia... gai horietatik abiatu eta elikatzen dira hamabost istorio hauek. Hasperen baten atzean egon daitezkeen pentsamenduak hitzen bitartez irudikatuz, burutik pasatu baina esan gabe geratzen diren esaldiak azaleratuz. Giza harremanen eremu labainkorrean eroso baina tentuz mugitzen daki egileak, pertsonen barrunbe ezkutuetan arakatzeko, gure nahi eta ezinak begirada zoli bezain delikatuarekin agertzeko. Ahots berri bat ateratzen da hemen euskal narratibaren plazara. Talentua, nortasuna eta sentiberatasuna erakusten dituen ahotsa, irakurleen buru-‐bihotzak inarrosten jakingo duena.
Nereak 35-‐40 urte ditu; noizbait maite izandako lana baina egun estresaturik daukana, egunkari batean; senar jator eta alaba zoragarria, zeinei ez dien eskaintzen behar luketen arretarik; eta istorio bat iraganean, oroimenetik erauzi nahi lukeena; eta ama ospitaleko ohean lo, inoiz esnatuko den jakin ezinik. Amaren historia ezkutuak jakingo ditu Nereak erietxean, eta horren haritik ohartuko da zenbateraino izan daitezkeen ezezagunak geure ondoan dauzkagunak, eta, aldi berean, zenbateraino izan litezkeen berdinak belaunaldi biren arazo eta kezkak, nahiz eta garaiak eta bizomoduak asko aldatu. Bizinahiaren aldeko aldarrikapena dakarkigu eleberri eder eta hunkigarri honek, bazter guztiak zipriztintzen eta blaitzen dituen itsasoaren enbatak bezala.
3
Karmele Jaio > Hemeroteka EIE 2007-‐06-‐25 "Irakurleari esan nahi diodana benetakoa da, benetako sentimenduak dira" | Hasier Rekondo Irakurleek ematen duten sari bi jaso dituzu berriki: "Idazluma 2007" eta Beterriko Liburuaren aipamena. Espero zenuen Amaren eskuak nobelak lortu duen oihartzuna? Ez nuen espero. Benetan pozgarria izan da sari hauek jasotzea, bereziki irakurleek emandakoak direlako, eta horrek balio handia dauka. Liburu bat bukatzean halako hutsune bat gelditzen zaizu, zaila izaten delako irakurleen iritzia jasotzea. Sari hauek balio izan didate hutsune hori pixka bat betetzeko. Irakurleen onespen zabalak zure etorkizuneko lana baldintza dezake? Ematen du zure lana baldintzapean ari dela sortzen. Igartza Saria lortu ostean idatzi zenuen Amaren eskuak. Ez daukat nik sentsazio hori. Hau da, ni idazten jartzen naizenean ez nago aurreko lanarekin izandako arrakastaz edo arrakasta ezaz pentsatzen. Egia da irakurleen onespena jasotzeak segurtasun handiagoa ematen dizula hurrengo lana idazteko. Beraz, baldintzatzen bazaitu, nik uste beti izango dela onerako. Idatzi zenuenean alaba zinen, orain amaren eskuak zureak dira. Bai, nire bizitzan gauzak aldatu dira. Lehen alaba nintzen bakarrik eta duela gutxi ama izan naiz. Dena den, nik uste dut fikzioan izan zaitezkeela ama errealitatean izan barik, hau da, ez duzula zertan asmatzen dituzun pertsonai guztien esperientziak izan behar pertsonai sinesgarriak sortzeko. Ni ez naiz sekula negozioen munduko gizon bat izan, eta datorren liburuko ipuin bateko pertsonaia halako bussinesman bat da. Nik uste dut pertsonai sinesgarriak eraiki daitezkeela gure inguruan daudenen bizitzak atentzioaz begiratuz gero. Gakoa begiratzean dago eta adi egotean. Bilboko Liburu Azokan aipatu zenuen Amaren eskuak gaztelaniazko bertsioa izango duela eta zu zeu ari zinela paratzen. Oker ez banago, narratzailearen ikuspuntua aldatuko duzu. Bai, hasieran hitzez hitz hasi nintzen itzultzen, baina gertatzen da hizkuntza batean funtzionatzen duten gauza batzuk ez dutela zertan beste hizkuntza batean funtzionatu behar. Ondorioz, aldaketak egin ditut, eta hauen artean nabariena izan da euskarazko bertsioan hirugarren pertsonan kontatua dagoena gaztelaniaz lehenengo pertsonan dagoela kontatua. Hotzegi egiten zitzaidan hirugarren pertsona gaztelaniaz. Horretaz aparte, kapitulu pare baten ordena ere aldatu dut. Zure lanetan emakumearen ikuspuntua jorratu duzu nolabait, "emakumezkoen literatura" kontzeptuarekin ados zaude? Nik uste dut lehenik eta behin ez dela nahastu behar emakumezkoek egindako literatura, emakumeentzako idatzitako literaturarekin. Eta hori asko gertatzen da, askok uste baitu emakumeek idatzitakoa emakumeentzako bakarrik dela. Ez da hori gertatzen gizonezkoek idatzitako literaturarekin. Haiek jorratzen dituzten gaiak unibertsalak dira, ez gizonezkoen gaiak. Eta nik aldarrikatu nahiko nuke emakume baten ikuspuntutik idatzitakoak ere gai unibertsalak direla. Emakumezkoek idatzitako literaturan, normala denez, gizonezkoek idatzitako literaturan agertzen ez diren ikuspuntu eta gai batzuk agertzen dira, bizitza esperientzia ezberdinak ditugulako batzuk eta besteek, baina horrek ez dio gai horiei unibertsaltasuna eta balioa kendu behar. Ez dira emakumeen gaiak bakarrik, gizonenak gizonezkoen gaiak bakarrik ez diren modura. Batzuk eta besteak gai unibertsalak dira, eta gizon zein emakumeei zuzenduta daude. Amatasuna, adibidez, gai unibertsala da nahiz eta esperientzia hori emakumeek bakarrik bizi, gizonek bakarrik bizi dituzten hainbat esperientzia ere unibertsalak diren moduan.
4
Askotan emakume idazle askok erabakitzen du “emakumeen gai” deitzen zaien horietatik ihes egitea euren lana behar bezala baloratu dezaten, jakin badakitelako gizarte honetan “emakumeen literatura” etiketa horrek balioa kentzen diola edozein idazlanari. Nik uste dut literatura serioa egin daitekeela emakumezkoen ikuspuntutik eta ez dugula ihes egin behar “emakumeen gai” deitzen zaien horietatik gure lana baloratu dezaten. Emakumeen ikuspuntutik egin daiteke eta egiten da literatura serioa. Askok ez du oraindik hau ulertu. Behin lagun bat gerturatu zitzaidan eta esan zidan erosi zuela nire nobela...bere neskalagunarentzako. Nik uste dut ez zitzaiola burutik pasatu ere nire nobela berak ere irakurri zezakeela. Berarentzako ere bazela. "Nobelak ez dira inoiz amaitzen, laga egiten dira", esan duzu. Bai, berrirakurtzen dituzun guztietan zerbait aldatuko zenukeelako. Niri hala gertatzen zait behintzat. Beti dago zer hobetu, zer aldatu. Idazlea beti dago bere testua orrazten. Etengabe. Azken finean, idaztea zuzentzea da. Zinemaren eragina nabarmena da zure literaturan, irudiek indar handia dute, erreferentzi-‐irudiak erabiltzen dituzu. Nik uste literaturan bisualizazioak garrantzia apartekoa duela. Idazleak irudi bat du buruan eta bisualizazioa erabili behar du irakurleak irudi bera ikus dezan. Horretarako gauza konkretuetara jo behar du. Abstraktutik konkretura pasatu behar da. Maitasuna bezalako hitz abstraktu bat erabili beharrean, idazleak musua edo laztana bezalako hitzak erabiliko ditu eta irakurleak maitasuna ulertuko du, baina modu erraz batean. Ni horretan saiatzen naiz eta horregatik erabiltzen ditut askotan irudiak metafora edo konparazio moduan. Aipatu itzulpenaz gain, ipuin liburu bat ari zara prestatzen. Aurreratu dezakezu zure hurrengo lanaren nondik norakoa? Bai, hamabost ipuin izango dira, aurreko ipuin liburuan (Hamabost zauri) bezala. Estiloa oso antzekoa izango da, ipuin laburrak, eta gai aldetik pertsonen ahulezia izango da gai nagusia. Honekin batera, nire lan guztietan agertzen den pertsonen arteko inkomunikazioaren gaia ere nagusi izango da. Hemen ere garrantzi handiagoa eman diot pertsonaiek esan gabe uzten dutenari, esaten dutenari baino. Berriro bueltatzen zara ipuingintzara. Erosoago sentitzen zara narrazio laburren lurraldean? Erosoago sentitzen naiz esperientzia handiagoa dudalako ipuinetan. Nire bizitzan hainbat ipuin idatzi ditut eta nobela bakarra. Beraz, gehiago sentitzen naiz ipuingile. Ipuinetan idazleak hainbat gauza uzten ditu gerizpean, ezkutuan bezala, eta nobelan ageriago utzi behar ditu gauzak. Zentzu horretan, misterio handiagoa dute ipuinek, lan gehiago eskatzen diote irakurleari, hitz horien azpian dagoena asmatu behar dutelako. Fikzioa sentimenduetaz hitz egiteko erabiltzen duzula aipatu duzu. Fikzioa erabiltzen dut egia bat esateko. Gezurra erabili, egia esateko. Nire egia, noski, ez egia absolutua. Nire lanetan kontatzen diren istorioak gezurrak dira, fikzioa, baina istorio horien azpiko aldean egia bat doa, lurrazpiko ibaia bezala. Hondoan dauden sentimenduak benetakoak direlako. Irakurleari esan nahi diodana benetakoa da, benetako sentimenduak dira. EIEren bazkide izanda, nola ikusten duzu Elkartea? Zer eskatzen diozu Elkarteari? Garai berri bat hasi du elkarteak eta indarrez beteta hastea espero dut. Nik elkarteari eskatzen diot, idazleon eskubideak defendatzeaz gain, gure lana han eta hemen ezagutarazteko lana egitea, eta horrekin batera, idazleon gaitasunak hobetzeko tresnak eskura jartzea, hala nola, ikastaroak eta tailerrak antolatuz, beste lurralde batzuetako idazleen hitzaldiak eta elkartrukerako eremuak antolatuz...
5
Berekoiak izatea bezain berezkoa dute gizon-‐emakumeek bata besteaz arduratzea, nolabaiteko enpatia sentitzea; eta bi sentimendu horien arteko konbinazio eta joko amaiezinek taxutzen dute giza harremanen mapa zabal bezain konplexua. Guraso zaharrekiko erlazio mingotsak, seme-‐alaba txikienganako maitasun-‐loturak, senar-‐emazteen ohikotasunetik asperdurara bitarteko muga lausoa, maitaleen arteko xantaiak eta menpekotasunak, aspaldi ikusi gabeko horren itzulerak sortzen digun durduzamendua... Ipuingintzara itzuli da Karmele Jaio, eleberrietan ere bere trebezia erakutsi ondoren. Hamabost istorio dakarzkigu orain, kontakizun zuzen eta iradokorren bitartez, amodioaren ahulguneak nabarmenduz; arlo horretan nor ez da ahula baina? Karmele Jaio > Hemeroteka Elkar 2007/10/04 Karmele Jaio: “Minik edo egonezinik ez badago, ez dut ikusten istoriorik” | Karmele Jaiok (Gasteiz, 1970) bere hirugarren liburua kaleratu berri du, “Zu bezain ahul” ipuin-‐bilduma, aurreko bien arrakasta-‐bidea izan dezakeena. Ipuinekin hasi, eleberrira pasa, ipuinetara itzuli... nola izan da joan-‐etorri hori? Ipuinetara itzultzea bilakaera naturala izan da. Idazten hasi nintzenetik orain arte nobela bakarra idatzi dut eta hainbat ipuin. Beraz, eskarmentu gehiago dut ipuinak idazten eta nire burua trebeago ikusten dut ipuingile bezala nobelagile bezala baino. Burutik pasatzen zaizkidan ideia gehienak ipuin bihurtzen ditut eta ez nobela proiektu. Zentzu horretan, “Amaren eskuak” nobela idazten hasi nintzenean nolabait nire burua behartu nuen nobela bat idaztera, esperientzia hori nolakoa zen ikusi nahi nuelako. Baina nobela bukatu bezain laster, ipuinak idazten hasi nintzen berriro. Hainbat denbora nobela idazten egon ondoren, sekulako gogoa nuen berriz ipuinetara itzultzeko. Esan behar dut, dena den, oso esperientzia polita izan zela nobela idaztea eta saiatuko naizela berriz ere beste nobela bat idazten. "Hamabost zauri" haren ildotik doa "Zu bezain ahul", ala zertan da diferente? Ildo bertsutik doala esan daiteke, baina nik uste dut agian helduagoak direla oraingo ipuin hauek. Horrekin batera, “Hamabost zauri” liburuko ipuinetan baino garbiketa lan handiagoa egin dudala uste dut. Hartan ere ipuinetako soberazko hitzak kentzen ahalegindu nintzen, baina oraingoan uste dut gehiago saiatu naizela horretan, testuak biluzten saiatu naiz, bisuteriazko hitzak edo apaingarriak baino ez direnak alde batera uzten eta bakarrik ipuinean funtzio bat betetzen dutenak mantentzen. Ipuin xumeagoak direla pentsa daiteke again, baina sinpletasun horren atzean garbiketa lan handia dago. Bestalde, gaiei dagokionez, berriz agertzen da pertsonen arteko harreman zailtasunen gaia, berriz agertzen da inkomunikazioa, berriz agertzen dira barne hizketak, eta oraingoan ahulezia agertzen da nabarmen, pertsonen hauskortasuna edo biguntasuna. Pertsonaia guztiak dira hauskorrak, denek dituzte ahuluneak. Ahulune horietan sakontzen saiatu naiz. Aurreko liburuan bikote-‐arazoak nagusitzen baziren, hemen familia-‐kontuek hartzen dute leku handixeagoa. Autobiografikoak dira arrazoiak? Baietz uste dut. Idazleak errealitatetik edaten du, bizi duen munduan aurkitzen du inspirazioa.
6
Haurdun egoteak eta ama izateak oraindik gehiago zabaldu dit munduaren ikuspegia. Orain lehen ikusten ez nituen hainbat gauza ikusten ditut. Lehen aldiz agertu da ipuin batean haurdun bat, adibidez. Ordura arte ia ikusezinak ziren haurdunak niretzat. Eta bestalde, familia-‐kontuak agertzeak ere izango du ziurrenik zerikusia nire egoera berriarekin. Dena den, nire bizitzak ipuinetan isla izatea ezaugarri positibotzat jotzen dut. Honek esan nahi du benetako kezketan oinarrituta daudela ipuinak, hau da, hauen azpian badagoela egia bat edo egiazko sentimendu bat. Harreman pertsonaletatik lan-‐mundura ere egin duzu jauzi istorio pare batean, hala ere. Bai, ez dut hausnarketa sakonik egiten lan munduaz, baina agertzen da errealitatearen arlo bat delako, eta honek gure bizimodua asko baldintzatzen duelako. Askotan erabili duzun baliabidea da ipuinak 2. pertsonan idaztea, ohiko 3. eta 1.az aparte. Nola hartzen dituzu erabaki tekniko horiek? Askotan jotzen dut bigarren pertsonara horrela iruditzen zaidalako pertsonaiaren kontzientziak hitz egiten duela. Kontzientziak pertsonaiari esaten dio egiten ari dena ez dagoela ondo, atzamarra zuzentzen du berarengana eta esaten dio dituen ahuleziak ikusten dituela, nahiz eta besteen aurrean hauek ezkutatu nahi. Indarra hartzen du testuaren tonuak, nire ustez, bigarren pertsona erabilita. Testuaren tonuaren araberako erabakia da. Askotan hirugarren pertsonan funtzionatzen ez duenak bigarrenean funtzionatzen du, eta alderantziz. Ipuin bakoitzak eskatzen dizu zein pertsonaia erabili. Eta, bestalde, gutxitan erabiltzen dut lehen pertsona, deskribatzen dudan eszena urrunetik bezala ikustea gustatzen zaidalako, perspektibarekin. Kamera baten atzetik bezala. Joko handia eman dizun motibo bat da urtetan kanpoan ibilitako norbait itzuli eta horrek sortzen dituen arrakalak. Denboraren igarotzea eta... Esaten da ibaia beti dela bera, baina eramaten duen ura beti dela ezberdina, berria. Gaur ez gara atzo izan ginen pertsona bera. Eta hau erakusteko, joko handia ematen dute denbora askoan ikusi gabeko pertsonaien topo egite edo herrira itzultze egoera horiek. Oso agerian geratzen da egoera horietan gauzak etengabe aldatzen direla, ingurua aldatzen dela eta pertsonak ere aldatzen goazela. Askotan, gainera, horrelako enkontruak gertatu arte bat ez da konturatzen hainbeste aldatu denik. Ispilu batean bezala ikusten du bere burua pertsonaiak aspaldiko lagun bat ikustean. Ipuin batean esaten den bezala, haren zimurretan ikusten ditu batek bereak. Eta ez naiz zimur fisikoez bakarrik ari. Galtzaileak ez baina ahulak dira zure pertsonaiak. Interes gehiago pizten dizutelako, ala denok ere ahulak garelako, ala...? Dudarik gabe interesgarriagoa da pertsonaia baten ahuluneetan arakatzea haren alderdi indartsuetan baino. Ahuleziak mina eragiten du, ezinegona, beldurra… Pertsonaia zaurgarriak interesgarriagoak dira. Zaurietatik sortzen dira ipuinak. Zentzu horretan, gorputz sanoek ez dute interes handirik. Konfliktorik gabe ez dago ipuinik, eta ahuleziak konflikto bat gainditzeko zailtasunak jartzen dizkio pertsonaiari, gauzak oraindik zailagoak jartzen dizkio eta hori istorioaren onerako izaten da beti. Bestalde, uste dut denok garela ahulak, denok ditugula ahuluneak. Zenbait arte martzialetan erakusten dute aurkariaren puntu bat ukitze hutsarekin aurkaria bertan behera botatzen. Puntu ahul horiek agertzen dira ipuinetan. Ukitzearekin bakarrik suntsitzen zaituztenak. Tragedia gogorrik ez duzu idazten, baina halako zapore gazi-‐gozo bat uzten dute zure istorioek. Efektu hori bilatzen duzu, nahi gabe ateratzen zaizu...? Esan bezala, mina, beldurra, ezinegona sortzen duten egoeretan bakarrik aurkitzen ditut nik istorioak. Minik edo egonezinik ez badago, ez dut ikusten istoriorik. Baina egoera hauek kontatzean ez dut tonu tragikorik erabili nahi izan, eta horregatik agian geratzen den zapore gazi-‐gozo hori. Bai, irakurlea zapore gazi-‐gozo horrekin geratzea bilatzen dut, hausnarketarako bide bat irekitzen duelako. Eta hurrengo libururik bai bidean? Bai. Nobela bat dut buruan eta idazten hasita nago. Ipuinen ondoren, berriz saiatuko naiz nobelarekin. Generoak tartekatzen joatea gustatuko litzaidake eta horretan saiatuko naiz.
7
Leiho ondoan ematen du eguna Elenak, kalera begira, munduan egin beharrekoak eginda dituelakoan. Seme-‐alabek Ekuadorreko neska bat ekarri diote, etxeko lanetan laguntzeko eta etxetik ateratzera animatzeko. Elenak, baina, bertan geratu nahi du, bere oroitzapenei atxikia. Maitasuna eta gorrotoa, adiskidetasuna eta zeloak, bizinahia eta etsipena... Sentimenduen nobela da Karmele Jaioren bigarren eleberri hau, pertsonaien nortasuna fintasunez deskribatzen duena eta, oroz gain, bizitza den sinfonia erraldoiaren handitasuna azpimarratzen duena, bere gazi-‐gozo eta kontraesan guztiekin. Karmele Jaio > Hemeroteka El Correo 2009-‐12-‐26 Mingostasuna ardatz | Javier Rojo Zahartzaroan dagoen emakume bat leihotik begira dago. Eta leihotik begiratzen duen bitartean, kanpoko bizitza pasatzen ikusten du eta oroitzapenetan murgiltzen da. Halako egoera bat aurkezten zaigu Musika airean izenburuarekin argitaratu den Karmele Jaioren nobela berri honetan. Karmele Jaio idazle trebea da bizipen bereziak dituzten belaunaldi bateko emakumeen bizitzak kontatzeko, ez baitu inolako oztoporik bizitzan asko sufritzea tokatu zaien emakume horien sentimenduak eta pentsamenduak islatzeko orduan; hori bai, egoera pixka bat sinplifikatuta. Nobela honetako protagonista, adibidez, bizitzaren azken aldean dago, eta, atzera begiratzen duenean, tristeziaz beteriko mundu gris bat agertzen zaigu. Mundu horrek mingostasuna zuen ardatz eta eginbeharren eta, plazeraren artean hautatu behar zelarik, beti edozein hedonismo-‐mota alde batera utzi behar izaten zen. Guztiarekin haserre bizi da protagonista, eta semeak emakumeari lagun egiteko Hego Amerikako neska bat kontratatzen duenean, talka gertatzen da guztiz desberdinak diruditen bi jarreraren artean, emakumearen tristeziari eta isiltasunari Hego Amerikako neskaren alaitasuna eta zarata kontrajartzen baitzaizkie. Lehenengo momentutik, idazleak pertsonaiak elkarrengandik bereizten dituzten ezaugarriak oso nabarmenak izan daitezen nahi du, baina hori bakarrik lortzen da ezaugarri horiek exageratu egiten badira, eta batzuetan topiko samarrak gerta daitezke. Testuan bi atal mota batzen dira. Alde batetik, emakume protagonistak lehenengo pertsonan ia-‐ia aitorpena bezala bere bizitzaren berri emateko kontatzen dituenak agertzen dira. Bestetik, horren osagarri moduan, eta askotan emakumeak kontatzen duenari kontrapuntua jartzen diotelarik, elkarrizketa zatiak eta beste pertsonaia batzuengan zentratuta kontatzen diren gertakariak ere agertzen zaizkigu. Aitorpen honetan emakumeak sekretu bat gordetzen duela azaltzen zaigu: bere gaztaroko adiskide batekin haserretzeko benetako arrazoia. Eta misterio hau ahal den neurrian liburuaren bukaeraraino gorde dadin, idazlearen eskua nabari daiteke pertsonaiaren narrazioan erdi ezkutuka sartzen, protagonistak eman behar zuen informazioa kontrolatzen. Galtzear dagoen pertsonaia batzuen mundu-‐ikuskera aurkezten zaigu nobela honetan, eta liburua interesgarria dela esan behar da, zenbaitetan, nire ustez, behar baino eskematikoa bada ere.
8
Karmele Jaio > Hemeroteka Argia 2010/05/23 Pertsonaiek barnean uzten dutena interesatzen zait | Mikel Asurmendi Gasteiz, 1970. Bi ipuin liburu eta bi nobela argitaratu ditu dagoeneko. Bigarren haurra argira –mundura– ekarriko du aurki: “Idaztean bizitzako esperientziek eragiten dute, baina egoerek ere bai. Duela hiru urte izan nuen lehen haurra eta orduan baino askoz denbora gutxiago daukat idazteko. Bigarren hau alde objektiboa da”. Musika airean (Elkar) bigarren nobelaren karietara jardun dugu Karmele Jaiorekin. “Zure literatura emea da”. Sailkapen txatxua al da nirea? Iraina ote, agian? Ez dakit... Nire idazteko modua da, ez da behartua. Emea diozu... Emakumeak protagonista izatea aukeratzen dudan arren, nire helburua gizakiaz hitz egitea da, ez bakarrik emakumeaz, bai emakume baten esperientziatik. Dena den, irakurleak emakume protagonista pertsona unibertsal sentitzea nahi nuke, haren esperientzia edozein gizakirena balitz bezala irakurtzea. Noski, dauzkan berezitasunekin, emakumea delako. Honelako galderekin kontuz ibili behar dugu, ze, gizon bati ez zaio inoiz esaten “zein gizon ikusten zaitudan liburu honetan”. Edo sinpleagoa: “Zure liburuko protagonista gizona da, zergatik?”. Hori ez zaio sekula galdetzen gizonari. Zentzu horretan gizona aukeratzea gauza neutrala da. Irakurleek neutral gisa hartzen dugu, eta gizon baten esperientzia irakurtzen dugu, baina gizaki guztien esperientziaz dela pentsatzen dugu. Nik nahi nuke irakurleak, emakume baten esperientzia kontatzen denean, gizaki guztien esperientziaz ari dela sentitzea. Musika airean nobelan musikak badu munta. Bai. Beatriz talde bateko kantaria da. Liburuaren bukaeran “betiko musika dago airean” esaldia dago. Musika zentzu horretan aitzakia modukoa da istorioa garatzeko. Hau da, garai batetik bestera gauzak asko aldatzen dira baina bizitzaren “musika” beti dela berdina edo antzekoa, jendearen kezkak –belaunaldien artekoak– ez direla hainbeste aldatzen esan nahi dut. Baina besterik ere badago, niretzat garrantzitsuagoa, barne musika, norberak entzuten duena. Gure barnean badago musika moduko bat, beti-‐beti entzuten ez duguna –edo batzuetan baino ez dugu entzuten– eta bizitzan gertatu zaigun guztiaz osatuta dago, musika horren notak dira bizitzan gertatu zaizkigunak. Hori entzutea edota jasotzea nahi izan dut nobelan. Emakume bat, etxeko leihotik begira... Horrela hasten da nobela. Bakardadea. Hori da etorri zitzaidan lehen irudia, emakume bat, bakarrik bizi zena, eguna etxean leihotik begira pasatzen zuena. Bizitzaren lekuko sentitzen da, baina ez protagonista. Begira dago. Bera Elena da, nobelako protagonista. Hori da. Nobela guztian “aitzakia” da, bere barne pentsamendua entzutea da funtsezkoa. Metaforaz osaturiko nobela al da? Metaforak bizitzaren gauzez hitz egiteko bitartekoa dira, metafora asko dago liburuan. Musikaz hitz egiten dut, baina beste zerbaitetaz hitz egiten dut musika aipatzen dudanean. Iraganera begira eraikia da nobela. Nostalgia kutsua dauka. Literatur kritikoek “kontuz nostalgiarekin” esaten dute.
9
Nik ez dut hori sentitu, sartu naiz emakume horren barruan [Elena] eta nostalgia bada, emakumeak sentitzen duena da. Gainera ez dakit nostalgia den, ez nago ziur. Iragana oso presente dago, baina iragana oso gaurko gauza bat bezala ageri da, ez da iragana, oraina da. Iraganean gertatu zaigun guztiak markatzen duelako gaur egun izateko dugun modua. Iragana ez da pasatu den gauza bat, antzinako kanta bat bezalakoa da. Antzinako kanta entzuten dugu eta konturatzen gara hitz guztiak badakizkigula. Non demontre zegoen hori sartuta? Buruan noski. Uste dugu hitzak ahaztuta genituela, baina hor daude almazenatuta. Eta kanta zahar baten hitzak bezala beste kontu asko. Bakardadea arnasten da hasieran eta adiskidetasuna nagusituz doa. Bakardadeaz hasi nintzen hitz egiten eta bukatzen dut adiskidetasunaz. Galdera batzuk airera ateratzen dira, adiskidetasunari buruzko zalantza batzuk. Adin batera iritsita haurtzaroko adiskidetasun puru eta garbi hori, baldintzarik gabeko hori, posible da mantentzea, ala ez? Eta ezin bada, zergatik da ezinezkoa? Guk ez dugulako nahi, edo bizitzak berez bultzatzen gaituelako jarrera batzuk hartzera? Elena protagonistaren eboluzio hori kontatzen du nobelak. Elena erreta dago bizitzarekin, poliki-‐poliki ikusten da baduela zauri bat, iraganekoa, eta nolabait hori konpondu gabe ez dela lasai bizi. Abiatu da, ordea, sendatzera. Bere asmoa munduan hori konponduta uztea da. Belaunaldien arteko harremanaren –eta jatorri ezberdineko pertsonen arteko harremanaren– isla ere bada Musika airean. Zahartzaroari buruzko gogoeta da: adineko pertsonek beren bizitzaren gidaritza galtzeari buruz. Bat-‐batean seme-‐alabek agintzen dute. Elenak ez du inor etxean nahi, baina seme-‐alabek esan dutena onartu behar du. Nobelan badago agintzeko modu bat, iraganean egon dena, eta adineko pertsonek galdu dutena. Lehen adineko pertsonek bazuten beren lekua. Agian “egon” besterik ez zuten, baina gaur egun zenbaitetan “existituko” ez balira bezala daude, apur bat baztertuta. Ekialdeko kulturan ez, baina gurean balioa kendu diegu. Hala ere, gure bizitzan ikasten eta ikasten goaz, esperientzia biltzen, eta zahartzarora iritsita ez ditugu aski baloratzen. Ematen du zer pentsatua, beraz. Elena eta Beatriz. Beatriz gaztea, adineko Elenaren kontrapuntua da. Etorkina da Beatriz. Pintzelkada da. Ez naiz gaian sartu sakonki. Baina, askotan ikusi dut egoera hori kalean: emakume –edo gizon– nagusi bat eta zaintzen duen etorkina. Beti sortu zait jakin-‐min hori. Zertaz hitz egingo dute hauek? Zer harreman izango dute? Hain ezberdinak al dira? Beatriz pertsonaia lotsagabea da, fresca bat alegia. Bai. Elenarekiko harremanetan talka moduko bat sortzen da. Baina Beatriz bera da Elenaren aldaketa gauzatzen laguntzen duena. Karmele Jaio > Hemeroteka Berria 2009-‐11-‐08 Errukia eta erospena | Beñat Sarasola Elena etxean bakarrik bizi den alarguna da, eta azken aldian belauna gaiztotu zaionez, beren seme-‐alabek laguntzaile bat hartzea deliberatzen dute, ama zaindu eta etxeko lanak egin ditzan. Halaxe iristen da Beatriz izeneko gazte ekuadortarra Elenaren etxera. Nobelaren erdigunea Elenaren oroitzapen eta hausnarketek osatzen dute; bizitzaren amaierara iristen ari dela oharturik, iraganaren errepasoa egiten du, haurtzaro zorionekotik -‐eta idealizatutik-‐ helduaro zorigaitzekora. Gaztetako lagun min Carmenekin haserretu eta harekin hitz egiten ez duela hogeita hamar urte pasa dira dagoeneko, eta adiskidetzeko garaia iritsi ez ote zaien zalantza egiten du. Hala, liburuan aurrera egin ahala, bien arteko haserrealdiaren xehetasunak eta ebazpena jakinez joango da irakurlea, beste zenbait bigarren mailako istorio ezagutzeaz batera -‐Beatrizen familia eta maite-‐kontuak-‐.
10
Kontaketa hiru narrazio formetan banatua dago. Alde batetik, Elenaren bakarrizketak daude -‐garrantzirik handiena hartzen duena-‐; bigarrenik, narratzaile heterodiegetikoak kontatzen dituenak liburuko hainbat pertsonaiaren inguruan; eta azkenik, elkarrizketa motz batzuk, horietako asko aitorlekuan gauzatutakoak. Hiru narrazio molde horien bidez joaten da bilbatzen, hortaz, istorioa, baina esan bezala, Elenaren bakarrizketak dira liburuaren habe nagusia. Haiei esker barneratuko gara protagonistaren gogoan eta ezagutuko dugu haren iragana nolakoa izan zen. Metafora eta konparazio etengabez idazten du Karmele Jaiok, eta izatez, Musika airean izenburuak ere funtzio nahiko metaforikoa du -‐esamoldea liburuan lehen aldiz azaltzen denean alderaketa bat egiteko da-‐. Konparazio horiek, ordea, gehien-‐gehientsuenak, edo topifikatuegiak edo behartuegiak dira -‐«Arrain zopa egiteko ez dagoen modura, bizitzarako ere ez dago errezetarik»-‐, eta gutxitan dute irakurlea harritu eta liluratzeko gaitasuna. Horretaz gain, paragrafoak izen sintagma laburrez hasteko eta errepikapenak zein esaldi laburrak erabiltzeko joera du Jaiok -‐bidenabar, euskal literaturan arrakasta izan duen estiloa-‐, eta idazkera hau zenbaitentzat irakurterraza eta bizia bada ere, niri gogaikarria egiten zait, xalotasunean mozorroturiko sinplekeria. Edukia eta forma zeinen loturik dauden ikusteko adibide ona da Musika airean, zeren bere idazmoldea ahala, istorioa bera ere topikoa eta aurreikusteko modua egin zait, oro har, eta pertsonaia gehienak estereotipatuak. Elenaren bakarrizketetako zati ugari sinesgaitzak eta gatzgabeak diren modu berean, istorioaren bilakabideak ere dezenteko egiantzekotasun falta duela iruditu zait behin baino gehiagotan; Carmenen alabaren aitatasunaren harira Elenak eta Kontxak -‐herriko ile-‐apaintzailea-‐ izandako elkarrizketa kasu. Elenaren seme Sabinen eta haren emaztearen -‐Inma-‐ artekoak ere artifizialegiak egin zaizkit, eta ematen den Ertzaintzaren irudia -‐Inma ertzaina da-‐ guztiz arrakero eta merkea. Beste zenbait egiturazko ahulgune ere badira, esaterako, Juanjo supermerkatuko mutila, zeina istorioaren garapenerako oztopo bihurtzen denean bat-‐batean desagertu egiten baita. Bestalde, testuinguru katoliko bat aurkezten digu nobelak, liburuko pertsonaia nagusiekin eta haien gazte garaiekin bat datorrena. Erruduntasuna eta damua liburua goitik behera zeharkatzen duten ideiak dira. Baina moral katoliko horrekiko distantziamendu edo zalantzan jartze handirik ez da sumatzen, eta areago, nobelaren happy-‐end moduko amaierak moral horretan sakontzen du, errukia eta erospena goratzen dituelarik.
11
Ez naiz ni, Karmele Jaio Eiguren: Zerbait falta dute, zer den ondo ez badakite ere. Gaztetasunaren azken izpiez gozatu nahi dute batzuek, lehengo garai ustez eder haiek berreskuratu; esperientzia berriak bilatuko dituzte beste batzuek, modu batean zein bestean, edo hondatzen hasitako harremanak biziberritzen saiatu. Bizitzaren erdialdean daude denak, eta horrek eragiten dien ezinegonean beren tokia aurkitu nahi lukete. Pertsonaia batek dioen bezala, zailena ez baita zahartzea, zahartzen hastea baizik. Ipuin liburu berri bat dakarkigu Karmele Jaiok, hamabi istorioz osatua. Aurrekoetan bezala, giza harremanetan sortzen diren arrakaletan erreparatzen daki egileak, begirada zorrotz baina amultsu batekin; aurrekoen aldean, baina, sakonagoak dira kontakizunak, argumentua gehiago garatuz, eta abertsagoak dira pertsonaiak, haien bizitzen hainbat alderdi eta xehetasun erakutsiz; betiko sentiberatasunez, baina baita berria den umore fin batez ere. Ez naiz ni / Karmele Jaio / Elkar, 2012 Krisi pertsonalak Javier Rojo / El Diario Vasco, 2013-‐02-‐15 Karmele Jaio mendearekin batera sartu da euskal literaturan, eta, bere ibilbidea ikusita, XXI. mende hasiera honetako euskal idazlerik arrakastatsuenetako bat dela esan behar. Narratibaren alorrean, bai nobelak bai ipuin liburuak plazaratu ditu. Ez naiz ni izenburua duen hau bigarren multzoari dagokio. Guztira hamabi ipuin agertzen dira liburu horretan eta aldez edo moldez giro berberaren ondorio dira. Izan ere, ipuin horietako protagonistak (ia beti emakumeak) 40 urteetako krisialdia dei litekeen horretan murgilduta daude. Lan eta familia aldetik bizimodu egonkorra dute pertsonaiok, eta, ikuspuntu horretatik, bizitzan planteatuta zeuzkaten helburuak neurri batean lortu dituztela ematen du. Baina hori ez da nahikoa, beraien bizitzetan hutsune nabarmenak agertzen dira-‐eta. Gauzak honela, aipagarria da ipuinetan pertsonaien lanbideez eta egoera ekonomikoaz islatzen den informazioa: bikote gehienetan biek egiten dute lan; askotan pertsonaiak literaturarekin zerikusia duten lanbideak dituzte edota funtzionarioak dira; eta ipuin askotan etxez aldatzen dira, baina aldaketa honek ez die inolako buruhausterik sortzen ekonomiaren aldetik. Labur esanda, pertsonaiak gure inguruko errealitatean kokatzen direla ematen du, baina errealitate horren ezaugarririk nabarmenenetakoa den krisi ekonomikoak ez ditu ukitzen eta ez du ia aztarnarik uzten Jaioren ipuinetan islatzen den munduan. Pertsonaiok beren alienazio partikularrekin bizitzearekin nahikoa baitute, bizitza besteen arabera antolatu behar duten bitartean. Liburu hau emakume baten eskutik datorkigu, eta ez dakit ezaugarri hau ez ote den estrategia komertzial bati loturik ikusi behar. Hau da, honelako liburuak euskal irakurleen neurriko chick lit bat sortzeko ahaleginaren ondorioak ez ote diren.
12
Ez naiz ni / Karmele Jaio / Elkar, 2012 Hamabi zauri arin Ibon Egaña / Deia, 2012-‐12-‐01 Karmele Jaioren hirugarren ipuin liburuko lehen narrazioan, Olarizuko urbanizazio berri batera bizitzera joandako familia baten istorioa kontatzen da. Bertara joan nahi zuen bizitzera Leirek, umeentzako parke pribatua zuelako eta, batez ere, amestutako klase ertaineko bizimodua izateko aukera emango ziolako maketaren berdin-‐berdina zen etxe hark, bere haurtzaroko patioko usainetatik urrun. Halako urbanizazio batean sartzearen pareko sentsazioa eragin dit ipuin liburuak: maketa batean egotearen inpresioa, usain itsaskorrik gabeko errealitate batean. Klase ertaineko familia gazteak dira narraziootako protagonistak, eta haien eguneroko bizimoduak osatzen du ipuinen giroa, kostunbrismo heterosexual gisako batek: etxea, haurrak, oporrak, bikote-‐harremanak, adulterio ahaleginak… Giro horretan gertatzen diren gatazkak, beraz, ezinbestez dira domestikoak. 40etako krisia (batzuetan 50etakoa, edo 45etakoa) da ipuin askoren gaia: etxea, familia, haurrak izan, amestutako bizimodua erdietsi eta hala ere zerbait falta dute pertsonaiek, asperduratik ateratzeko bizigarriren bat. Beste krisia gizonek hizpide hartzen duten gai urrun bat besterik ez da ipuinotan. Emakumeen ikuspegitik daude kontatuta ipuinak, bakar bat izan ezik. Aterkia izenekoak gizona du protagonista, eta berau da esparru domestikoa gaindituz, gizarte edo klase gatazka baten oihartzunak dituen bakarra. Eta ez da kasualitatea. Izan ere, ipuinotako emakumeen kezkak gizarteak emakumeari esleitutako rol tradizionalaren araberakoak dira, erabat: gizonarentzat desiragarri izaten jarraitzea, etxea, amatasuna, eta inoiz, beren lanbidea. Ez dago ahaleginik eredu horietatik aldentzeko, ez distantzia kritiko edo ironikorik rol horiekiko. Transgresio gisa aurkezten diren ekintzak, aldiz, ez dakit zenbateraino jo ditzakeen egungo irakurleak halakotzat (haur bat adoptatzen duen emakume bikote gabea, esaterako). Idatzi da, noski, ipuin gogoangarririk, eta ez gutxi, klase ertainaren asperdura eta familien barruko gatazka domestikoak gai nagusitzat hartuta, gai sozio-‐politikoetara jo beharrik gabe. Haatik, gakoa da zer egiten duen harekin idazleak lehengaitzat distirarik gabeko errealitate egunerokoa hautatzen denean. Zauri kotidianoek, interesa izatekotan, haietan hatza sartu eta arakatzen diren heinean dute, irakurle honen iritzian; eta ez dut halakorik aurkitu orriotan. Arinak dira narrazioetako zauriak, eta idazleak azaletik kontatzen ditu, edo zenbait kasutan, ukendua jarri ere bai haien gainean (Ekografiak, Arrosen arantzak). Ipuinaren eta fikzioaren aukerak baliatzea litzateke beste aukera bat, joko narratiboetara jotzea lehengai hori literatura bilakatzeko; aitzitik, teknika narratiboen aldetik ere ez dago bilaketa handirik liburuan. Ustekabeko bukaerak baliatu ditu batzuetan, errepikatzen diren elementuekin egindako jokoak beste batzuetan, emaitza duinak lortuz hainbatetan (Txupa beltza, Patiotik datozen usainak, esaterako). Izan ere, Jaiok narratzaile gisa trebezia baduela ez dago ukatzerik: ongi menperatzen du erritmoa, eraman egiten du irakurlea ipuinaren amaieraraino bera ohartzerako. Auzia da, baina, ongi eraikitako urbanizazio aseptiko batean egon izanaren sentsazioarekin atera dela irakurle hau Jaioren liburutik, arropari olio usainik itsatsi gabe. Ez naiz ni / Karmele Jaio / Elkar, 2012 Ander, platanoa… Amaia Alvarez / Argia, 2013-‐03-‐10 Karmele Jaiok bere hirugarren ipuin bilduman argazkia atera dio inguruko errealitateari. Argazki horren erdian, hiri horretako kaleen artean, umeen parkea dago eta bertan ama bat banku batean eserita bere semeari merienda jan dezan deika. Bitartean bere bizitzari errepasoa eman dio eta ez zaio gustatu ikusi duena. Bizitzaren erdialdera heldu da eta bere bizi proiektu pertsonala zena, koadroak zaharberritzea eta margotzea, familia osatzeko baztertu zuen eta une horretan blokeatuta sentitzen da. Zahartzen hasi da eta bere ametsak zirenak alde batera utzi zituen aspaldi markatutako bideari lotzeko. Gizon batekin elkartu eta seme-‐alabak izan. Pertsona normala izan. Erdigunean kokatu. Baina orain krisian dago bete-‐betean. Ez du bere burua ezagutzen eta bere gorputza egunerokotasunak lokartuta dauka. Esandakoaren erakusgarri Ekografiak ipuinean irakurri dezakegu: “Ia-‐ia ahaztuta nuen nor nintzen ni neu. Nor ginen eta nor izan ginen”.
13
Hori da Ez naiz ni ipuinean eta liburuan kontatzen zaiguna. XXI. mendeko ama berriaren ereduaren krisia.Gasteiz-‐Ibiza-‐Benidorm narrazioan horrela adierazten dute ideia hau: “Zailena ez da zahartzea… zailena zahartzen hastea da”. Pertsonaia gehienak 40 urte inguruko amak dira. Denak heterosexualak eta barruko min eta ezinegona sentitzen dutenak. Betty Friedanen The Feminine Mystique (1963) datorkigu burura: liburu honetako tesia emazte eta ama izaerak asetzen ez dituzten emakume zuri, erdi klaseko, heterosexual, hezituek zoriontasuna erdiesteko eremu publikoan jardun osoko lana aurkitu behar dutela eta sorkuntza landu behar dutela da. Jaioren ipuinetan ordea, ama hauek euren gaztaroari begiratzen diote haien burua eta gorputza berreskuratu nahian, beraien bikotekideekin edo bakarrik haien bizitza berbideratzeko eta bizipoza berriro sentitzeko xedearekin. Gaur egungo amek amatasuna bizitzeko modu desberdinak ekartzen dizkigu liburu honek, bere argi-‐ilunak erakutsiz, argazki desberdinetan. Arrosaren arantzak ipuinean adibidez hurrengo iruzkina dugu: “zaila egiten zaio Bakarnerekin jarraian hitz egitea. Ez da gelditu une batez ere. Zatika hitz egiten dute, semearen atzetik ibili baita une oro”. Argazkilari honen begirada kritikoa da, eta tarteka, orain arteko lanetan ez bezala, umore puntu batekoa. Asko gustatu zait Jaioren prosan agertu den elementu berri hau eta alde hori lantzen jarraitzea gustatuko litzaidake. Zentzumenak ere asko erabili ditu ateratako argazkiak osatzeko: Patiotik datozen usainak narrazioan klase ertaineko protagonistak bere jatorri apala atzean utzi nahi du tortilla usainarekin batera; Txupa beltza-‐n protagonista gaztetako arropa horrek duen hauts eta ganbara usainak gaixo jartzen du eta balkoian aireztatzen uzten du; eta Aterkia-‐n euriak bustitako arroparen hezetasun usainak klase sozialen arteko amildegiaren muga marrazten digu. Lortuko dute pertsonaia hauek bilatzen ari diren zoriontasuna? Zahartzen hasi direla onartuko dute bizi-‐egoera honi ahalik eta atarramendu handiena ateraz? Ez naiz ni amaren semeak, Anderrek, platanoa osorik jango du eta bere amak bere identitate pertsonala berreskuratzea lortuko du? Erantzunak ipuin bilduma honetan topatuko dituzue. Ez naiz ni / Karmele Jaio / Elkar, 2012 Puntadak Iratxe Esnaola / Berria, 2013-‐03-‐10 Karmele Jaiok literatur ibilbideari bi ipuin bildumarekin ekin bazion ere, Musika airean (2009) eta Amaren eskuak (2006) eleberriei esker irabazi zuen entzute zabala, batez ere azken lan horri esker, besteak beste, zinemarako jauzia ere egingo baitu laster Mireia Gabilondo zuzendariaren eskutik. Oraingo honetan ipuinen generoari eutsi dio berriz eta hamabi ale ekarri ditu besapean. Ipuin bilduma askotan gertatzen den legez, arriskua izaten da autorearen irudimena eremu berdintsuan mugitzeko, irakurleari uniformetasun sentipena utziz ipuin batean bai eta hurrengo batean ere bai. Jaiok pertsonaia nagusi gehienak (narratzaileak lehenengo edo hirugarren pertsonan jarraitzen die, baita bigarrena baliatuz ere) helduaroan dagoen emakume bikotedun langile edo-‐eta amaren larruan kokatu ditu, eta zentzu horretan, hainbat pertsonaia ipuin baterako zein besterako mudagarri gerta daiteke, ipuinen moztasunak edo hirien izenik ez emateak, bi adibide jartzearren, askotan bereizten zail egiten dituelako. Alde erantzira, errepikapen horrexen ondorioz, egileak apuntatuta utzi nahi zituen hainbat gai edo kezka memorian gordeago geratzen dira nire ustez, leku berean zizta eta zizta jardutearen kariaz. Pertsonaia nagusiak emakumeak dira. Ipuin ia guztietako emakumeek bikotea dute, ama izan dira, edo lanaren errutinetan bermatzen dituzte bizitzak. Bikote harremanen gorabeherak zein umeekiko hartu emanak kezka iturri dituzte, izan harremanen hobetze saiakerak tarteko, izan seme-‐alaben jiran egindakoak medio. Liburuko presentzia iraunkorrena iragana da. Etengabe itzultzen da oraina galderaz betetzera. Horregatik, metodo narratibo ohikoa du flashback esplikatzailea. Ustekabeko enkontru bat, usain bat, ideia bat, gertakizun bat eta badator iragana, askotan adinaren gaineko kezkei lotua. Iraganetik hona aldatu denari so jartzeko joera dute pertsonaiek, garaiak konparatzekoa, ordukora itzuli nahi izatekoa edo saiatzekoa. Nostalgiaz, galdutakoa errekuperatu nahiagatik eta ezinagatik, ez gutxitan ipuinen amaierek ezintasun horren apuntea uzten dute. Aspaldiko lagunekin berraurkitzeak ere garai batekotik hona eman diren aldaketak azaltzeko balio du, eta berriz ere, iraganarekiko bateraezintasuna azpimarratzeko. Kasu honetan, narratzaileak hurbileko eta sentitutako materialarekin lan egiten duelako sentipen gertukoa izan dut.
14
Bestalde, gizarteak hainbat emakumerengan uzten duen presio ideologikoa ere markatua geratzen da. Ekografiak ipuinean umea adoptatzera doa ama bakarra gizon eta bikote gabe. Amatasunaren mitoak hausten saiatzen da. Helduak bagina bezala lanean, harreman eredua da epaian jartzen diotena emakumeari, bikote finko baten gabeziak kanpotik jasotzen duen epaia, hain zuzen. Beste gai bat bitan errepikatzen dena gizonen karrera profesionalagatik emakume maitearen karrera atzera geratzearena da, bizia buxatu zaielako metafora baliatuz. Aterkia ipuina da protagonista gizona duen bakarra eta bikotea bigarren mailan geratzen dena. Uste dut amaierak esplikazio gehitxoz hornitu nahiak pixka bat husten dituela ipuinak. Pertsonaiak anekdota bakarrera lotzen dituen ipuinetan, ordea, indarra irabazten du. Usainei ematen zaien garrantziak arreta deitu dit baita literatur ofizioen ugaritasunak ere. Faltan eman dut ipuin borobil arnas moztaile bat, baina kontrara, tapiz bat osatzen doazen puntada ugari jaso ditut. Ez naiz ni / Karmele Jaio / Elkar, 2012 Maistra-‐lana Leire Zubeldia / Gara, 2013-‐03-‐17 Leire, Maria, Gema, Itzi, Mertxe, Marta, Bakarne, Ane, Bego, Ania, Alazne edo eta Margaren istorioak dakarzkigu Ez naiz ni ipuin liburuak. Hauetako bakoitzak du bere istorioa. Hauetariko bakoitzak du bere intimitatea, denen intimitatea ia bera den arren. Emakumeon atzean, background-‐ean, euren bikotekideak daude, eta askotan seme-‐alabak ere agertzen zaizkigu, eta hauen arteko harremanak, denboraren joanak deterioratuak, transformatuak. Denei falta zaie zerbait, edo hobe esan, denek galdu dute desio zuten hura: gaztetasuna, pasioa, edertasuna, ama izateko aukera… Leire, Maria, Gema, Itzi, Mertxe, Marta, Bakarne, Ane, Bego, Ania, Alazne edo eta Margaren izenei beste emakume izen bat erantsi behar diegu ezinbestean: Karmele Jaiorena. Nabarmena da bere marka, bere nortasuna, egilearen izena azalean jarri gabe ere asmatuko nukeela egiten dut apustu. Gasteiztarraren aurreko lanak bezala, hau ere emakumetasunetik idatzia da, betiere fokoa giza harremanetan jarriz. Emakumearen barrukoak eta emakumearen kanpokoak erakutsi ditu bere sinpletasun eta konplexutasun osoan. Emakumeok inoiz ikusi edota gure larruazalean sentitu ditugun bizipenez, sentimenduz betetako istorioak kontatu dizkigu. Baina egunerokoak izanagatik ere, irakurlea hunkitzeko gaitasuna dute, zizt egiten dute. Emakumearen aldeko jarrera hartzen du idazleak. Protagonista femeninoak dira, salbuespen txikiren bat kenduta, galdutako hura berreskuratzeko ekimena hartzen dutenak, euren senar edo mutil-‐lagunek errutinaren gurpilean jarraitzen duten bitartean. Eta nonbait, ezaugarri honek ere zizt egiten du, batez ere zenbait irakurle maskulinorengan. Karmele ”maistra” da literatura mota hau egiten. Literatura mota hori gustuko izatea edo ez, beste kontu bat da. Irakurri dizkiodan ipuinik onenak liburu honetan daudela esango nuke. Ederrak dira, baina… Baina indarra galtzen dute gai bereko, pertsonaia antzeko eta egitura antzekoa darabilten beste ipuin sortarekin batera irakurtzen direnean. Hasierako ipuinak oso gustura irakurri ditut, erraz, arin, gozamenak bultzatuta. Liburua zabaltzen duen “Ez naiz ni”, “Azukrezko Madaritxuak”, “Reiki”… Baina liburuan aurrera egin ahala, istorio eder horiek errutina bilakatzen zaizkio irakurleari. Ipuinen amaierak esaterako oso antzekoak dira, errekurtso bertsua darabil Jaiok batean eta bestean. Horrek guztiak ipuinok berezkoa duten indarra, edertasuna kaltetzen du. Aniztasuna bota dut faltan Jaioren lanean. Horiek horrela, agian, formula egokia litzateke “gutxi eta maiz” deritzona. Mesanotxearen gainean eduki eta lantzean behin zabaldu, “maistra-‐lanaz” gozatzeko. Horra nire proposamena! Ez naiz ni / Karmele Jaio / Elkar, 2012 Elipsiaren alde eta klixearen kontra (besteak beste) Iban Zaldua / ibanzaldua.wordpress.com, 2013-‐12-‐05 Ipuinaren puntu horretara iritsi nintzenean, ez nuen izan gelditzea beste erremediorik. Eta nirekin zegoen adiskideari —bera ere liburu bat eskuetan— ozen irakurri nion esaldia, maiz egiten dudan bezala. Narrazioan, hirugarren pertsonan, emakume baten gaztaroko sexu-‐enkontru bat deskribatzen da, feriaz feria dabilen Patxi izeneko bitxi-‐saltzaile batekikoa, eta aski ona, zantzu guztien arabera: izan ere, ipuinaren protagonistaren lehen orgasmoa izan zen hura. Hala zioen gelditzera eta nire ondokoari ozen irakurtzera behartu ninduen esaldiak:
15
“Furgoneta barruan, han zintzilik zituen zilarrezko belarritakoen txilin-‐hotsa entzunez deskubritu nuen lehenbizikoz zer den hegan egitea beste norbaiten eskua zure hankartean duzula”. Adiskidea, entzun ondoren, bat etorri zen nirekin “hegan egitearen” inguruko irudiaren topikotasunari zegokionean. Barre pixka bat egin genuen idazlearen nagitasunaren kontura eta aurrera jarraitu nuen irakurketarekin. Baina ez zen hor bukatu gaia. Hurrengo esaldia hau baitzen: “Zilarrezko belarritakoen txilin-‐hots bakoitzeko izartxo bat ikusi zuen, distiratsu, furgonetaren sabaia izarrez beteriko zerua bihurtu arte”. Ezin nuen sinetsi. Atzera gelditu eta, berriz ere, ahots goran irakurri nion pasartea lagunari. Hegan egin ondoren, izarren klixea. Ordura arte irakurritakoa errepasatu nuen bizkor —ipuinaren laugarren orrialdean gertatzen ari zen hura guztia—, justifikazio baten bila. Ahotsaren pinpirintasuna propio bilatua al zen? Lehenengo pertsona batek justifikatu zezakeen aukera hori —pertsonaiaren izaerarekin bat etor zitekeen—, baina hirugarren pertsonaren aukerak, eta narrazioaren tonu deskriptibo oro har objektiboak ez zuen halakorik pentsatzeko aukerarik ematen. Berriro ekin nion irakurtzeari. Eta gelditu behar izan nuen, hirugarrenez, ozen irakurtzeko —zin egiten dut hala gertatu zela: hau iruzkin kritikoa da, ez fikzioa—. “Patxi bera baino bost urte zaharragoa zen eta ondo zekien pianoari musika ateratzeko zein tekla jo behar zuen”. Pianoa eta tekla: falta zitzaiguna. Literatura klixearen aurkako gerra bat baldin bada, Martin Amisek zioen bezala —eta Ibon Egañak gogorarazten zigunez—, bataila hori galduta zegoen erabat. Kontuan hartu ez dudala pasarterik ezabatu esaldi horien artean: hirurak jarraian datoz, paragrafo beraren barruan. Tamalez, joera hauek —klixearen erabilera akritikoa, eta elipsiari uko egitea: nahikoa eta sobera zen irudietako bakar batekin— Karmele Jaioren Ez naiz ni bildumaren ipuinetako asko zamatzen dituzte (Elkar, 2012). Gehiegi kontatzeko gogoa du egileak, irakurleari gauzak argiegi eta garbiegi uzteko, enfatikoegi suertatzeko —Lander pertsonaiaren “funtzionaltasuna” gehiegi azpimarratzen duenean bezala, “Reiki” ipuinean: hasieran eskainitako printzekin nahikoa luke, nik uste, irakurleak—. Baina, bitxia bada ere, beste batzuetan justu kontrako jokabidea nagusitzen da: irudipena daukat ipuin batzuek —“Bitxiloreak esku artean”-‐ek eta liburuari izenburua ematen dionak, esaterako— irabaziko zuketela baldin eta egilea astitsuago aritu eta luzamenduetan ibili izan balitz, are —itxura batean— gai nagusiarekin zer ikusi lausoa duten pasarteak txertatuz, Alice Munrok edo —bere ipuin luzeenetan— Ignacio Aldecoak egiten duten bezala. Eta pena da, zeren eta inguratzen duen errealitatearen behatzaile arretatsua baita Jaio, niri gehien gustatu zaizkidan ipuinetan frogatzen duen bezala (“Txupa beltza” eta “Aterkia”): begi zorrotza dauka hiri inguruetako klase ertainekoen”eta zahartzearen mehatxuak kikilduriko “adin ertainekoen”— testuinguru mesokratiko eta artega harrapatzeko (eta, finean, Jaiok ipuinlari sen handiagoa duela iruditzen zait, nobelagilearena baino, cfr. Musika airean topikoz betea, Elkar 2009). Alde horretatik, onartzen dut ez ditudala konpartitzen idazleari egin zaizkion kritikak, ez chick lit bezala kalifikatu izan dutenak (Javier Rojok egin zuen bezala: emakume idazle batzuen lana baztertzeko modu ez bereziki sotil bat iruditzen zait hori, eta nik uste dut Karmele Jaioren intentio auctorisa ez doala, inondik ere, ildo horretatik), ezta salatu dutenak klase gatazkarik ez duela islatzen bere ipuinetan, eta beheraldi ekonomikoaren zantzurik apenas agertarazten duela. Zergatik egin beharko luke halakorik? Non dago ezarrita zeintzuk izan behar duten literaturagilearen lehengaiak? Mamiek edo ikuspuntuek ez dute garrantzirik, analisi soziologikoak egiteko ez bada: emaitzak du garrantzia, mami hori modu literario batean lantzeko lortzen duen eraginkortasunak. Idazle bakoitzak hobekien ezagutzen duenarekin egin behar du lan, edo, barkatu, hobekien imajinatu dezakeenarekin, eta horretan nik esango nuke Jaiok txukun betetzen duela bere lana, bere buruari eta hautatu duen bideari traiziorik egin gabe. Izan ere, kritika horiek estraliterario samarrak direla uste dut, eta zer ikusia izan dezaketela zutabegintzaren alor labaingarrian edo elkarrizketetan botatakoekin, fikziogintzan burututako lanarekin baino; tira, egia da los-‐ricos-‐también-‐lloran motako adierazpenek ez diotela bereziki laguntzen (“Bizitzaren erdigunera heldu eta gauza asko gertatu dira, gero eta pisu handiagoa daramazu bizkar-‐zorroan, harri bat hemen, harri bat hor… harri asko azkenean. Ez, bizitza ez da gauza erraza, borroka da, maila guztietan. Diru asko duenak eta lanik ez duenak, denek bizi dute borroka hori, miseria asko”; azpimarra nirea da).
16
Baina ez dugu ahaztu behar gauza bat dela obra, eta beste bat idazleak esan dezakeena obraren inguruan. Alde horretatik, ados nago D.H. Lawrencerekin: “Sekula ez sinetsi artistari, sinetsi ipuinari”. Eta, bai, Jaio behatzaile ona izan daiteke, baina literaturan hori ez da, gehienetan, nahikoa. Irudi (ustez) lortu batek, esaterako, ez du justifikatzen ipuina, irakurleari etortzen zaion pentsamendua “eta zer?” bada, hura amaitzean: sarritan gertatu zait halakorik, liburu honetan. Anjel Lertxundik dioen bezala, “Narratzaileok badugu gertakariekin itsutzeko arriskua. Istorio bat kontatu beharrarekin. Baina gertaera batek, benetan interes eta esangura izan ditzan, gertaera hutsa baino haratagoko zerbait behar du: ikusi, entzun, ikasi eta sentitu egiten denaren mami halako bat. Bestela, anekdota hutsa da gertaera. Eta anekdotak, beren horretan, bitxikeria soil biluzia diren aldetik, ez dira literatura-‐gai” (Eskarmentuaren paperak, Alberdania 2009). Oso idazle gutxik lortzen du programa anbiziotsu hori betetzea, zer esanik ez. Eta Ez naiz ni honetan, Jaioren aurreko ipuin liburuetan bezala, aztarnak suma daitezke. Baina oraindik zerbait daukate soberan, edo zerbait faltan, helmugara iristeko. Irakurle honentzat, bederen.
deabruaren abokatua karmele jaio
"Kanona bihurtzeko askoz errazagoa nuke gizona banintz" Idazlea, prentsa arduraduna... Seme-‐alabek uzten diotenean egiten du lo. Sustrai Colina 2343. alea 2012-‐11-‐04 Zer moduz idazle zinematografikoen olinpoan? Auzokoak ez du jakin idazlea naizenik pelikula egingo dutela irakurri duen arte. Argi dago glamour eta oihartzun kontuan literaturan gabiltzanok ez daukagula zinearen aurrean zereginik. Orain, Urrezko Euskadi Saria edo Espainiako Sari Nazionalarekin egingo duzu amets... Edo ez... Auskalo. Hainbeste saltsarekin ez daukat argi. Kontuz ibili behar da sariekin, ametsa amesgaizto bihurtu daiteke eta. Esan zuen Sarrionandiak: norbaitek baliogabetu nahi bazaitu elefante zuria oparitzen dizula. Izan ere, puntako idazlea izateko aski da liburu onak idaztea, ezta? Puntako idazlea izatea asko saltzea eta komunikabideetan agertzea baldin bada, hor merkatuak eta marketinak eragin handia dute. Eta prestigioa lortzea baldin bada, kanona nork ezartzen duen baldintzatzen du. Guzti hori alde batera utzita, idazle ona izateko, liburu onak idatzi behar dira. Tira, euskaraz idazten duen emakume gasteiztarra izanik, askotan esango zizuten kanona bihurtzeko txartel guztiak dauzkazula. Kanona? Barka, kanona bihurtzeko askoz errazago nuke lehenik eta behin gizona banintz. Ez zenuen kanon hitza kuota hitzarekin nahastuko, ezta? Kuotak kuota, orijinaltasunaren saria merezi duzu. Liburu berria noizko eta Durangorako! Bai, ezta? Liburuetako gaietan ere ez omen naiz oso orijinala, baina norbaitek esan zuen bezala, idazleak beti gaude liburu bera idazten, behin eta berriz. Bota titular batzuk zure liburua irakurri gabe orriak bete beharko dituzten kazetari gaixoentzat. Liburuaren izenburua: Ez naiz ni. Ipuin liburua da. Aurrekoak baino luzeagoak atera zaizkit, eta umore eta sexu gehiago dago. Azken hori gehiago saltzeko esan dut, noski. Nahiko erraztu diet lana, ez? Ez da literaturaz hitz egitea komeni? Literaturaz baino gehiago literatur sisteman dauden beste hainbat osagairi buruz hitz egiten da. Eta uste dut azkenean horrek eragina izaten duela literatura egiteko moduan ere.
17
Eskerrak komunikazio arduradunak zaudeten kazetarion lana kontrolatzeko. Barka, “errazteko” esan nahi nuen. Kazetari asko eroso bizi da komunikazio arduradunen kontrolpean. Gaurko kazetaritza erredakziotik irten gabe egiten da, eta kazetari gehienek komunikazio bulegoen dependentzia handiegia dute. Liburuak irakurri gabe idazleak elkarrizketatzen dituen kazetaria larri ibiliko litzateke prentsa laburpenik gabe. Karmele Jaio / Idazlea "Zoriontasuna azkenean uneak dira, ez gauza absolutua" Mikel ASURMENDI Komunikazioa du lanbide, bizibide, baita bizipoza ere. Lekeitio eta Gasteiz, haurtzaroa eta nerabezaroa; aita eta ama... agertu zaizkigu elkarren artean jositako berbetan. Kresalaren usaina nahiz hiriko aire epela jaso ditugu gure solaskidearen ahotik. Amaren —eta aitaren— eskutik jasotako berbaroa eztia da bere jarduna, airean kulunkatzen den musika leuna. 1970ean jaioa zara. 40 urteko existentzia daramazu soinean. Zer “balantze” egiten duzu bizitzaz? Zaila egiten zait “balantze” bat egitea, baina esango nuke positiboa dela. Orain arte zorte handia izan dudala uste dut. Familia zoragarria daukat, idaztea gustatzen zait eta idatzi eta argitaratzeko aukera daukat, lagun onak ditut, eta noski, badaude egin edo lortu ezin izan ditudan gauzak, galdutako aukerak eta abar... Baina orokorrean urte hauetan une zoriontsu asko bizi izan ditut, ezin naiz kexatu. Zoriontasuna azkenean uneak baitira, ez gauza absolutu bat. Gasteizen jaioa eta bertan bizi izanak zer eman dio zure nortasunari? Eman dit, nik uste, gauzak ikuspuntu ezberdinetatik ikusteko erraztasuna. Txikitatik bi leku oso diferente ezagutu ditut sakonean, Lekeitio eta Gasteiz, eta txikitatik izan naiz kontziente gauzak leku ezberdinetan diferente izan daitezkeela. Horrek halako perspektiba eman dit. Halako malgutasuna iritziak eraikitzerako orduan. Gasteiz hizpide betiere, zein aldaketa dago 1970-‐1980 hamarkadatik 2000 urtez gerokoaren artean? Karmele nerabearen eta berrogei urtearen bueltan bizi denaren artean? Aldaketa izugarria izan da. Euskarari dagokionez, adibidez, nik gogoratzen dut amak norbait kalean inoiz euskaraz hitz egiten entzunez gero, gerturatu eta galdetzen ziola: euskalduna al zara? Kanadan euskaldun bat aurkitu izan balu bezala. Gure etxebizitzan, adibidez, gu “Los vascos” ginen. Euskara guztiz arrotza zen orduan Gasteizen eta gaur egun, gero eta euskara gehiago entzuten da kalean. Zerk eta zeinek eragin du zure nortasunean gehien? Gasteizko giroak, koadrilak, familiak... bestelakoek? Guztiek izan dute eragina niregan. Argi dago familian jaso duzun hezkuntzak eta bizi-‐ereduak eraikitzen duela zure nortasunaren bizkar hezurra, baina gero nire betiko lagunekin izandako harremanak ere izan du eragin handia. Nik uste dut bizitzan gertatzen zaizun guztiak duela eragina zure izateko moduan, nahiz eta batzuetan kontziente ez izan. Gurasoak, adibidez, zer —izan— dira zuretzat? Nik hogei urte besterik ez nituen nire aita hil zenean, baina haren itzala handia izan da. Oraindik gogoratzen ditut askotan nire aitak egindako gomendioak, eta bizitzaz egiten zituen hausnarketak. Pozik bizitzearen garrantzia azpimarratzen zuen beti. Adibidez, beti esaten zigun ikasketak oso inportanteak zirela, baina baita ere lagunekin ondo pasatzea, irtetea, baita parranda egitea ere. Eta gero, bada zer esan nire amaz... Nire amak nigan izan duen eta duen eragina oso-‐oso handia da, nik neuk uste baino handiagoa. Urteekin, gainera, gero eta antz handiagoa dugula konturatzen ari naiz. Ikasketak, lanbidea... Kazetari lanetan aritu zinen. Zer eman zizun lanbide horrek? Beste gauza askoren artean, azkar idazten irakatsi ninduen, eta harira joateko joera eman dit zerbait idazten dudanean. Laburtzeko eta sintetizatzeko gaitasuna ere bai. Kazetaritzan dudan eskarmentuaren eraginez, hitzaldi bat entzun edo artikulu bat irakurri eta ia konturatu gabe titularrak ateratzen ditut. Mezuaren muina bereizten ikasi dut kazetaritzarekin. Soberazko hitzak baztertzen.
18
Gerora, hainbat bulegotan, komunikazioaren arduraduna lanetan ari —izan— zara. Zer da komunikazioa zuretzat? Gure gizarteak gainditu behar duen ikasgai bat, arlo guztietan. Tresnak mila ditugu komunikatzeko, baina komunikazio falta izan daiteke, nik uste, gure gizarteak duen arazo handienetako bat. Komunikazio ezak arazoak sortzen ditu arlo guztietan: politika mailan, enpresa batean, etxean, familian, bikote harremanean, lagun arteko harremanean... Komunikazioa egonez gero, arazoak errazago konpondu daitezke. Pertsonen arteko inkomunikazioa inoiz baino handiago dela esan ohi dugu. Bat al zatoz, beraz? Guztiz. Gure harremanak azalean geratzen dira gehienetan. Denok ditugu buruan hainbat kezka, konpondu beharreko arazo eta abar, baina elkarrekin gaudenean azaleko gauzez aritzen gara, ez gara sakonera sartzen ausartzen. Benetan garrantzizkoak direnak barruan gordetzen ditugu. Zer ikasi duzu komunikazioaren esparruan? Zein dira komunikazioaren gakoak? Komunikazio on batek hartzailea oso kontutan hartu behar du. Mezu eraginkor bat sortu nahi izanez gero, hartzaile motari egokitu behar zaio. Marketin eta publizitate enpresek ondo dakite hori eta horregatik dute hain kontutan “target” delakoa zerbait komunikatu nahi dutenean. Bestetik, ahozko komunikazioari dagokionez, oso garrantzitsua da errepikapena. Entzuleak ez du irakurleak bezain ondo jasotzen mezua, gauza asko galtzen zaizkio bidean. Hau dela eta, hizlari onek mezua behin eta berriz errepikatzen dute. Zer esango duten aurreratzen dute lehenengo, gero esan behar zuten hori esaten dute, eta azkenik esan dutena gogoratzen bukatzen dute hitzaldia. Eta beste gako ezinbesteko bat edukia da. Ez dago komunikatzerik edukirik ez badago. Benetako komunikazioak edukia behar du. Bisuteriazko hitzek, apaingarri lana baino egiten ez duten horiek, ez dute benetan komunikatzeko balio. Zerbait esan beharra dago. Informazioa izatea da gaur egun lehengaia. Bat al zatoz? Informazioa duenak boterea du. Informazioa izatea eta hori behar bezala kudeatzea klabea da gaur eguneko gizartean. Emakumea eta idazlea Nola ikusten duzu euskal emakume idazlea? Gero eta emakume idazle gehiago ditugu gure artean, baina ez dezagun ahaztu oraindik ere gutxiengoa direla. Gizarteko beste arlo batzuetan gertatzen ari dena gertatzen ari da baita ere literaturan, emakumeen presentzia areagotuz doala. Baina arlo honetan eta une honetan, gure erronka nagusienetako bat, nik uste dut dela erakustea “emakumeen gaiak” deitzen diren horiek gai unibertsalak direla. Ez dira “gizonen gaiak” existitzen gai unibertsaltzat hartzen ditugulako. Aldiz, ematen du gai batzuk emakumeentzako direla bakarrik. Eta nik emakume baten bizi esperientziari buruz idazten dudanean giza esperientziaz ari naiz, orokorrean, emakume baten ikuspegitik ikusita, hori bai. Unibertsalak bezala onartuak ez diren arte, emakumeen unibertsoa erakusten duten lan horiek ez dira behar bezala baloratuko sekula ere. Idazle eta emakume binomioa galdera batean planteatzea egokia al da? Galderaren edukiaren arabera izango da egokia ala ez. Binomio hori agertzen duten galdera asko gure gizartean nagusi den ikuspegi maskulinotik egindakoak dira. Ez dakit konparazioa egokia den, baina nik uste dut euskararekin gertatzen den antzekoa dela. Egokia al da euskal idazle bati galdetzea zergatik idazten duen euskaraz, adibidez? Nik uste galdera hori gure gizartean nagusi den gazteleraren ikuspegitik dagoela eginda. Inork ez dio galdetzen La Oreja de Van Gogh taldeari zergatik abesten duen gaztelaniaz. Bada antzekoa gertatzen da beste kontu honekin ere. Inork ez dio galdetzen gizon idazle bati zergatik diren bere nobeletako protagonista gehienak gizonak, adibidez, eta guri egunero galdetzen digute. Merezi duen lekua al du emakumeak literaturan? Ez. Datuak errepasatzea nahikoa da horretaz konturatzeko. Nobel Literatura saria jaso duten ehundik gora pertsonen artean, uste dut hamabi bakarrik izan direla orain arte emakumeak, eta hauetako asko azkeneko urteetan sarituak izan dira. Berdin beste hainbat sarietan. Begiratu Euskadi Sarietako zerrenda, adibidez. Prestigioa nori eman erabakitzen den guneetan ere emakumeak gutxiengoa dira. Hemen ere bizitzaren beste arlo askotan gertatzen dena errepikatzen da. Karmele Jaio idazlea
19
2004an argitaratu zenuen lehen liburua, Hamabost zauri ipuin bilduma. Nolako idazle zinen orduan, eta nolakoa zara gaur egun? Zer balantze egiten duzu egin duzun bideaz? Urteekin, idazten eskarmentu handiagoa izateaz gain, gero eta gauza gehiago irakurtzen dituzu eta ikasten zoaz. Idaztearen esperientzia berak asko irakasten dizu, eta, noski, 2004tik hona nire idazteko modua aldatu da, edo, hobe esanda, eboluzio bat izan du. Aspaldi idatzitako ipuin horiek gaztelerara itzultzen ibili naiz azken boladan eta hor konturatu naiz horretaz. Kasu askotan pentsatu dut: gaur egun hau beste modu batera idatziko nuke. Ipuina eta nobela tartekatu dituzu. Zein duzu erosoago? Zergatik? Zein atseginagoa, eskerdunagoa? Nik beti esaten dut nire burua ikusten dudala gehiago ipuingile nobelagile baino. Ni ipuinak irakurtzen maitemindu nintzen literaturaz eta urte askotan ipuinak bakarrik idatzi izan ditut. Gero Amaren eskuak nobela idatzi nuen eta hor ikusi nuen zein ezberdinak diren bi generoak. Nire burutik pasatzen diren ideiek gehienetan ipuin forma hartzen dute, nire joera hori da. Eta ipuinetatik gehien gustatzen zaidana da iradokitzeko duten indarra. Ipuinak ez du dena esaten. Ipuinak hainbat gauza uzten ditu gerizpean eta idazleak lortu behar du izeberg-‐aren punta erakustearekin bakarrik, irakurleak behean dagoen izotz zati handi hori ikustea. Hor joko bat dago. Zentzu honetan, lehen nobela idatzi nuenean nire burua sentitu nuen gehiegi kontatzera behartuta, gauza gehiegi esplikatzera. Eta bestetik, nobelak behartzen zaitu perspektiba ondo gordetzeko ahalegina egiten. Oso lan diferenteak dira. Lan egiteko modua oso diferentea da nobela idatzi ala ipuinak idatzi. Ez dut uste bata bestea baino zailagoa denik, diferenteak dira. Amaren eskuak nobela gaztelaniara eta alemanerara itzuli izan dira Las manos de mi madre eta Mutters hände tituluekin. Kontatu iezaguzu esperientzia. Nobela zinera eramateko egitasmoa martxan da. Zer moduz doa egitasmoa? Nik beti esaten dut Amaren eskuak nobelak hainbat poz eman dizkidala. Nik idatzi nuenean espero ez nituenak. Oso harrera ona izan du euskal irakurleen artean, gaztelaniara itzuli nuen eta harrera ona izaten ari da hizkuntza honetan ere, alemanez argitaratu da baita ere, eta gainera nobelan oinarritutako pelikula bat egiteko egitasmoa martxan dago. Gazteleraz argitaratzea esperientzia polita izan da, eta alemanezko itzulpenak, besteak beste, Alemanian obra aurkezteko aukera eman dit, Frankfurt eta Berlinen. Konturatzen zara halakoetan literaturak ez duela mugarik. Zuk zure bakardadean idatzi duzun testu batek Berlineko pertsona baten mesanotxera arteko bidaia egin dezakeela. Leku intimo batetik beste leku intimo batera. Eta pelikularena esperientzia berria da niretzat. Konturatzen zara zineak bere legeak dituela eta gauza bera kontatzeko guztiz aldatu behar dela kontatzeko modua, asko aldatu behar da lan orijinala. Gidoia idazketa prozesuan dago orain eta asmoa da 2011. urtean grabatzea pelikula. Idazle saritua zara. Zer da saria zuretzat? Sariak ez dira denak berdinak, baina egia da sari gehienek funtsean marketin funtzioa betetzen dutela. Sari batek liburu baten bizitza luzatu egiten du eta kontuan izanik liburuen bizitza gero eta laburragoa dela (gero eta azkarrago bihurtzen da nobedade bat liburu zaharra) ba honen bizitza luzatzeko tresna bezala ulertu behar da. Baina, esan bezala, sari denak ez dira berdinak. Zentzu honetan, nik uste oso eraginkorra dela bekaren formula, adibidez. Igartza beka hor dago, edota Elkarlanean Fundazioak ematen dituenak. Honek aukera ematen dio idazle hasiberriari bere lana gutxieneko baldintza batzuekin idatzi ahal izateko. Euskal literatura, oro har Nola bizi duzu literaturaren ingurua: liburuen promozioa, aurkezpena, hedabideetan lekua, kritikak, Euskadi Saria... Espainiako literatur saria... Behin sari garrantzitsu bat irabazi zuen idazle bati entzun nion “idazle” bihurtu denetik ez duela idazteko denborarik: promozioa zela, elkarrizketak zirela, hitzaldiak... Literaturaz kanpoko kontuek askotan denbora asko kentzen diote idazleari. Elkarrizketak eta hitzaldiak gure lanaren parte era badira eta horiek arazo gabe egiten ditut, baina egia da nahiko urrunetik ikusten ditudala bestelako eztabaidak, literaturaren inguruan sortzen direnak eta askotan literaturarekin baino beste kontu batzuekin zerikusia dutenak. Gainera kosta egiten zait iritzi kategorikoak ematen zenbait gaiei buruz, izan ere, zalantza baita nagusi nire buruan.
20
Zer deritzozu euskal literaturaz egiten den kritika? Kritika deitzerik badago, behintzat? Hemen ere ez daukat iritzi kategorikorik. Baina bai sumatzen dut prentsan argitaratzen diren kritiken kasuan kazetaritzan jeneralean gertatzen den gauza bera gertatzen dela. Nik uste dut kritikarien lan baldintzak hobetuko balirateke kritika hobeagoa izango genukeela medioetan, profesionalagoa. Ezin da kritika sistema profesional bat eraiki, kritikariek ia modu militante batean egin behar badute lan. Euren lana baloratzeko modu bat lan baldintza duinak eskaintzea da. Eta hortik abiatuta agian hasiko ginateke kritika benetan profesionalaz hitz egiten. “Gure etxebizitzan, gu “Los vascos” ginen. Euskara guztiz arrotza zen orduan Gasteizen eta gaur egun, gero eta euskara gehiago entzuten da kalean”. “Komunikazio ezak arazoak sortzen ditu arlo guztietan: politika mailan, enpresa batean, etxean, familian, bikote harremanean, lagun arteko harremanean... Komunikazioa egonez gero, arazoak errazago konpondu daitezke”. “Unibertsalak bezala onartuak ez diren arte, emakumeen unibertsoa erakusten duten lan horiek ez dira behar bezala baloratuko sekula ere”. “Egokia al da euskal idazle bati galdetzea zergatik idazten duen euskaraz, adibidez? Nik uste galdera hori gure gizartean nagusi den gazteleraren ikuspegitik dagoela eginda”. “Nik uste dut kritikarien lan baldintzak hobetuko balirateke kritika hobeagoa izango genukeela medioetan, profesionalagoa. Ezin da kritika sistema profesional bat eraiki, kritikariek ia modu militante batean egin behar badute lan”.